Soziolinguistika Klusterrak, beste urte batez, eta Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez, euskararen normalizazioan bide-erakusle diren erakundeen ereduen berri eman du. Liburua pdf formatuan hemen eskura daiteke.

Eredugarri den erakunde horietako bat Koniker da, xaflak konformatzeko makina-erreminta sektorerako lanak egiten dituen Aretxabaletako kooperatiba. Bere bezeroak inguruko zenbait kooperatiba dira (Fagor Arrasate, Mondragon Assembly…) eta kooperatiba horien beharrei erantzuteko IGB proiektuak garatzen dituzte bertan.

Zehazki, honako hauek dira lantzen dituzten proiektu nagusiak: 1) I+G proiektuen garapena (konformazioa eta mihiztadura prozesuekin lotutako teknologia berriak); 2) instalazio eta prozesu berriak garatzea; 3) diru-laguntzak kudeatzea (SPRI, Europakoak); 4) makinen segurtasun proiektuak; 5) zaintza teknologikoa; 6) simulazio estrukturalak.

Mahai ingurua – Normalizazio kasu aurreratuak from Soziolinguistika Klusterra on Vimeo.

Konikerren 2006an abiatu zen euskara plana; urte hauetan guztietan erdietsitako lorpen ikusgarriak bertako langileek euskararen aldeko aukerak aprobetxatzeagatik eta erronkan tinko mantentzeagatik lortu ahal izan dira.

Euskarak Konikerren izan duen bilakaeran honako hauek izan dira mugarri aipagarrienak:

a) Kudeatzaile nagusia aldatzea egokitu zenean, kudeatzaile berria euskalduna eta euskararentzat eredugarri izatea eskatu zuten langileek.

Aurreko kudeatzailea erdal hiztuna zen, eta euskara planaren baitan egiten ziren ekintzak nahiko oinarrizkoak ziren. Kudeatzailea aldatu zenean, langileek organoei ohartarazi zieten zein garrantzitsua zen kudeatzaileak euskaraz jakitea; horren harira, kudeatzaile berria hautatua izan zenean, berari ere eman zioten euskarak zuen garrantziaren berri. Lanketa horrek eman zituen bere fruituak, kudeatzaile berriak euskara plana bere gain hartu eta bilerak euskaraz egiten hasi baitzen.

b) Bezeroekin egiten ditugun proiektuetan aukerak ikusten ditugunean, aukera horiek aprobetxatu eta salto egiten dugu.

Euskararen trataera egoki bat lortzera begira, trakzio lana Konikerrek egiten du. Horrela, aukera ematen duten bezeroekin IGB proiektuak euskaraz egiten dira, eta bere bazkideekin ere gaia sustatzen da (Mondragon Unibertsitatearekin, Idekorekin…).  Adibidez, SPRIra zenbait proiektu euskara hutsez bidali izan dira urtero.

c) Kongresuetan aurkezpenak euskaraz eginda, gure irudi euskalduna sustatzen dugu.

Sektoreko jardunaldiak eta konferentziak erakustoki ederra dira euskara plana inplementatzearen garrantzia ikustarazteko. Konikerrek bere aurkezpenak euskaraz egiten ditu; horrela, gainerako enpresek ikusten dute guk gure jakintza euskaraz garatzen ari garela.

Bidaltzailea:  Unai Argarate (Koniker-eko Euskara Batzordeko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistika Klusterrak, EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan egin duen esperientzia pilotua da ALDAHITZ. 2014an EAEko hiru lantegitan jarri zen martxan, horietako bat Fagor Arrasate Markinan; EHUko irakasle den Pello Jauregi doktoreak zuzendu zuen, Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolaren laguntzaz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/samsteele/2840859065

Interbentzioa aplikatzen zen lantegian dinamika berri bat sortzea zen helburua, lankideen arteko eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko aukera emango zuena. Hain zuzen ere, Automatismoetako Departamentuan horrelako dinamika baten bila genbiltzan aspalditik, ezagutza oso altua izan arren, erabilerarekiko kezka baitzegoen. Gainera, interbentzioko baldintzak betetzen zituen departamentu horrek, euskarazko ezagutza edo ulermen maila langile guztiek zutelako eta esperientzia hori garatzeko erabakia aho batez hartu zutelako.

Lehenengo, denen oniritziz, EUSLEAK aukeratu ziren, hau da, esperientziak irauten zuen bitartean barruko harremanetan euskarazko jardunari eutsiko ziotenak. Hori da, hain zuzen ere, egitasmo honen metodologia edo ardatza: EUSLEEK eguneroko jardunean euskarari eustea. Lehen hilabeterako, 15 langileren artean 2 eusle aukeratu ziren eta beste 2 bigarren hilabeterako. Horrekin batera, beraien artean koordinatzaile bat hautatu zen datuak bidaltzeko. Jarraian, langileen arteko hizkuntza-ohiturak modu aitortuan jasotzeko lehen mintzagrama egin zen. Bi hilabeteko interbentzioa bukatu zenean 2. mintzagrama osatu zuten. Hiru hilabetetako etena egin, eta 3. mintzagrama egin zen. Emaitza:

Grafikoa

Balorazioa oso positiboa izan zen hasierako erronka bete zelako eta interbentzioak emaitza onak eman zituelako: 8 puntuko igoera. Bestalde, dinamika sinplea izateak ere asko lagundu zuela aipatu ziguten langileek. 2015ean ere ALDAHITZeko dinamikak jarraipena izango du eta bertan parte hartuko dugu.

Bidaltzailea: Jose Mari Legarra (Fagor Arrasateko Muntaketa Elektrikoetako talde burua)

Irakurtzen jarraitu...

Emunen Euskal Herrian azken urtean hizkuntzaren soziologian izan diren gogoeta, diskurtso eta ikuspegi berritzaileenak jaso eta lan munduaren euskalduntzearekin erkatu nahi izan ditugu. Saio horretako ondorio batzuk zuekin partekatu nahi izan ditugu. Honakoak dira saio horretatik atera ditugun burubide eta galdera nagusiak.

Lana euskalduntzea euskalgintzako ohiko diskurtsoan ez da nabarmenen agertzen den elementua. Gure ustez, egunerokoan duen pisua aintza hartuta, ez litzateke horrela izan behar. Gainera, horren ondorioz diskurtsoan ere igarri egiten da: diskurtso bateratu bat falta dela sumatzen dugu han eta hemen.

Hausnarketa estrategikoa beharrezkoa da alor honetan ere. Nora goaz? Zein izan beharko litzateke aurrera begirako estrategia? Egokiak diren foroetan honen inguruan eztabaidatu beharko litzateke eta akordioetara iritsi.

Eta martxan dauden enpresetan zeintzuk izan beharko lirateke aurrera begirako jopuntuak? Non jarri indarra? Zeri eman garrantzia?

Galdera asko, korapilo dezente. Ea txiri-txiri askatzen ditugun.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistikaren inguruko ezagutza lantzeko egin genuen mintegian landutako laugarren eta azken hitzaldia Pako Aristirena izan zen. Lehena Jon Sarasuarena izan zen, bigarrena Lorea Agirrerenaeta hirugarrena Kike Amonarrizena.

Pako Aristi hitzaldia from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistikaren inguruko ezagutza lantzeko egin genuen mintegian landutako hirugarren hitzaldia Kike Amonarrizena izan zen. Bertan aipatutako hainbat ideia jaso ditugu azpian. Lehen saioa Jon Sarasuarena izan zen eta bigarrena Lorea Agirrerena.

Kike Amonarrizen hitzaldia from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...