Soziolinguistika Klusterrak oraintsu aurkeztu du Aldahitz izeneko ikerketa. Horren emaitzak ikusgai daude euren webgunean.

Ikerketa 2010 eta 2011. urteetan zehar garatu da, lan munduan, eta tipologia jakin bateko langileen kasuak izan ditu aztergai: heldu zirela euskara ikasi, eta lankideekin euskaraz egiterainoko ohitura finkatu duten langileak.

Ikerketa kualitatiboa izan da eta bi gai aztertu ditu bereziki: langileek bere lankideekin eguneroko hizkuntzan gaztelaniatik euskarara egin dituzten ohitura-aldaketa prozesuak batetik, eta horrekin batera, langile horiek euskara ikasteko nolako bidea egin duten.

Soziolinguistika Klusterrak proiektu hau AEK-Ahize, Elhuyar Aholkularitza, Emun Koop. E., Hernaniko Udala eta Eusko Jaurlaritzako HPSrekin lankidetzan garatu du. Pello Jauregi irakaslea (EHU) izan da zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du.

Bidaltzailea: lantalan
Irakurtzen jarraitu...

Tallers per la llengua elkarteak Torrelaviten, Penedes eskualdean, I Jornada de reflexió per la transformació dels hàbits lingüístics jardunaldia antolatu zuen urriaren 22an. Bertan Herrialde Katalanetako hainbat aditu eta hizkuntza teknikari elkartu ginen hizkuntza ohituren inguruan eztabaidatzeko eta etorkizunerako lan ildoak zehazteko. Guztira 50 pertsona baino gehiago elkartu ginen. Tallerseko lagunek gonbidatuta, Euskal Herritik EMUNeko lankideak, Topaguneko eta Soziolinguistika Klusterreko kideak eta gaiarekin interesatuak diren beste zenbait kide bertaratu ginen.

Tallers per la llenguako webgunean jardunaldiaren berri eman dute, baita David Vilak bere blogean ere.

Jardunaldia interesgarria eta berritzailea izan zen. Goizean hasierako agurra eman ziguten David Vilak (Tallers per la Llenguako lehendakariordea), Ramon Riera i Bruch (Torrelaviteko alkatea) eta Yvonne Griley Kataluniako Hizkuntza Politikako zuzendari orokorrak. Ondoren Tallers per la Llenguako lehendakariak, Ferran Suayk, jardunaldia gidatu zuen, jardunaldien ardatza hainbat galdera zehatzen inguruan gorpuztuz. Egindako galderak bildutako adituek erantzun zituzten labur-labur eta gero entzuleei aukera eman zitzaien beraien iritzia emateko. Maila altuko hainbat hizlari gonbidatu zituzten jardunaldira: Xabier Vila (Centre Universitari de Sociolingüística y Comunicació-ko zuzendaria), Carme Junyent (Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea), Jordi Solé Camardons (soziolinguistikako hainbat libururen idazlea), Alfons Esteve (Valentziako Unibertsitateko Hizkuntza politikako zuzendaria), Pere Mayans (soziolinguista eta Katalana eta literaturako katedratikoa), Dariana Groza (voluntariar lingüístic d’Escola Valencianako koordinatzailea) eta Nel Vidal (Galiziako Coordinadora de Traballadores/as de Normalización de Linguako lehendakaria).

Goizekoa bukatu eta gero bazkaltzera joan ginen, indarrak hartu behar baikenituen arratsaldean jarraitzeko. Arratsaldeko saioan talde lanean jardun genuen. Taldeka hainbat galdera erantzuten saiatu ginen eta ondoren partaide guztien aurrean aurkeztu genituen ondoriok.

Aztertutako gaiak eta planteatutako erantzunak normalizazio bidean dagoen edozein hizkuntzari aplikatu dakizkiokeenez, hemen dituzue hainbat ideia:

Zein mezu motak eragiten ditu hizkuntza ohiturak?

  • Jendearengan hizkuntza aldaketak sortu ahal izateko pertsona talde bakoitzaren baloreei egokitutako mezuak behar dira.
  • Integrazio beharra da hizkuntza ohiturak aldatzeko motor garrantzitsua.
  • Testuinguru berriak izaten dira aldaketarako uneak: lan sail berri batean sartzea, bikote berri bat, une historiko jakin bat…
  • Etorri berriei egiten zaien harrera erabakigarria da beraien hizkuntza ohiturak finkatzerakoan.

Aurreiritziei (katalana ez da beharrezkoa Katalunian bizitzeko, burgesia/pijoen hizkuntza da, katalana derrigorrezkoa da) nola aurre egin?

  • Bertako hizkuntza errespetatzea ez da eztabaidagarria, egin beharreko gauza baizik.
  • Pertsona aukeren berdintasuna bermatzeko balio du bertako hizkuntza ezagutzeak.
  • Buelta eman behar zaio derrigorrezkotasunaren kontuari: bertako hizkuntzen alde ari garenak askatasunaren alde ari gara. Hizkuntzaren ezagutzak derrigorrezkoa izan behar du… askatasuna egon dadin. Askatasunaren aldeko diskurtsoa geureganatu behar dugu bertako hizkuntzen aldekook.

Zeintzuk dira hizkuntza ohituretan eragiteko eredu eraginkorrenak?

  • Pertsona bakoitza hizkuntza ohituren eredu da eta garrantzi handia du eremu ez formalak (bakoitzak bere bizitza pribatuan egiten duenak).
  • Bertako hizkuntza ikasi duten atzerritarrak eredu onak dira.

Katalana politizatu ala despolitizatu egin behar da?

  • Normalean, hizkuntza bat ideologikoki konnotatzea izaten da berau desagerrarazteko estrategietako bat.

TELP tailerren ebaluazioa: Posible da tailerren eragina kuantifikatzea?

  • Normalean interakzioetan norbere hizkuntza mantentzeari bi hilabetez eusten bazaio, lortzen da jokaera automatikoa egitea.

Jardunaldia bukatu eta gero, Torrelaviteko Pardas bodegako bi ardogileek upategia erakutsi ziguten eta hainbat xehetasun eman ziguten bertako ardoen inguruan. Pare bat ardo probatzeko aukera ere izan genuen. Eguna ondo bukatzeko, Euskal Herritik bertaratutakook eta Tallerseko hainbat lagunek adiskidantzako afaria egin genuen bodegan bertan. Suaren inguruan kontu kontari aritu ginen gauera arte.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Tallers per la Llenguako lagunei jardunaldi interesgarri honetan parte hartzeko aukera eman digutelako eta baita egin diguten harrera on eta beroagatik, ezin hobeto zaindu gaituzte eta.

Moltes gràcies per tot i fins aviat amics!

Bidaltzailea: Larraitz Madinabeitia, Josu Larrea eta Juanjo Ruiz, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Zer egin …? liburuaren gomendioak jarraituko ditugu ekartzen blog honetara. Oraingo honetan seigarren gomendio sorta.

Aurreko gomendioak:

Norbaitek erdaraz egiten badit, euskaraz erantzun diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Solaskideak ez didala ulertzen esan dit edo/eta erdaraz egiteko eskatu dit. Zer egin?

Administrazio publikoko edozein bulegotan egin dezaket euskaraz?

Zer egin? Kontsumitzaile gisa (I)

Zer egin? Kontsumitzaile gisa (II)

Liburu, pelikula, software edo beste produktu baten euskarazko bertsioa erosterakoan beti eskatu egin behar izaten dut dendan; sekula ez dute izaten bistan. Zer egin?

Irakurtzen jarraitu...