Argi daukagu Emunen egiten dugun lana aurrera eramateko, behar-beharrezkoa dugula soziolinguistikaren inguruan egunero ikasten jarraitzea. Bide horretan, 20 emunkide elkartu ginen, iaz AEDk Arrasaten antolatu zituen hitzaldiak ikusi eta aztertzeko (Jon Sarasua, Lorea Agirre, Kike Amonarriz eta Pako Aristi). Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu AEDri eta Goienari material interesgarri horiek eskura jartzeagatik. Guk ere, irekitasun horri gure ekarpentxoa egiteko, hemen jasoko ditugu goiz emankor horretan ateratako hainbat ondorio.

Jon Sarasuaren hitzaldia aztertutakoan, aipatu ziren hainbat ideia laburbildu ditugu azpian.

Hitzaldiak (AED): Jon Sarasua from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Nola da posible naturarekin hain sentibera den gizartea hain krudela izatea gizakiak berak sortu dituen hizkuntzekin? Hizkuntzak ez dira, izaki bizidunak bezala, jaio-bizi-hiltzen modu naturalean, halabeharrez; euren ekosistema soziolinguistikoa hausten delako baizik.

Hausnarketa horretatik abiatuta, hitzaldi interesgarriak entzun ditugu Donostiako Miramar jauregian, EHUren udako ikastaroetan. Ikusi dugu hizkuntzak berreskuratzeko prozesuan ekarpen ona egin dezakeela hizkuntza-ekologiaren paradigmak, bai errealitatea azaltzeko orduan, eta baita errealitatea aldatzeko edo eragiteko orduan ere.

Hizkuntza ekologiak, funtsean, hizkuntzak “bere ingurunean” aztertzen ditu, bere ekosisteman. Eta, naturan bezala, desorekak agertzen direnean, ingurunean eragitea eskatzen du. Mundua jasaten ari den hizkuntza-aniztasunaren galeraren aurrean aukera ona izan daiteke honako hau hizkuntza/kultura gutxituak indarberritzeko. Horrek, baina, mundua antolatzeko beste modu bat eskatzen du, eta paradigma edo ikuspegia aldatzea eskatzen digu denoi: hizkuntza gutxituetako hiztunoi eragiten digu zuzenean, eta baita munduan nagusitu diren beste hizkuntza “handietako” hiztunei ere.

  • Belen Urangak (Soziolinguistika Klusterra) esan digu hizkuntza ekologia zientzia bat dela eta etika-balioetan oinarritzen dela. Hizkuntzen galeraren arrazoi nagusien berri ere eman digu, eta maila teorikoko balizko erantzunak ere proposatu ditu.
  • Carme Junyent linguista katalanak hizkuntza-heriotzaren inguruko adibideak azaldu ditu eta berebiziko garrantzia eman dio transmisioari. Behin transmisioa etenda, oso zaila da transmisio naturala berriz ere berreskuratzea. Hizkuntzaren eta lurraldearen arteko harremanaren garrantzian ere sakondu du, hizkuntza birlandatzearen nozioa azalduz. Komunitate eleanitzak defendatu ditu, kanpoko erasoei aurre egin eta hizkuntza propioari eusteko ahalmen handiena dutenak direlako. Amaitzeko, gizarteak hizkuntza-aniztasunaz kontzientzia hartzeko eta hizkuntzek euren artean dituzten elkarreraginak (maileguak,…) bistaratzeko ekimen arrakastatsuak aurkeztu ditu: lehiaketak, erakusketak… Horrela lor daiteke, bere ustez, hizkuntzen arteko errespetua gizarteratzea. Finean, hiru mezu: egungo gizarteak eleanitzak direla, aniztasuna ona dela, eta aniztasunean elkarrekin bizitzea posible dela.
  • Iñaki Markok (EHU) komunitatearen gizarte erantzukizunean sakontzeko proposamen teoriko zehatza ekarri digu. Ekologiaren diskurtsoa gizarteak onartu duen moduan, hizkuntzen kasurako ere printzipio etiko modura Hizkuntzaren Gizarte Erantzukizunaren ideia garatzea proposatu du. Kontzientzia komunitarioa zabaltzeko bidean, “pertsonok ardura sozialak dauzkagu, eta horiek eskubide pertsonalen gainetik daude”. Hau da, “autoa garbitzeko daukadan eskubidearen gainetik dago autoa errekan ez garbitzeko betebeharra”; analogia bera egin daiteke hizkuntzekin. Horretarako, eredu ekosoziolinguistikoak sortu behar direla aipatu du Markok, eta euskararentzako garapen-eredu ekologiko baterako sistema osoa aurkeztu digu: diskurtsoa sozializatu, arnasguneak sortu, lurraldeak hizkuntza-biotopo izendatu (UEMA), autogarapena indartu, subisidiaritatearen printzipioa eta euskararentzako funtzio esklusiboen ideia aplikatu… Horri guztiari marketin positiboa gehituz eta onura integralaren ideia zabalduz.
  • Imanol Miner-ek (Kutxa) azaldu digu Gipuzkoatik nazioartera zabaltzeko ibilbidean hizkuntza kudeaketak KUTXAn izan duen garapena. 2007an Kudeaketa Etikorako Sistema araudia aplikatu eta EFQM ereduarekin lotu zuten, hizkuntzak modu proaktiboan kudeatzen hastea lortzeraino. Eta apustu estrategiko modura, Ekogunea izeneko zentroa sortzen dihardute Donostialdeko Zabalegi gunean: 9 ildo estrategikotatik bat hizkuntza ekologiari dedikatutakoa izango da. Etorkizunean, hizkuntzak interes-talde guztiak kontuan hartuta kudeatzea da euren erronka, eta kutxen bateratze-prozesua izango da benetako erronka.
  • Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitatea) balio multzo batean oinarritutako etika bat bezala planteatu du hizkuntza ekologia, eta, sakonean, errealitatearen aurrean erreberentzia jarrera bat eta zaintzeko hautu bat dago. Garatzen ari den jakintza-adar horretatik begiratuta, euskalduntasunaren bidea aztertu eta etorkizunerako estrategiak planteatu ditu Sarasuak.
    Gaur egun, gazteek, euskaraz biziko badira, hautu kontzientea egin beharra daukate (euskarak balio erantsiren bat ematen badio bakarrik hautatuko du euskara), eta borondate/ahalegin berezi hori elikatu beharra dago. Kulturgintza izan daiteke horretarako erregai sinbolikoa.

Baina, nola gaude? Euskararen diagnostikoa egiteko, arrangura errealista (gaixo gaude) eta egindakoaren dimentsio erreala (aurrerapen itzelak) kontuan hartu behar dira. Munduko hizkuntza minorizatuen plazan zer erakutsia badaukagu, bere ustez.

Eta nora goaz? Euskara ez da iritsiko hizkuntza hegemoniko nazional izatera (duela 40 urteko ametsa faltsua zen). Balizko “elebitasun sozial orekatua” ere faltsua da eta euskara desorekatzera joko du beti. Hortaz, komunitate modura irauteko estrategia euskararen hegemoniatik eleaniztasunera zabaltzea da. Hiru estrategia proposatu ditu:

  • Komunitate modura izaten eta saretzen asmatu beharra, gure kondizio minorizatua onartuz.
  • Gune hegemoniko batzuk sortu edo irabaztea euskararentzat (adibidez, unibertsitatea, telebista…), hiztun osoak sortzeko eta transmisioak jarraitzeko.
  • Arlo soziolinguistikoan belaunaldi berri bat prestatzen eta politizatzen hastea, etorkizunean agenda politikoan hizkuntzaren gaia sartu eta adostasuna lortzeko.

Kritiko agertu da Sarasua euskararen normalizazioan agente ezberdinek egin duten bidearekin, eta uste baino arrakalatuago gaudela aipatu du. Hala ere, esan du aurrera egiteko pieza guztiak ditugula, eta komunitate modura artikulatzea dela falta dena. Hortaz, metaforikoki duela 40 urte amestu zuten une edo egoera berean omen gaude, eta ametsa ondo marrazten asmatu behar omen dugu oraingoan. Horretarako, gizarte-ehun gertukoaren igurtzia klabea izango omen da.

Amaitzeko, mahai-inguruan Patxi Baztarrika eta Iñaki Martinez de Luna gehitu zaizkio Jon Sarasuari, eta hausnarketa interesgarriak utzi dizkigute. Laburbilduz, batek eta besteak aipatutakoak batuz, ondorio hau atera liteke:

  • Komunitate ezberdinen arteko bizikidetza lortzeko diskurtso baliagarria eta indartsua da hizkuntza ekologiarena
  • Beharrezkoa da diskurtso hori gizarteratzea eta hizkuntzen mekanismoak ezagutzera emateko heziketa soziolinguistikoa bultzatzea
  • Negoziazioaren bidetik etorri behar du adostasunak
  • Elebakartasuna ez da etikoki onargarria (bizikidetza-arrazoiengatik)
  • Eta euskararentzat hegemonia-gune partzialak sortzea edo euskarari lehentasunezko funtzioak ematea izan behar da helburua
Bidaltzailea: Abel Irizar eta Ruben Beitia, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatutako Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak topaketak eduki mamitsuak eta zer hausnartua utzi dizkie Azpeitian bildutakoei (2011-04-14).

Gai nagusiak UEMAren 20 urteko ibilbidea eta hizkuntza ekologia izan dira. Hizkuntz ekologiaz, Albert Bastardas i Boada Bartzelonako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza arloko irakasle katedraduna aritu da, eta bioaniztasunaren eta hizkuntz aniztasunaren analogia egin du. Topaketan, Eusko Ikaskuntza, Kutxa eta Soziolinguistika Klusterrak eman dute laguntza, eta 80 bat parte-hartzaile izan dira, Euskal Herrian euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta taldeetakoak: hautetsiak, euskalgintzako kideak, erakunde publikoetako ordezkariak… Gainerako hizlariek eta entzuleek ere bioaniztasunaren diskurtso hizkuntzalaritzalara eramateko ekarpenak egin dituzte.

Jon Bollar UEMAko lehendakariak emandako datuekin argi geratu da 20 urteko ibilbidearen baitan handitzeko joera izan duela UEMAk: 1991tik 72 udalerri egon dira une batean edo bestean mankomunitatean, eta, gaur egun, 60 udalerri daude.

Irakurtzen jarraitu...

Lan munduaren ikuspegia bertaratu zuten Fagor Etxetresna Elektrikoak, Kutxak eta EMUN kooperatibak azaroaren 19an, Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan, Hizkuntzen ekologia eta garapen iraunkorraren inguruan aurkeztutako lanen laburpenen gainean eginiko mahai inguruan.

Kongresua Gasteizen egin zen, azaroaren 18,19 eta 20an, “Gizarte aurrerapen iraunkorreko berrikuntza” lelopean.

Irakurtzen jarraitu...

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua aurten ospatuko da, 2009ko azaroaren 18, 19 eta 20an Gasteizko Europa Jauregian. Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza izenburu duela, kongresuaren gaia 9 ardatzetan banatzen da:

. Berrikuntza

. Bizi kalitatea

. Genero sistema

. Gizarte memoria

. Gizarte solidarioa

. Gizarte tentsioa

. Globalizazioa

. Guztionari balio handiagoa ematea

. Justizia

Irakurtzen jarraitu...