CTNL osatzen duten hizkuntza teknikariek ekimen berri bat jarri zuten abian iaz: Viveiro. Mintegi honekin lortu nahi dituzte han-hemenka proposamen normalizatzaileak martxan jarri. Horretarako deialdi zabala egiten dute urtean behin euren webgunearen bidez. Jendeak proposamenak botatzen ditu eta gero horiek aurrera eramateko lan-taldeak jartzen dira martxan. Erraz eta sinple.

Baina gure hitzekin baino, hobe da Viveiro-ko arduraduna den Queca Carballoren hitzetan entzutea.

Viveiro: proposamen normalizatzaileen mintegia Galizia aldean from Emun_hizkuntzak on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Carballon Txepetxi egin genion elkarrizketaren bigarren zatia dakargu gaurkoan.

Txepetxekin berbetan (1)

Galdera: Gaur egun zure liburuak eskuratzeko arazoak daude; berriro liburutegietan jartzeko aukerarik ba al dago?

Txepetx: Dinamika orokorra da: liburu asko azkar deskatalogatzen dira. Bizitza eta Hitza Fundaziotik pentsatu genuen argitara ematea, baina karga profesionala handia zen eta ez da argitara eman. Bideratu beharko litzateke beste moduren bat liburuak eskuragarri egon daitezen.

Galdera: Euskarak zeresana lortu behar duela esan duzu goizeko saioan. Gero eta gehiago erabiltzen da, baina gero eta gutxiago esateko. Bihotzik gabeko hizkuntza komunitatea da gurea gero eta gehiago. Horri lotuta, guk askotan ere gauza bertsua ikusi dugu. Funtzio formaletan euskarak aurrera darrai, baina informalenetan, intimoenetan, ordea, ez. Ura bodegatan sartzen ari zaigu: familian, lagunartean, herririk euskaldunenetan, …

Txepetx: Euskara, galegoa eta katalana konstante antzeko batean daude: hizkuntza intermedioak dira, azkarrak baina ez burutsuak; sortzaile/produktore burutsu gutxi eta bitartekari azkar asko dago. Arlo politiko-ekonomikoan gertatzen dena hizkuntzarekin gertatzen da.

Ekonomia kolapso egoeran dago eta burutsua izan behar da egoera gainditzeko; bidezko merkataritzak bizitza laguntzen du, pozoindu gabeko produktuekin dihardu. Denda txikiek ezin die handiei aurre egin; bitartekariak iraunarazteak ekoizleak pobretzen ditu.

Iparraldeko egoeran pastorala adibide ona da: hizkuntza mantentzeko bitarteko bizia da. Harremanak sortzen ditu, hizkuntza mantentzen duzu, hizkuntza ikasteko metodoa da. Kohesioa sortzen du ikasketan, denok dira horren partaide. Kohesioa dator erabileratik. Ezagutza horren arabera eraiki behar da. Eta ezagutza lortzen da. Eta horrek sortu behar du transmisioa modu naturalean. Eta hor ez dago barne diglosiarik, batua eta zubereraren artean.

Jantzi hori izanez gero, zubiak sortu ditzakezu. Bestela ez. Adibidez, bertsolariek sortu dituztenak. Eredu malgu horiek eredu zurrunek ordezkatu dituzte; eredu zurrunek eskasia eta pobrezia adierazten dute, gainera. Eta, aldiz, eredu malguak aniztasuna sortzen du. “O esto o nada”rekin motibazioa apurtu egiten da.

Galdera: erabileran gazteak kezka iturri dira euskararen erabilera txikiagatik.

Txepetx: Erreleboa falta da ia gizarte-eremu guztietan. Zergatik ez da erreleboa ematen? Gaur egun ditugun informazioa transmititzeko mekanismoak (eskola, egunkariak, alderdi politikoak, …) XIX. mendean sortu zirenak dira, XIX. mendekoenak XXI. mendekoei emanak. Berandu helduko gara. Denbora azkartu egin da: informazioa eta lurraren narriadura.
Bestearen lekuan jartzen garenean zaborra saltzen ari garela konturatzen gara. Gazteei galderak egin behar zaizkie: lehen galdera hauxe da: Zer amets duzue? Bigarrena: zure amets horretan denontzako tokirik ba al dago? Eta erantzuna baiezkoa baldin bada, hirugarren galdera: zein tresna behar duzue gugandik horretarako? Eta horietatik zein eman dezakegu guk erabaki.

Hizkuntzak gozamenerako balio behar du, bizirik egoteko plazerarekin lotuz, beraiekin eginez eta beraien beharretara egokituz. Prozesua gazteek beraiek egin behar dute, euren bizitzen protagonistak bihurtuz, geuk geureena izan ginen bezainbeste.

Galdera: Kontuan hartuta elebitasun orekatu betierekorik ez dela posible eta gaur egun etengabeko hizkuntza ukipenean bizi garela, nola antolatu lurraldeak (gune geografikoak), hizkuntzen funtzio-banaketa, pertsonen/hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen hegemonia-premia (hizkuntza minorizatuek aurrera egiteko nahitaezko arnasguneak behar baitituzte)? Adorez eta atseginez mintegiko oinarrizko printzipio hura (Lurralde bakoitzean hizkuntza bat, eta hizkuntza bat lurralde bakoitzean) posible al da gaur egungo globalizazio garaian?

Txepetx: Herri linguistikoak kokapen fisikoa behar du, baina ez da bere espazio bakarra. Espazio birtuala ere hizkuntza baten espazioa da. Euskararen funtzio guztiak euskaraz egin daitezke, gaur egun, Australian. Horrek garai bateko traba kendu behar digu, orain 30 urteko traba, hain zuzen ere. Immigrazioak sortzen duen beldurra gehiegizkoa da, beraz.

Ereduak kopiatu beharrean berezko modeloak bultzatu behar dira, geneukana, oinarrizkoa galdu gabe. Levanteko kostaldeko herri batzuetan hizkuntza anitz elkarbizi dira (ondo ezagutzen dudan batean, esaterako, 35 hizkuntza: Europako, Afrikako eta Asiakoak). Bizitzaren amaieran daudenek ez dute hizkuntza ikasten, beraien komunitatean bizi dira. Elebidunez -beraien bilobak, gehienetan- baliatzen dira beraien beharrak asetzeko. Haur horiek gutxienez hiru hizkuntza baliatzen dituzte. Hizkuntzen aldeko jarrera horrek duen abantaila ikusteak du eragin handiena immigrantearengan.

Krisia dela eta ez dela, gizarteko multzo askorengan joera ezkorra zabaldu da. Baina gauden egoera berri hau nik oso positibotzat jotzen dut: jadanik dagoen irtenbide bakarra denontzako izan behar delako.

Galdera: Hizkuntza ekologiaren eta hizkuntza aniztasunaren aldeko diskurtsoan, nola uztartzen dira hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen nagusitasun eskubidea edo hegemonia? Hau da, EHko enpresa batean hiztun gaztelaniadunak informazioa gaztelaniaz jasotzeko eta lana gaztelaniaz egiteko daukan eskubidea nola uztar daiteke enpresa horretan euskara hutsezko gune propioak eta esklusiboak izateko eskubidearekin?

Txepetx: Hori ulertzeko, eredu mental dikotomikotik (= “edo zu edo ni”) irtetea beste erremediorik ez dago, eta eredu mental integratuan sartzea (“zu eta ni”). Baina hori ez da normalean gertatzen, ez behintzat kontzientzia aldaketarik ez badago. Zehatz esatearren: ez da gertatzen bihotzaren eta buruaren arteko konexioa aktibatu ezean. “Gobernuari tiro bat jo eta iraultzari tiro bat jo” egin nahi den bitartean (mexikarrek dioten bezala), bateraezinak diren egoeretatik etekina atera nahi den bitartean ez dago irtenbiderik -esaterako, herritar partikularrari estortsio finantzarioa egin eta, gero, entitate finantzarioak berak porrot egiten duenean denon diruarekin onbideratu; kapitalistekin sozialista izan eta sozialistekin kapitalista, aberatsekin pobre eta pobreekin aberats, baserritarrarekin urbanita eta urbanitekin baserritar, indigenarekin mendebaldarra eta mendebaldarrekin indigena, ekoizleari produktua desbalorizatuz merke erosi eta erosleaz abusatuz garesti saldu, etab… Lixto bixkorren garaia amaitu da. Lurrak beste adimen bat behar du. Adimen ausarta eta bere buruarekin kontsekuentea. Horretan dagoeneko ez dago, ezin da egon, -salbuespen partikularrik edo nazionalik-.

Galdera: Kontuan hartuta elebitasun orekatu betierekorik ez dela posible eta gaur egun etengabeko hizkuntza ukipenean bizi garela, nola antolatu lurraldeak (gune geografikoak), hizkuntzen funtzio banaketa, pertsonen/hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen hegemonia premia (hizkuntza minorizatuek aurrera egiteko nahitaezko arnasguneak behar baitituzte)?

Txepetx: Laboreen legeek ez dute iraungitze datarik, baina elikagaiek bai. Ideia soziologikoek ere bai. Lege zientifikoek, ordea, ez. Nire teorian zati bat dago iraungitzen ez dena, ez delako soziologikoa, “hizkuntzaren aljebra” da. Baina beste zati bat bai, iraungitzen da, dagoeneko existitzen ez den gizarte bati aplikatzekoa zelako. Horregatik, orain dela 25 urte balio zuen orok gaur egun ez du balio. Gaur egun ez dago irtenbide partikular balekorik ez badu beste edozein pertsonarentzat edo naziorentzat balio. Edo, bestela esanda, hizkuntza funtzioen eskailera ezin da orekatu ezta maila bakar batean ere maila bat bera ere desorekatuta badago (eta maila horietako bat norbanakoa da, eta beste bat gizateria oro har).
Hori azaltzeko hemen ez ditudan espazioa eta denbora behar ditut eta, horregatik, onena da nire maisu handi batek zioena esatea (nirea eta euskaldun entzutetsu askorena, Lizarraga, Axular, Orixe, Villasante, Iñaki Larrañaga…):

Entzuteko belarriak duenak, entzun beza (Mt, 13,9)

Galdera: Adorez eta atseginez mintegiko oinarrizko printzipio hura (Lurralde bakoitzean hizkuntza bat, eta hizkuntza bat lurralde bakoitzean) posible al da gaur egungo globalizazio garaian?

Txepetx: Ez da jadanik posible eta ezta onuragarria ere.

Galdera: Hizkuntza ekologiaren diskurtsoa Euskal Herrian azken aldion modan dago hizkuntzaren aldeko erakundeen artean. Baina nago han ez dugula oso ondo ulertu zer dakarren diskurtso berri horrek. Ez dugula oso ondo ulertu zertan datzan. Hizkuntza aniztasuna bai, baina subsidiriatate printzipioa ez. Subisidiriatateak zerikusi du zeresanarekin zure ustez?

Txepetx: Nahiago dut diskurtso horren inguruan momentuz nire irizpiderik ez eman.

Galdera: Zein diskurtso erabiliko zenuke erdaldunekin? Autozentratzeko egitasmoek gero eta indar handiagoa dute gurean, baina aldi berean ez dakigu oso ondo zelan erakutsi gure burua euren aurrean.

Txepetx: Hori bera:
“Besteak zuekin egitea nahi duzuen guzia, egizue zuek ere haiekin”(Mt 7,12).
Printzipio horrek ez du iraungitze datarik. Eta norabide bikoitza dauka. Ez da soilik kristau zibilizazioaren printzipioa (bide batez esanda, legearen aurrean denok berdinak garela asmatu duena da eta, hortik, demokrazia, funtzionamendu politikorako bide gisa). Bizi legea den printzipioa da. Konfuzion ere formulatuta dago (Txina, K.a. 551-479), bere osotasunean, gainera: “Ez egin besteei zuri egiterik nahi ez duzuna eta ez egin zeure buruari besteei egingo ez zeniekeena”.

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Carballon, 2011ko uztailaren 20an.

Bederatzi urtez isilik egon ondoren, Jose Maria Sanchez Carrión soziolinguistak hitzaldia eskaini zuen Galizan, VII Curso de verán sobre dinamización lingüística Traballando en lingua.(Re)Pensando o discurso ikastaroan. Abagune ezin hobea iruditu zitzaigun berarekin solasaldi bat izateko. Gogo onez hartu gintuen. Gaur elkarrizketaren lehen zatia ekarri dugu argitara. Ostegunean bigarren zatia.

Galdera: Txepetx, zer moduz zaude? Hitzaldian aipatu duzu osasunak ez dizula gehiegi lagundu azkenaldian eta, halere, hausnarrean sakontzen jarraitu duzu. Gure pozerako, zu berriz entzuteko aukera izan dugu. Bukatu al da isiltasun-bidea?

Txepetx: Beharra nuen hitzak berritzeko, zentzu pertsonal eta sozial batean. Isiltasunarekiko kontaktua galtzen badugu, hitzek galdu egiten dituzte bere indarra eta edukia. Santiago bidea izan da isiltasunarekin egindako kontaktua.

Lan asko egin dut urte hauetan isiltasunean eta isiltasunetik. Hartu-emanak izan ditut bereziki bizitzaren hizkuntzaren bideko tramu horretan zebilen jendearekin. 2007an Indian izan nintzen, herri indigenekin asko ibili naiz (horiek ere isiltasunaren aldekoak dira), lana egin dut ikerlari batzuekin ( Iñaki Larrañaga, Alain Masson, Nidia Arrobo, Kolonbiako jakintsu indigena batzuekin besteen artean …).

Isiltasun bide hori bukatutzat jotzen dut momentu honetan?
Ez dut uste. Zentzu sozialean uste dut badaudela datu kontraesankorrak. Egoera gero eta larriagoa da, baina ez bakarrik hizkuntzaren ikuspegitik, bizi-iraupenaren ikuspegitik. Iritsiko da momentu bat non bizitzaren iturriarekin konektatuak dauden egiazko sortzaileak guztiz beharrezkoak izango diren denontzat.

Baina horretarako sortzaileek jartzen dituzten baldintzak errespetatu behar dira. Hots, ehiza, irabazia, izan behar da tribu osoarentzat, ez berriz kontzientziagabeko bitartekari bakan batzuentzako.

Jarriko dizuet munduko pentsamendu politikoak oraindik ondo hausnartu ez duen etsenplu bat: 1989an Ekialdeko Europako estatu komunistak hasi ziren porrot egiten, bata bestearen ondotik, haiek baino askoz indartsuagoa zen tsunami batek erasotuta bezala. Estatu horiek guziek eraiki ziren betiko irauteko (haiek historiaren lorpen finala zirelakoan) eta kolapsatu ziren aste batzuetan, egun batzuetan, ordu batzuetan ere, denak barku berean egongo balira bezala. Hondamendi morala, politikoa eta ekonomikoan naufragatu zuten.

Nola ote zen posible? Arrazoi sinple batengatik, bat-batean ageri egin zelako ezkutuan zegoen guztia. Haize gogor batek alfonbrak altxatu zituen, eta alfonbrapeko zikinkeria gela osoan hedatu zen arnasa itotzen zelarik. Eta gero? Gero batzuk suntsitu, beste batzuk, berriz, birflotatu dira. Batzuek galdu dute (eta horiekin batera, noski, belaunaldi oso batzuentzako, Albania lekuko) historiaren trena.
Besteek trena harrapatu zuten protagonista bihurtu zen belaunaldi horiei (25-40 urtetako lagin horretan zeudenak) esker.

Baina galdera hauxe da: zerk bereiztu zituen batak eta besteak? Zer egin zuen haien arteko desberdintasuna? Gauza bat bakarrik: pertsona bakan batzuen (kasu batzuetan pertsona bakar baten) kapital morala-intelektuala, oso gogorrak izen ziren urteetan urte askotako bakardadean eta sufrimenduan mantendu zuten kapital morala, hain zuzen ere.
Kapital politikoa eta ekonomikoa lurruntzen denean azaltzen da bien ezkututako iturria den kapitala. Balore moralen kapitala.

Kapital horrek alde egiten badu ere, ez da irtenbiderik, baina baldin balego barku osoa berreraiki eta birflotatzeko gaitasuna dauka gizakiak.

Orain oso antzeko momentu batean gaude, baina suntsitzen ari den barkua neoliberalismoarena da, ta altxatzen ari diren alfonbrak ez dira komunismoaren alfonbra monokromatikoak, kolore biziko kapitalismoarenak baizik. Alfonbrak ez, baina zikinkeria bestea bezain pozointsua eta arnas ezina da.

Izango dugu guk (Txekian izan zuen bezala) Vaclak Havel bezalako norbait?

Orain, bai, isiltasunari itzuliko gatzaizkio. Isiltasunaren bidearen tramu horretan erabaki nuen Euskal Herritik alde egitea, Euskal Herriko joerak min asko ematen zidalako. Min horri min fisikoa gehituz gero, ezin duzu. Beharra izan nuen distantzia mantentzeko, neure burua aurkitu, nire izate propioa onartu eta horri eusteko. Labur esanda, euskaldunei euren identitate sozialarekin egiten erakutsi nien bezala konturatu nintzen nire identitate pertsonalari eutsi egin behar niona bizirik segi eta aurrera joateko.

Zein identitate? Bide baten semea naiz, nire bidearen semea naiz. Hizkuntzaren semea naiz. Komunitate euskaldunarekin bat egin dut bidean, baina ez modu berezian, ez baldintzagabeko moduan, ez “odolaren legeaz”… beste hizkuntza askorekin egin dudan modu berean baizik, erabaki emankor bezain inkomodoa, maitagarri bezain latza, bizitzak berak erakusten dizkigun baldintzak onartuz … eta kontzientziaren legez, beraz.

Askotan azaldu dudan molekula honetan, hizkuntzaren aberri honetan, euskal komunitatean, ni BA naiz, besteetan 0+ naiz eta beste batzuetan A naiz, B naiz. Komunitate euskaldunaren partaide naiz. Ez nago hizkuntza guztietan jarrera berdintsuan, baina hizkuntza komunitate guztien partaide naiz. Ez nago inoren kontra, ez naiz inoren etsai, ez dut esklusibismo bakar baten partaideirik izan nahi, denon alde nago, euskalduna nahiz erdalduna, zuri edo beltza, kristaua, judua edo musulmana.

Min asko ematen didate hainbat jarrerak, joerak eta ezin ikusiak. Eta min gehiena ematen zidanak izan zen batzuk (nirekin kontatu gabe) nire pentsamendua ere horretarako erabili nahi izatea. Pentsamendua ehizatzen jarraitu ahal izateko, ehiza bera, ongi (manipulatu edota poizondu gabe) ez bada sozializatzen eta denak elikatzeko moduan, agortzen da.

Euskal Herrian badago ondo funtzionatu ohi zuen mekanismo bat, transmisio mekanismo bat: pentsamendutik ekintzara pasatzeko mekanismoa. Idiosinkrasia latinoa euskaldunarekin konparatuz gero, latinoak asko pentsatzera ohituak (filosofia grekoek asmatu zuten) dira, baina ez horrenbeste pentsatutakoa ekintzara eraman (pragmatismoa Europako iparraldeko herriek baitzuten asmatu).

Euskaldunek, bien artean egonda, ez zuten horrenbeste jantzi teorikoa behar, baina zerbait ulertzen zutenean gogo bat zuten hori nola gauzatu litekeen probatzeko. Garai batean horrela izaten zen. Orain berriz “pentsamendu light” (delako globalizazioa) hedatu denez, psikomolde sozialak uniformatu dira nonahi.

Zerk ez du funtzionatu? Pentsamenduaren aurretik sortzen den pentsamendu sortzailetik aplikatura dagoen bideak. “La ecologia de las lenguas” entseguan esaten nuen “la motivacion racional es el motor del cambio lingüístico”.
Halaz ere eman ditugun irakasgai asko sendagai izan ordez, pozoi bezala erabili dira. Zergatik? ”Para aplicar la motivacion racional debes haber sanado el odio irracional”.
Hainbat zaurik eta ezinikusik ez diote bidea ematen motibazio arrazional bati. Motibazio arrazionala azpian dagoen sentimendu irrazional batekin nahasten bada, uzten du arrazional izaten eta irrazional bihurtzen da. Horrexegatik hitz berdintsuak askotan oso gauza desberdinak adierazten ari dira.

Arazoa da aurrera joateko behar den motibazio horrek beti dituela izen-abizenak. Batzuk marka politiko batekin, besteek bestekin, eta besteek markarik gabe. Euskal Herrian irtenbidea itxi duten bi gauza gertatu dira: alde batetik marka zeutenek bere markako interesak hizkuntzen interesen gainean jartzea. Eta bigarrena bipolar bihurtutako gizarte horretan pisu soziala kendu edota ez eman markarik gabe genbiltzanoi.

Horrexegatik bipolaritate horretatik kanpo geratu garenok (horrela geratu nahi genuelako) besteek errentabilizatu dituzten alor dezentetan pioneroak izan bagara ere, sozialki desagertu gara; “inbisible” egin gintuztelako.
Baina egitan diosuet: hasiera batean eraso injustutzat jo banuen ere, denborak ematen duen distantziarekin mesedea bihurtu zait. Inbisible bihurtzen zarenean inbisibleak direnak ikusten hasten zara eta. Eta da haiekin batera eta haien artean egiazko bizitza hasi eta hezten dela beti ere.

Epe zehatz bati eginen diot orain nik erreferentzia (1990-2000). Garai horretan diskurtso honen inguruko ikastaroak ematen genituen: entzule gehienak teknikariak edo funtzionarioak ziren. Ez dago biderik euskara funtzionarioen hizkuntza bihurtzen baldin ba dugu, bera ere inbisible bihurtu den hiztun arruntari gure planteamenduak ekarri diezaioken arnasa ez bazaio iritsi arazi.

Hori zen arrazoi bat (ez bakarra) zergatik transmisio prozesua moztuta geratu zen. Harrezkeroztik bere kaxatik bestek transmititu duten teoria izan da teoria faltsifikatu bat, edo hobe esanda, “trasjenikoa”, mundu berri bat sortzen laguntzeko funtzionatzen ez duenak funtzionatu ez dezakeelako.

Baina koherentzia printzipio horrekin batera kontzientziaren nukleo txiki bat behar da, ama-zelula izan behar duenak, hizkuntza komunitatearen tresna guztiak izan behar dituenak. Zelulako tresna guztiak. Bezero potentzialak dira 0+. Multzo horri iristeko dagoen oztopoa gainditzen ez duen diskurtsoa, sozializatu beharrez, endogamiko bihurtzen da.

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

(Re)pensando o discurso.

Jardunaldi horietako lehen hitzaldia Txepetxena izan zen; bigarrena Pilar Garcia Negro , soziolinguista, irakasle, idazle eta politikariak eskaini zuen.

Galegoak bizi duen egoera soziolinguistikoaren alde kualitatiboak azaldu zituen Garcia Negrok.

 

 

 

 

 

 

Galegoaren egoera soziolinguistikoa

Galizierak indar sozial txikia du, herri erakundeen bultzatze txikia du, gaztelania da oinarri-oinarrizkoa da, galiziera preszindiblea da guztiz. Baina ez dugu etsi behar.

Galiziera lehen hiztunak (ama hizkuntza dutenak) galtzen ari da azken urteotan. Umeen artean erabilera oso txikia da, zaharrenen artean askoz handiagoa da.

Hiru hamarkadetan galegoaren aldeko instituzioak izan omen ditugu. Salbuespenak badaude ere, gehienek galegoaren aurkako lana egin dute.

Haur eta gazteek denbora librean gaztelaniazko hitz asko erabiltzen dituzte. Inertziak eraginda sortzen da hau; inoren errespetuagatik egiten da askotan. Esplikatu behar da honek ez duela zentzurik. Hitzak erabili, kalera atera behar ditugu.

Zergatik gertatzen da hau? Galegoak gizarte eredu bat duelako, non denek horrela, gaztelaniazko hitzez zipriztindutako galegoa, hitz egiten dute. Horri buelta eman behar diogu, hitzak berreskuratuz, nondik eta nola sartu dizkiguten gaztelaniazko hitz horiek erakutsiz.

Hizkuntza gatazka egon badago; erabilera aukerak ez dira berdinak; galegoa soldadua da, gaztelania kapitaina.

Inposaketa gainditu eta erabilera aukerak zabaldu behar dira; hitz galegoak berreskuratu.

Hizkuntza nortasunarekin, identitatearekin, gure egunerokotasunarekin lotuta dago, aisialdian, lanean, baliabideetan.

Normalizazioa mailakatua da. Txepetxen hiru elementuen ulermena guztiz dator bat galegoaren beharrarekin. Leialtasun naturala kontzientea bihurtu behar dugu. Galegoak landaguneaz gain giro urbanoan ere lekua du. Ikasi ditzagun galegoa eta gaztelania, eta, bizi gaitezen galegoarekin.

Hiztun berriak

Bestalde, eman diezaiegun hiztun berriei duten garrantzia.Galegoa ez da landagunekoa bakarrik, hizkuntza etxetik jaso duenarena bakarrik.

Galiziar guztiak gara “galegoberriak”: ikasi egin dugulako gure hizkuntza hainbat egoeratan erabiltzen ere. Batez ere, txipa aldatuta.

Hizkuntza politikarako estrategiak

Teknikak oso garrantzitsuak dira baina baita estrategiak ere. Argitu dezagun ze ezaugarri dituen hizkuntza normalizatu batek -gaztelaniak, gaur egun-, eta galegoari eskaini diezaiogun aukera berdina.

Galegoaren dialektalizazioarekin amaitu behar dugu; mezu ezkorrak eta mingarriekin amaitu behar da.

Gutxiagotasun sentimendua alboratu behar dute galegook, eta gure eskubideak aldarrikatu. Bakoitzak bere esparru txikietatik hasi behar du, ahalik eta galegorik txukunena berba egiten (horrela esaten ari naiz galegoak merezi duela). Etorkizuna gura dugula ahalik eta garbien adierazi behar dugu.

Irakurtzen jarraitu...

Txepetxek 9 urte zeraman hitzaldirik eman gabe eta atzo izan zen Carballon . Hitzaldian muinera jo nahi izan zuen, sustraien sustraira. Guk hemen dakarguna muin horren laburpena baino ez da. Aurrerantzean berarekin egin genuen elkarrizketa mamitsua plazaratuko dugu.

1999an Santiago bidea egin eta Santiagora iritsi; bidea egiten ikasten dena eta hizkuntza erabiliz ikasten dena bat datoz. Mugimenduaren legea -leku berdinean ez dira bi gau egin behar-, norberaren erritmoa egitea, amaiera arrakastatsua izatea -hasierako helburua aintzat hartzea-.
Hizkuntzen bizitzaren legeak Santiagoko bideko legeen antzekoak dira, beraz. Batez ere, lehena: bidea egiten da ibiltzen; hizkuntza hitz eginez egiten da, bizi da.

Euskal Herriarekin izan duen harremanean oinarrituta, Galiziako errealitatearekin dituen antzekotasunak aipatu ditu.

Motibazioa handiagoa zen ezagutza eta erabilera baino Euskal Herrian 70. hamarkadan. Edalontzi komunikanteak dira horiek eta bi hizkuntza mugimendu sortu zituen: helduen euskalduntzea eta umeak euskalduntzeko mugimendua. Horrek urteekin ezagutza igo egin du.

Galizieraren argazkia guztiz kontrakoa zen, EAErekin alderatuz. Baina Nafarroan, aldiz, argazkia antzerakoa zen. Euskara gaztelaniaratzen ari ziren Nafarroan, batez ere prestigiozko jendearekin partez. Erabilera handiagoa zen ezagutza baino eta motibazioa baino. Eta Galizian berdin. Gaztelania ikasi ahala, desertatzen ari ziren: eta gaztelaniaratzeko ereduak eskatu.

Nafarroako herri batean hasi zen irakasle. Eta lehendabizikoz euskara ikasten hasi zen herri horretan. Hizkuntza bizia gura izan zuen erabili, umeek erabiltzen zuten hizkuntzatik abiatuta, ez Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen zen materiala. Egunero umeek kontatzen zituzten euren amamek kontatutako istorioak. Eta besteek bitartean idazten zituzten istorioak. Gero erabiltzen zen hizkuntza irakasteko: eta bide batez egunkari bihurtu eta alfabetatzea ere gertatu zen helduen artean.

Istorioak oso mamitsuak ziren. Indar handia zuten, bizitasun handia. Baina gero erabili izan diren istorioak ezberdinak izan dira. Ez dute indar hori izan.

Euskara gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gauza gutxiago esateko. Eta hori da arazoa. Zelan lortu euskara bezalako hizkuntzek zeresana izaten jarraitzea eta bakoitzak zer esan behar duen jakitea. Eta hor dauka euskarak eta beste tarteko hizkuntzek gaixotasun nagusia: zelan orekatu berba egitea eta esatea.

Hizkuntza batek oinarrizko zazpi funtzio ditu: horiek guztiak zaindu behar dira hizkuntza bat osasuntsu izan dadin. Baina funtzio horiek euren arau propioak dituzte. Lehendabizi zeintzuk diren defizitarioak jakin behar ditugu. Bigarrenik, denak dira oinarrizko, baina funtsezkoenak oso hiztun gutxiri eragiten die. Hiztun gutxi horiek denbora batean (5-10 urte) sozializatu dezakete araua. Ez da beharrezkoa jende asko egotea hasieran, bai gero, bere momentuan eta bere hierarkiaren arabera.

Elementuak hiru dira: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Baina laugarrena zirkulazioa da, hiru elementuen artean, jarraia eta malgua. Eta bosgarrena funtsezkoa da: pertsona da. Zu zara bosgarren elementua, zureganatu duzunean proposamen teoriko eta praktiko hau.

Afrikako herri batek hizkuntza funtzioa nola lortu duen esplikatzen ari da, Galiziak duen beharrari erantzuteko balio duelakoan: maitasunetik, hurbiltasunetik, adiskidetasunetik, laguntasunetik zaildutako hizkuntza da.

Amigas y amigos mios, recuperemos nuestra canción!

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...