Skip to Content

Euskara planen ikerketen harira, Josune Urbietak, Emuneko teknikariak, 2012an Hizneteko Sakontze egitasmoa egin zuen. Ikerketa lan horren izenburua honako hau da: Euskaldun berriak laneko euskarazko dinamiketan.

Euskaldun berriez, jabetze prozesuaz, laneko euskarazko dinamiken gainean, euskara ikastearen prozesua arrakastaz amaitzeaz eta abarrez dihardu honako bideo honetan.

Euskaldun berriak laneko euskarazko dinamiketan from lantalan on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Emuneko 15. urteurreneko jardunaldien barruan ezagutza tailerra egin zen. Tailer horren helburua izan zen lanean euskalduntzearen inguruko hausnarketak eta iritziak jasotzea, hiru alorretan: norbanakoaren ikuspuntutik, taldearen ikuspuntutik eta erakundearen ikuspuntutik. Kasu honetan, Leire Okaranzak erakundearen ikuspuntutik hitz egingo digu. Fagor kooperatiban egiten du lan Leirek.

Ezagutza: Leire Okaranza from lantalan on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Emuneko 15. urteurreneko jardunaldien barruan ezagutza tailerra egin zen. Tailer horren helburua izan zen lanean euskalduntzearen inguruko hausnarketak eta iritziak jasotzea, hiru alorretan: norbanakoaren ikuspuntutik, taldearen ikuspuntutik eta erakundearen ikuspuntutik. Kasu honetan, Miren Rosek taldearen ikuspuntutik hitz egingo digu. Fagor Etxetresnak kooperatiban egiten du lan Mirenek.

Ezagutza Miren Ros from lantalan on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Emunek urri hasieran egin zituen bere 15. urteurreneko jardunaldiak. Hurrengo asteetan han bildutako edukiekin hainbat artikulu onduko ditugu. Eta horien artean lehenengoa duzue hauxe.

Gaurkoan erakundetze tailerrean Isidro Garatek, Fagor Ederlaneko langileak, egin zuen hitzaldi laburra jaso dugu. Lidergo exekutiboaz egiten du berba bideo honetan.

Lider exekutiboa: Isidro Garate, Fagor from lantalan on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Fagor Etxetresnetako Egosketa negozio-unitatean jarri da martxan Konprenitzen ekimena. Helburua da euskaraz ulertzen ez duten lantaldeko kideek gutxieneko ulermen maila lortzea, bileretan euskararen erabilera handitu dedin.

EMUNeko euskara teknikari den Amaia Larizekin egon da Tulankide, MONDRAGON taldeko aldizkaria, ekimenaren gaineko xehetasunak jakiteko.

Zein da Konprenitzen ekimenaren helburua?

Konprenitu nahian hasi ziren lanean Fagor Etxetresnetako Egosketa Negozioko 5 kide. Negozioko Euskara Planeko helburuetako bat bileretako euskararen erabilera gehitzea da, eta helburu hori lortzeko bideetako bat bileretako kideek gutxieneko euskararen ulermen maila lortzea. Hala, 2009an euskararen ulermena lantzea erabaki zen negozioan.

Nortzuk hartzen dute parte?

Egosketa Negozioan hobekuntza taldeka egiten da lan, eta hobekuntza talde horietako bat aukeratu zen ausaz proba pilotua egiteko. Hobekuntza taldeko kideei proposamena egin zitzaien , eta gogo onez hartu zuten. Hobekuntza taldean euskara ulertzen ez zuten 5 kideak atseden orduetan euskararen ulermena lantzeko prest azaldu ziren.


Roberto Nogales, Mari Luz Calderon, Paki Lobato, Bene Vigara eta Beatriz Rubio, ekimenean parte hartzen ari den talde bat.

Nola landu duzue ekimena?

Hasierako helburua bilerako gai bat euskaraz ulertzeko gai izatea izan zen. Hala, hilero bileretan lantzen zen gai bat aukeratu genuen, eta gai hori azaltzean behin eta berriro erabiltzen ziren hitzak eta esamoldeak aztertu genituen (ehunekoak, hilabeteak, mezu ezkorra emateko esaldiak edo mezu baikorra ematekoak…) areako gestoreak eta euskara teknikariak. Hitz eta esamolde horien ulermena lantzeko materiala sortu genuen, eta taldeko kideekin horiek lantzeari ekin genion.

Horrez gain, bileretan areako gestoreak euskaraz azaltzen zuen gaia idatziz ematen genien euskaraz eta gaztelaniaz euskara ulertzen ez zuten kideei. Poliki-poliki (eta kideek euskararen ulermena handitu zuten heinean) gaztelaniazko testua kentzen hasi ginen; baina, euskarazko esamoldeen alboan gaztelaniazko ordainak jartzen genituen. Gaur egun ere horrela egiten dugu.

Eta zer nolako emaitza lortu duzue?

Lehen urtean taldeko kideek positibotzat baloratu zuten ekimena, eta ekimenean parte hartu zuten 5 kideek aitortu zuten gai zehatz horren eduki nagusia ulertzeko gaitasuna lortu zutela. Dena den, orokortasunez gain zehaztasunak ere ulertu nahi zituztela adierazi ziguten. Beraz, hurrengo urtean horri ekin genion.

Gaur egun 9 hobekuntza taldetako kideekin lantzen da ulermena, eta guztira 10 kide dira laguntza hori behar dutenak. Kide horien ulermena handitzeaz gain, bileretako euskararen erabilera ere handitu da, eta horixe da gure azken helburua. Gai bat euskaraz lantzetik gaien erdia euskaraz lantzeari ekin zaio.


Jose Ramón Mauleón, Yolanda Gordejuela, Alberto Alonso eta Paco García, ekimenean parte hartzen ari den bigarren taldea.

Ekimen hau abiarazi genuenetik ondorioztatu ahal izan dugu euskaraz egitea eta euskaraz ematea bezain garrantzitsua dela euskara ulertzeko prestasuna izatea, horrek ahalbidetzen baitu euskararen erabilera gehitzea.

Bidaltzailea: Tulankide, Mondragon taldeko aldizkaria
Irakurtzen jarraitu...

Fagor etxetresnak enpresako lehendakari eta gerente ohia den Fernando Gomez Acedorekin elkarrizketa egin dugu Lantalanekook. Bertan bere ibilbidean euskarak izan duen garrantzia azaltzen digu. Eta, era berean, Fagorreko euskara planen gaineko balorazioa ere egiten du.

Bidaltzailea: lantalan
Irakurtzen jarraitu...

Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkartean euskara erabiltzeko aukerak ugaritu egin dira azken urteotan, eta horrek ere lagundu du euskararen erabilera areagotzen, dela bileretan, dela hitzaldi informatiboetan, dela inprimakietan… eta baita aplikazio informatikoetan ere.

Aplikazio informatikoei hizkuntza aukera ezartzeko irizpide bat daukagu onartuta, eta hori betetzen ahalegintzen gara. Zuzenekoentzako aplikazio gehienak Fagor Etxetresnetan moldatutakoak dira, hau da, bertako Informatika Zerbitzuak ezartzen die hizkuntza aukera. Baina badira hornitzaileak prestatutako aplikazioak ere, eta kasu horietan garrantzi berezia du ondasunaren erosketarako espezifikazio koadernoan hizkuntza aukera zehazteak. Hala, dela barruan egindako aplikazioa izan, dela hornitzaileak egindakoa izan, erabiltzaileari aplikazioa gaztelaniaz edo euskaraz erabiltzeko aukera eskaintzen dio enpresak.

Irakurtzen jarraitu...

Euskara Lanabesa sariak banatu ziren azaroaren 25ean Donostiako Zientziaren Kutxagunean. Bost erakundek jaso zuten saria: Fagor taldea, World Wide Web Ibercom, Grupo Xubi S.L., IMH – Makina erremintaren Institutua eta Elkar. Sari hauek Lanabesa aldizkariak ematen ditu eta enpresek jardunbide profesionalean, hazkundean, berrikuntzan, kulturan eta euskaran egiten duten lana saritzen dute. Fagor taldeak euskarari dagokion saria jaso zuen, eta ekitaldian EMUNeko ordezkariak ere izan ziren.

Irakurtzen jarraitu...

Maiatzaren 10, 11 eta 12an Herrialde Katalanak eta Euskal Herriaren arteko elkarkidetza kongresua egin zen Gasteizen.

Herrialde Katalanak-Euskal Herria: Elkarbidean nazioarteko kongresua Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean (Gasteiz) egin zen eta estaturik gabeko bi nazio hauen artean dauden loturak irudikatu eta elkar ezagutza areagotu nahi izan zen. Horretarako hizkuntza, antzerkia, musika, literatura, kazetaritza, hezkuntza eta abarrei buruzko hitzaldi eta mahai inguruak entzuteko aukera egon zen eta beste mota batzuetako ekintzak ere egin ziren.

 

 

 

Hizkuntzarekin lotutako gaien atalean, aipatu ditzakegu Valentziako Psikologiako Unibertsitateko eta TELP tailerren sortzailea den Ferran Suayk emandako hitzaldia. Bere hitzaldiaren izenburua “Un taller entre dues cultures” (Tailer bat bi kulturen artean) izan zen eta bertan TELP tailerren nondik norakoen berri eman zuen. Horrekin lotuta, lan mundua euskalduntzen diharduen EMUN kooperatibako teknikaria den Juanjo Ruizek Fagor Arrasate kooperatiban gauzatutako hizkuntza asertibitatearen aplikazio praktiko baten esperientziaren berri eman zuen “Akuilu taldeak: euskararen aldeko eragiletza hizkuntza asertibitatearen bidetik” hitzaldian.

Soziolinguistika Klusterreko kideek ere bi hitzaldi eman zituzten: Pablo Suberdiolak eta Asier Basurtok “Ikasleen hizkuntza-erabilera ikertzen eskola giroan” gaia landu zuten eta Olatz Altunak eta Josep M. Aym¡-k “Hizkuntzaren erabilera neurtzeko metodologiak: Euskal Herriko eta Kataluniako esperientziak” izan zuten hizpide.

Hezkuntzaren atalean interesgarria izan zen Raquel Casesnoves-ek hizkuntzaren etorkizuna eta hezkuntza sistemaren arteko loturaren inguruan emandako hitzaldia. Bertan Raquelek hizkuntzaren etorkizunean hezkuntza ereduek izan dezaketen eragina aurreikusteko tresna bat aurkeztu zuen.

Kongresuan izan ziren beste hainbat hitzaldi. Esate baterako, kazetaritzari buruzko mahai ingurua. Bertan Martxelo Otamendik, Antoni Batistak eta David Fernandezek parte hartu zuten. Kasia Mirgos poloniarrak Euskal Herriak eta Herrialde Katalanek Polonian duten irudiaren inguruan euskaraz eman zuen hitzaldia. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako musikaren artean egondako antzekotasunak eta loturak. Euskarara itzulitako katalanezko literatura eta katalanera itzulitako euskal literatura. Euskal Herria eta Paísos Catalans izenen jatorriak eta abar.

 

 

 

Kongresuaren helburua ez zen soilik akademikoa, bi herrien arteko elkar ezagutzea handitzea ere bazen. Horregatik, egitarauan beste ekintza mota batzuk ere programatu ziren. Esaterako, Parral tabernan Arroz beltzaren sintonia kontzertua egin zen. Bertan Carles Belda eskusoinu jotzaile eta kantariak abesten zuen bitartean Alex Fernandez sukaldariak arroz beltz gozoa prestatu zuen. Azkenik Xavi Sarria Obrint Pas taldeko kantari ohiak kontzertu akustikoa eman zuen eta Miren Amurizaren bertsoekin amaiera eman zitzaion kongresuari.

Irakurtzen jarraitu...

Akuilu taldeak Fagor Arrasaten

Gure filosofiaren oinarria langileen parte hartzea da eta euskaraz hitz egitea kooperatiban benetan parte hartzea da

Juan Jose Ansoategi Fagor Taldeko lehendakaria

Aurreko artikuluan hizkuntza asertibitatea zer den azaldu eta gero, horren aplikazio praktiko baten adibidea azaldu nahi dugu hizkuntza asertibitateari eskainiko diogun azken artikulu honetan. Kasu honetan Fagor Arrasate Koop. E.an gauzatutako esperientzia emango dugu ezagutzera.

Irakurtzen jarraitu...

Back to top

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena.