Skip to Content

Aspaldidanik genbiltzan Emun Koop.E.n lan munduan euskara gehiago erabili nahi duten pertsona, enpresa zein bestelako erakundeentzako erabilgarri izango zaigun webgunea sortu nahian. Aspaldiko nahi hori errealitate pozgarri bihurtu zaigu gaurko egunez aurkezten dizuegun www.lantalan.com –ekin.

www.lantalan.com euskararen presentzia lan munduan areagotu nahi dugunontzako komunikazio foroa izateaz gain, enpresa zein erakundeetan euskararen erabilera handitzeko lagungarri diren hainbat baliabide ere doan eskaintzeko asmoz sortu dugu.

Euskararen normalizaziora bidean dauden enpresen arteko gertutasuna, elkar ezagutza eta esperientzia trukaketa bultzatzeko tresna izateko, www.lantalan.com-ek bi atal nagusi ditu: albiste eta iritziak eta baliabide eta tresnak.

  • Albiste eta iritzien atala

Atal honen bidez, lan munduan euskararen normalizazioan gertatzen denaren e-plaza bultzatu nahi dugu. Horretarako, enpresa zein bestelako erakundeetan euskararen erabilera handitzeko ematen diren praktikak konpartitu eta ezagutarazteko bloga martxan jarri dugu.

www.lantalan.com –en Emuneko kideok LanTaLaneko editorearen bidez, lan munduan garatzen ari diren eta euskara planetarako interesgarriak diren zenbait artikulu edota berri argitaratuko dugu aldiro. Dena den, bloga Emunekoen plaza baino gehiago izatea nahi dugu. Horretarako, zuk nahi duzun berri edo iritziak argitaratzeko animatu nahi zaitugu. Gainera, LanTaLanen argitaratuko diren albisteak ez dira itxiak izango, eta bertan azaldutako edozein berriri erantzuteko aukera duzu. Aurkezpenean dauzkazu horretarako argibideak.

  • Baliabide eta tresnen atala

Eskuin aldeko zutabean ikus ditzakegun atalak eguneroko lanerako oso erabilgarri izango zaizkigun tresnez hornituta daude. Hala nola, itzultzaile eta hiztegietarako loturak, euskaraz idazteko lagungarri diren arau eta jarraibideak, agiri ereduak (aktak egiteko, kontratuetarako…), diru laguntzak ematen dituzten entitateetarako loturak, etab.

Modu erabilerraz eta erosoan jaso ditugu, lanerako erabilgarri izateko pentsatuta baitago LanTaLan. Ziur gaude baliabide hauek egunerokoan lagungarri izango zaizkizuela.

Jarrai dezagun, beraz, LanTaLan, lana euskalduntzeko!

Bidaltzailea: Emun
Etiketak:

Erantzun

Back to top