Kazetariaren begirada kritikoa: lider sozialen hizkuntza portaerak aztergai

Ostirala, 2012ko otsailaren 10a

Abenduaren 1ean izan zen Eralan lantaldeen topaketa saioa HUHEZIn. Hizkuntza lidergoa oinarri hartuta, programa txukuna antolatu zuen Soziolinguistika Klusterrak. Lau hitzaldi zeuden eguneko programan eta gaurko alean lehenengoaren laburpena eskainiko dugu, aurrerago gainontzekoak:


Argazkiak.org | Maite Artola Eralan jardunaldietan © cc-by-sa: lantalan

Maite Artola (Euskadi Irratia): Kazetariaren begirada kritikoa: lider sozialen hizkuntza portaerak aztergai

Solasaldi formatuarekin, Imanol Miner ibili zen gai jartzaile lanetan. Maite Artola eskarmentu handiko euskal kazetaria izanik, euskarazko irratian lan egiteak dakartzan zailtasunak izan zituen mintzagai.

Politikaz aritu zen batez ere. Euskal irratiko kazetariak prentsaurrekoaren ondoren politikariaren atzetik joan behar izaten du lehen esandakoak euskaraz errepika ditzan eskatzeko eta gero, horiek dira irratian emititzen diren hitzak. Artolaren iritziz, horrek errealitatea desitxuratu dezake, prentsaurrekoa euskaraz izan denaren irudia jasotzen duelako euskal entzuleak.

Era berean, euskal kazetaria oso bakarrik sentitzen da gaztelerazko hedabideen ondoan euskaraz adierazpenak eskatzen dituenean. Presioa egiteko gaitasun txikia du, baina alderantziz, komunikabide erdaldunetako kazetariek presioa egiteko gaitasun handia dute. Nola? Aretotik alde eginez euskarazko adierazpenak hasi bezain pronto.

Politikariei aholku bat eman nahi izan zien: Zaindu ekipoa, lan taldea. Ez soilik liderra. Prentsa arduradunak elebidunak izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Prentsa buru erdalduna? Ez ditu eta euskal medioak ezagutzen! beretzat errealitate hori ez da esisititzen Mezua zaintzea bezain garrantzitsua da ekipoa zaintzea.

Askok praktikan jartzen duten portaera “gazteleraz pentsatu – euskarara itzuli” izan ohi da, eta hori sumatu egiten da. Euskal entzuleari mezu horrek ez dio bilatutako efektua sorraraziko.

Horrekin batera, hizlari elebidunaren hizkuntza gaitasunaren gaia atera zen: Otegi (berdin Urkullu) oso ona da euskaraz, baina gazteleraz brillantea da.

Hori guztia politikaren alorrean. Zer esanik ez lider ekonomikoak…

Euskal irratiaren indarra subjektibitatean dago, ez objektibitatean.

Komunikabide guztiak dabiltza elkarri begira, bizilagunak zer egingo. Agenda propiorik ez daukagunez, euskal kazetariak euskal komunitatearen gertutasunaz baliatu behar du albisteari balio erantsia emateko: erreakzioak, ondorengoak…, gertutasuna azken finean.

Bidaltzailea: Mikeldi Zeberio eta Elias Zumalde, Emuneko teknikariak

Erantzun