Jabekuntzaz feminismotik hausnartzen

Asteartea, 2012ko otsailaren 14a

Abenduaren 1ean izandako Eralan lantaldeen topaketa saioko bigarren hitzaldiaren laburpena eskainiko dizuegu gaurko alean. Aurreko astean hasitako bidearen jarraipena.

Mari Luz Esteban EHUko Antropologia Saileko irakaslea da eta bere ibilbidea feminismoan zentratu da, bereziki. Feminismotik euskalgintzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gako eman nahi izan zituen bere hitzaldiarekin. Jabekuntzaren kontzeptuaren gainean bi diziplinen arteko zubia eraikitzeko proposamena izan zen.

Feminismoaren baitan ibilbide luzea duen kontzeptua da jabekuntza Hegoamerikako eta Afrikako emakumeak erabiltzen hasi zirenetik(gaztelaniazko empoderamiento edo ingelesezko empowerment hitzetik dator).

Mari Luz Estebanek argi utzi nahi izan zuen jabekuntza prozesu bat dela. Emakume bakoitzak indibidualki egin beharrekoa baina taldean garatzen dena. Prozesua den heinean, epe luzeko ikuspuntua presente izan behar da beti. Horrekin batera, analisiak egiterakoan ia beti ahaztu izan den aspektua aldarrikatu nahi izan zuen: bizipena. Normalean, gizarte zientziek prozesu kognitiboak aztertzen dituzte, edo administrazio eta legearekin zerikusia dutenak. Baina, jabetze prozesu horretan pertsona bakoitzak bizi dituen bizipen edo sentipenak albo batera geratu dira ia beti, ikertzeke.


Argazkiak.org | Mari Luz Esteban Eralanen © cc-by-sa: lantalan

Bizipen kolektiboek aztarnak uzten dituzte pertsonengan. Manifestazio batean parte hartzen duen pertsonak esperientzia bizitzen du eta horrek gerora aztarna uzten du norbanakoaren biografian. Korrikaren adibidea aipatu zuen. Eta horrekin lotuta, galdera bat. Zergatik dira hain dinamikoak euskarari buruzko jaiak? Korrika, kilometroak, ibilaldia… jai fisikoak dira, zentzu zabalean, gorputzak mugimenduan jarri nahi dituztenak. Hori ere gutxi aztertu dela esan zuen. Jarduera fisikoa eta jarduera kultural-politikoaren arteko harremanak tradizio luzea du gurean, baina hala ere, oso gutxi ikertu den fenomenoa da. Jai giroan ematen diren harreman sozialak eta bizipen kolektiboak oso inportanteak dira, horietan ematen diren bizipenak direla eta, eta horrek eragin handia du helburuaren atxikimenduarekiko.

Hitzaldiaren bigarren zatian Euskal Herriko mugimendu feministaren ibilbidearen sintesia egin zuen. Bi garai desberdindu zituen:

  • 70. hamarkadatik – 90. hamarkada hasiera arte:

Garai arrakastatsua. Autoantolakuntza handikoa eta sozio-politikoki oso aktiboa. Genero ezberdintasunak azaleratu zituen, unitarioa izan zen, batzuetan baita sektarioa ere, baina, funtsean, herrikoia eta intsumitua. Ekintza eta presentzia garaia.

Legeei begira lan handia egin zen eta lorpen objektiboak erdietsi ziren. Emakumeen arteko mugimendua izan zen. Lidergoa asko landu zen eta erreferenteei garrantzia handia eman zitzaien. Emakume erreferentzialak bilatu ziren eta adibide gisa jorratu ziren. Simone de Beauvoirren adibidea aipatu zuen.

Bi hamarkada hauen ostean beherakada galanta izan zuen mugimenduak. Estebanek aitortu zuen ez zirela galtzeko prestatu.

  • 90. hamarkadako erdialdetik gaur egun arte:

Ahuldadea kudeatzen ikasi beharreko garaia. Ondo baloratu behar izan da noiz eta nola jokatu. Noiz izan aktibo eta noiz pasibo.

Feminista gazteak askotan estilo zaharrarekin ikusten ditu, erreakzioaren estrategian. Zerbait pasa da eta, danba, erantzuna segituan. Beste erantzun moldeen beharraz aritu zen.

Dena kontuan hartzeko beharra inportantea dela azpimarratu zuen: ona eta txarra, aktiboa eta pasiboa … Bulnerabilitatea onartu eta kudeatu. Nola? Diagnostikotik bertatik kontuan hartuz. Adibide gisa bertsolaritza aipatu zuen. Bertsolaritzaren gaur egungo arrakastaren faktoreetako bat ahuldadea ezaugarri propio gisa onartu izana izan da, Estebanen ustez.

Horrekin lotuta, paradigma teorikoen aldaketa aipatu zuen. Teoria postmoderno berritzaileak egokitu eta barneratzeko ahalmen handia izan du feminismoak.

Nahiz eta kontraesanak eta nahasmena sor ditzakeen: Nola defenditu bide berriak eta mantendu molde zaharrak?.

Euskalgintza antzeko atakan dagoela aipatu zuen. Kulturen arteko mugak geroz eta lausoagoak diren heinean, kulturartekotasuna defendatzearekin batera euskal hiztunak defendatu beharko dira eta horrek kontraesanak sortu ditzake.

Azken urteotan feminismoak 4 zutabe jorratu dituela esan du: instituzionala, akademikoa, elkarteak eta teknikariak. Horien guztien arteko topaguneak beharrezkoak eta aberasgarriak direla aipatu zuen, horiei esker errealitate berriak sortzen direlako. Gaur egungo jabekuntza eskolak horiek direla esan zuen.

Belaunaldien arteko gatazka ere aipatu zuen. Feminista klasikoak vs. feminista modernoak. Eta hori oso aberasgarria ere badela argitu nahi izan zuen. Euskalgintzan, adibidez, belaunaldien arteko gatazka oraindik ez dela eman esan zuen Estebanek.

Bidaltzailea: Mikeldi Zeberio eta Elias Zumalde, Emuneko teknikariak

Erantzun