Enpresa, sarea eta hizkuntzak

Osteguna, 2011ko azaroaren 10a

EMUNeko lantalde bat, bezero zehatz batzuen kezkari erantzunez, enpresek sare sozialetan zein hizkuntza erabili behar dituzten hasi zen aztertzen. Uste dugu edozein enpresaren kezka izango dela epe motzean eta, horregatik, arazoa orokortu eta ikerketa proiektu bat jarri dugu martxan.

Gaur egun, enpresa eta erakunde askoren komunikazio kanal bihurtu dira sare sozialak. Enpresa eta erakunde hauek bere bezeroen hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituzte eta baliteke, gainera, beste komunikazio kanal batzuetarako hizkuntza irizpideak zehaztuta edukitzea. Baina, nola jokatu behar dute sare sozialetan? Zein izan daiteke estrategia linguistiko egokiena?

Social Media 01
Argazkia: Rosaura Ochoa.

Ikerketa honen helburua enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea da, hizkuntza irizpide egokiak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko. Horretarako, sarean aditu-arituekin eta enpresa pribatuekin gaiaren inguruko hausnarketa proposatzen dugu. Ikerketa hau guztia Eusko Jaurlaritzako HPSk diruz lagundu du.

Hausnarketa hau, nola ez, sarean egingo dugu eta aditu-arituen iritziak eta sare sozialen bitartez komunikatzeko ahalegin handian diharduten enpresen esperientziak jasoko ditugu. Bi galdera potolo erantzuten saiatuko gara: enpresak sarean zein hizkuntza erabiltzen ditu, eta zergatik? Nola kudeatzen du?

Flickr Mints
Argazkia: Neal Fowler.

Aukerak asko dira, enpresa bakoitzaren ezaugarriek ere baldintzatu egiten duten euren aukera, bezero mota, merkatua… baina, erakundea euskararekiko sentsibilizazioa badu ere, hainbat zalantza sortzen zaizkio hau kudeatzerakoan: kontu bat hizkuntza bakoitzarentzat edo hizkuntza guztiak kontu berean? Korporatiboki, hizkuntza formala edo kolokiala? Hemengo identitatea mantenduz eta munduarekin hitz egin, nola? Zein balio ematen dio euskaraz egiteak?

Lanketaren emaitza sare sozialetan hizkuntzen kudeaketari buruzko kezka duten enpresentzat gomendio batzuk eta gida bat izango litzateke. Aditu eta erabiltzaileen iritziak kontuan hartuz sortua, enpresak erabili ditzaten.

Uste dugu gaia interesekoa izango dela, eta are interesgarriagoa izatea lortuko dugu zuen esperientzien berri ere izaten dugun heinean. Beraz, zuen parte-hartzea ere ongi etorria izango da.

Datorren astean izango duzue irakurtzeko moduan lehen adituaren lanketa, Joxe Rojasena, hain zuzen ere.

Bidaltzailea: Edurne Gonzalez eta Amaia Mendizabal, Emuneko teknikariak

Erantzunak

  1. [...] hilabeteetan, sarean hausnarketa bideratu du EMUNek enpresen sareko hizkuntzen inguruan. Hausnarketari segida emateko jardunaldia antolatu du apirilaren 17an, Euskadi+innovaren [...]

  2. [...] hilabeteetan, sarean hausnarketa bideratu du EMUNek enpresen sareko hizkuntzen inguruan. Hausnarketari segida emateko jardunaldia antolatu du apirilaren 17an, Euskadi+innovaren [...]

  3. [...] elkarrizketa-sorta argitaratu zuen. Aste honetan #sarekohizkuntzak jardunaldia antolatu du EMUNek, enpresei zuzendua. Bietan hartu dut parte eta bietan arazo bera ikusten det: ulertzen det atzean [...]

Erantzun