Jardunaldien helburua euskarazko produktu, tresna eta praktika onak hurbiltzea izan zen Makina Erreminta sektoreko eta horien inguruko enpresetara.

Miguel Angel Mugika Elgoibarko alkateordearen eta Joxean Egaña IMHko zuzendariaren agurraren ostean, Miren Mateo Hizkuntza Politika Sailburuordetzako zuzendariak berba egin zuen Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaz, Lanhitz egitasmoaz eta makina erremintaren sektoreaz. Ondoren, Makina Erreminta Ekoizleen Elkarteko (AFM) Mikel Artolak sektoreko enpresak euskara planak martxan jartzera animatu zituen.
Danobat , Etxepe , Kondia , INCRESS aholkularitza, Elay , Euskalan , Ahize-AEK , Emun eta Elhuyarren aurkezpenak ere entzun genituen metodologia, esperientzia eta praktika onen inguruan.

Emuneko Ima Elexpuruk gure bezeroen 2 esperientzia aurkeztu zituen: Danobat taldeak hornitzaileekin harremanak euskaraz ere izateko garatutako estraneta batetik, eta taldeko partaide den Lealde kooperatibak bezeroekin harremanak euskaratzeko egindako pausuak, bestetik.
Euskarazko zerbitzu eta produktuen gaineko esperientziak ere aurkeztu ziren. Beste batzuen artean, Fagor Automation eko Iñaki Apaolazak IMHko tailerrean euskarazko zenbakizko kontrolaren erakustaldia egin zuen.
Mari Jose Telleria Eibarko udaleko euskara batzordeburuak eta Oihana Jausoro EMUNeko kideak ARDATZA egitasmoa aurkeztu zuten. Plan horren helburua da Debabarreneko udalek enpresetan euskara planei buruzko sustapena egitea eta euskara plana martxan jartzera animatzen diren enpresei laguntza eskaintzea.
Bukatzeko, Elgoibarko Danobat, Etxepe eta Kondia enpresei euren enpresetan euskararen normalizazioa lortzeko egindako lana eskertu zitzaien. Ondoren, luntxa izan zen Makina Erremintaren Museoan.
Beste bi urteetan antzeko mintegia antolatzeko konpromisoa hartu du IMHk. Espero dezagun aurtengoak fruituak ematea eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen eskaria gehitu eta esperientzia, produktu eta zerbitzuen gaineko informazioa jende gehiagorengana zabaltzea.
Bidaltzailea: Emun
Erantzun