Skip to Content


 Joxean Amundarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Normalkuntza programetako  atalburua da.

Bizitza petrala de tarteka. Azken urte hauetan petralaldi horietako bat bizi izatea egokitu zait; ondorioz, Donostialdeko makina bat erietxe, anbulatorio, gizarte zerbitzuetako bulego … bisitatzeko suertea izan dut. Azkena gaur bertan.

Halako toki gehienetan egoten da harrera gune bat  eta hara joaten naiz ni, euskara ahoan eta  TELPeko ikastaroetan ikasitakoa poltsikoan dudala. “Egun on …” Denetako bizipenak izan ditut, halere oraindik ere harritu egiten naiz euskaraz egin eta harritu aurpegia jartzen didatenean. Nola da posible hori gertatzea hizkuntza bat ofiziala izan eta 30 urtera? Non eta erakunde ofizial edo hitzartu batean?

Donostialdean bizi dut egoera hau, jakina; segituan konturatzen naiz zer izan daitekeen zerbitzu publikoak euskaraz jaso nahi izatea Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan.

Jakina, mahaiaren beste aldetik ere bizi izan dut egoera hori. Lanean askotan izan dugun euskarazko zerbitzuen erabilera mintzagai. Hala esan izan digute tarteka,  gutxi erabiltzen direla euskarazko zerbitzuak (bide batez, zer da gutxi, zer da asko?), herritarrek ez dituztela (behar adina) eskatzen, aldaketa handiegiak egin beharko liratekeela, etab.

Eta inoiz txunditu izan naiz antolatu izan diren hainbat ekimenen ondoren ez delako kexarik argitaratzen edo kezkatu egiten naiz  hainbaten ahaleginek ez dutelako nahi izango genukeen (edo merezi izango luketen) erantzuna izan. Poztu ere, poztu egiten naiz, jakina, esaten didatenean berrogei mila gipuzkoarrek baino gehiagok harremanak euskaraz izan nahi dituztela Ogasunarekin.

Euskaldun aktibo naizen aldetik eraginkorrago nola izan jakin nahi dut. Administrazioko langile naizen aldetik herritarrek euskarazko zerbitzuak erabili ditzatela nahi dut, administrazioaren euskarazko eskaintza ikusgarriago egin nahi dut. Horretarako ezinbestekoa dut teoriekin janztea, ikerketak ezagutzea eta praktika zehatzen berri izatea.

Kezka horiek ditudalako joango naiz aurten Udaltopera. Beno, ez bakarrik horregatik, aspaldi ikusi gabeko lagunak ikusi nahi ditut, lankide berriak ezagutu nahi ditut, gure arlo profesionalean ze kezka dauden ezagutu nahi ditut … Baditut hamaika arrazoi aurten Lasartera joateko, eta zuk?

Irakurtzen jarraitu...

Bilbon ekainaren 12an aurkeztu zen prentsa aurrean Language Rich Europe proiektua. Horren ostean, hainbat komunikabidetan agertu da haren berri.  Egia esan, aspaldian prentsaurreko batean egoteko aukerarik gabe, ahaztuta neukan kazetariek titularra bilatzeko duten grina. Horren ondorioz, hurrengo egunetan bertaratutako kazetarien titularren bila jo nuen.

Irekian edo zuzeun esaterako, ikerketaren txostenean jasotzen direnak bere horretan laburtu zituzten. Beraz, lana aurreratu zidaten, ez baitut laburpen hori errepikatzeko asmorik.

Deiako kazetariak aurkitu zuen titularra ikerketaren erpin batean: irakasleen ingeles maila eskasa.  Albistea horren inguruan landu zuen, bikoizketaren eragina ere aipatuz. Berriak eta El Paisek ikerketaren laburpena eta prentsaurrekoan Ivan Igartuak aipatutako ondorio nagusiak jaso zituzten eta El Paisek inkesta soziolinguistikoko datu batzuk gehitu zituen, sarrera moduan.

(Uste dut kazetarientzat formatu berriak behar ditugula hizkuntzari buruzko ikerketen berri modu egoki batean eman nahi badugu. Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko Kale Neurketaren datuak emateko kazetariekin egin nahi duen lan-gosaria adibide oso egokia izan daiteke.)

Irakurtzen jarraitu...

Hezkuntza da arlorik eleanitzena eta etorkinen hizkuntzak gutxien babesten direnak.

Language Rich Europe ikerketaren emaitzak aurkezten ari dira Europa osoan zehar. British Councilek bultzatutako ikerketa honek hiru helburu nagusi ditu:

-       kulturarteko  elkarrizketa sustatzeko jardunbide egokien trukea erraztea

-       hizkuntza politikak eta praktikak garatzeko europar lankidetza sustatzea

-       EBren eta Europako Kontseiluaren gomendioei buruzko kontzientzia areagotzea

Helburu horiek lortzeko bideari ekiteko, diagnostiko lan bat egin da 18 herrialdeetan, bertako hizkuntza errealitatea ezagutzeko. Hizkuntzak lau multzotan banatu dira:

-       Atzerriko hizkuntzak

-       Eskualde edo gutxiengo hizkuntzak

-       Etorkinen hizkuntzak

-       Hizkuntza nazionalak

Kataluniako diagnostikoaren emaitzetan Universitat de Barcelonako ikertzaileek aipatu duten moduan, hizkuntza nazionalak eta gutxiengo hizkuntzak kontzeptuek gurea moduko errealitate batean gaizki ulertuak sortu dituzte.

Language Rich Europe ikerketan  8 arlo nagusi neurtzen dira (ikus azpiko irudia). Lehen lau arloak dokumentu objektiboak oinarri hartuta aztertzen dira eta hurrengo laurak lagin bati pasatako inkesten bidez. EAEko datu bilketa hau EMUNek egin du:

 

 

 

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Gobernuaren asmoa da euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzea eta bide horretan udalak nahitaezko aliatutzat ditu. Konplizitatea eta lankidetza bultzatu nahirik, ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalen arteko elkarlana sustatu du, Udal<>ekin egitasmoaren bidetik. Horretarako, hiru tipologiako lankidetza eredua jarri dugu abian, biztanle kopuruaren eta euskaldunen ehunekoaren arabera antolatuta.

Batetik, UEMAn biltzen diren eta ezaugarri berdinak dituzten udalak (biztanle gutxien eta, ehunekoetan, euskaldun gehien dituztenak; > %80). Bestetik, euskaldunen bataz bestekoa altua (%60-80 artean) duten herri kozkorrak (4.600-22.000 biz.). Eta azkenik, euskaldunak %60 baino gutxiago diren herri eta hiriak.

Ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalek proiektu elkartuen bidez irtenbideak elkarrekin diseinatzea proposatu dugu, praktika-komunitateak antolatzeko beste abiapuntu bat izango da. Tipologia bakoitzeko bizpahiru proiektu diseinatzea aurreikusi da.

Lankidetza eredu hau dagoeneko aurkeztu zaie udal ordezkariei eta euskara teknikariei, legegintzaldirako Foru Gobernuaren asmoak aurkezteko berariaz antolatutako bilkuretan eta begi honez hartua izan da ikuspegi hau.

Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu arduradun politikoen babesa eta inplikazioa lortzea, eta ziur gaude horretarako prestasun osoa izango dela denon partetik. Euskara teknikaria-zinegotzia binomioak garrantzia berezia hartuko du, beraz.

Iruditzen zaigu lankidetza eredu hau egokia izan daitekeela euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzeko eta horretan saiatuko gara.

Bidaltzailea: Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia)

Irakurtzen jarraitu...

Parkean nago. Umeak, 7 urteko lau mutil, txabola apaintzen dabiltza, harri koxkor, egur, makil eta bestelakoekin. Lau dira, lagunak, ikaskideak. Asmakizun betean dabiltza. Hurbildu zaizkio beste hiru lagun, eta tak, erdaraz hasi dira. Lehengoan Eibarko hizkuntza transmisioaren jardunaldian Paula Kasaresek esandakoak datozkit gogora:

Hizkuntza baten indarberritzearen termometroa parkean, egoera komunikatibo ez instituzionalizatuan, hartzen da. Indarberritzearen xedeetako bat bete da parkean umeak euskaraz ari direla ohartzen garenean.”

- Beñat, Anartz, zergatik egiten diezue erdaraz? Galdetu diet nik.
- Ez dakite ondo. Erantzun didate.

Baita zera ere! Haiek hobeto dakite euskaraz zuek erdaraz baino, eta, hala ere, zuek erdaraz ari zarete pentsatu dut nik.

Irakurtzen jarraitu...

Eta halaxe egin genuen aurtengo Udaltop topaketan -ponentzien bideoak eskuragarri daude-; lehendabizi adituak entzun genituen eta, ondoren, talde-lanean, entzundakoaren barneratze eta kokatze lanari ekin genion.

120 bat lagun bildu ziren 10 taldetan; talde bakoitzean dekalogo bat osatu zen,  metodologia zehatz bat erabilita. Hamar dekalogo horien elkarketaren emaitza da “Hizkuntza-politika periferiatik erdigunera eta erdigunetik sail guztietara eramateko dekalogoa”:

Irakurtzen jarraitu...

Euskaraz bizi nahi dut baina…  hitzaldia eman zuen pasa den astean Iñaki Martinez de Lunak Bergaran. Datorren martxoaren 17an Euskaraz bizi eguna ospatuko da Donostian eta hitzaldi hau, beste ekitaldi batzuekin batera, egun horretarako “motorrak berotzeko” aprobetxatu nahi izan dute Jardun elkarteak eta EHEk.

Hitzaldi polita eman zuen Iñaki Martinez de Lunak Bergarako Kultur Etxean. Euskaraz bizitzeko euskaldunok egunerokoan aurkitzen ditugun zailtasunez jardun zuen, maila pertsonalean, gertuko harremanetan eta gizarte mailan. Hiru mailen arteko oreka beharrezkoa dela aipatu zuen eta  gizarte mailako lanketak bakarrik, esaterako, ezer gutxitarako balio duela. Artikulu honetan ez genuke nahi hitzaldi guztiaren laburpena egitea. Horretarako, hobe Iñaki bera entzutea! Deigarriak egin zaizkigun kontzeptu batzuk komentatuko ditut.

  • Bortizkeria sinbolikoa. Bordieu soziologo eta filosofoaren kontzeptua oinarri hartuta, euskaldunok geure buruari ezartzen diogun eta gizarteak ezartzen digun bortizkeria sinbolikoaz jardun zuen. Ez da bortizkeria fisikoa baina sarritan hori baino gogorragoa izan ohi da.
  • Motibazio afektiboa vrs. efektiboa. AED-ek 2010ean egindako ikerketatik ateratako kontzeptua azpimarratu zuen. Bere ustetan, badugu motibazio afektibo baina hori ez dugu efektibo bihurtzen. Hau da, gure jarrerak ez dira portaera bihurtzen. Hori oinarri hartuta, disonantzia kognitiboaren gaia ekarri zuen. Horren arabera, gure jarrera eta portaeren arteko disonantziak luzaroan ez ditugu mantendu nahi eta beraz, portaera ez badugu aldatzen, hau da, euskara erabiltzen ez bagara hasten, jarreraz aldatzen dugu.
  • Gaixotasuna errekonozitu. Ondoren, maila pertsonalaz jardun zuen Iñakik. TELP tailerraren garrantzia azpimarratu zuen. Euskaldunok egin beharreko lehen pausua, beste terapia batzuetan bezala, “gaixorik gaudela” errekonozitzea da. Onartu behar dugu, ahal dugun guztietan ez dugula euskaraz hitz egiten, badaukagula “españolito/frantsesito” bat barruan. Hori onartu ostean, “terapian” has gaitezke eta egoerari aurre egiteko baliabideak eskuratu.
  • Komunikazio egokia indartu. 10 hilabetetan hainbat egunkaritako lehen orriak aztertu ditu Iñakik eta euskararen inguruan berri negatiboak direla ia guztiak ondorioztatu du. Berria eta Noticias taldeko egunkariak dira  berririk negatiboenak ematen dituztenak, gainera. Komunikazio estrategia aldatu beharraz mintzatu zen.
  • Euskalgintzaren estrategia birpentsatu. Gaur egungo egoeran, estrategia birpentsatu beharra daukagu. Adibide moduan, Euskal Herrian Euskaraz hartu zuen. Unai Larreategiri Argiak egindako elkarrizketatik hainbat aipamen atera zituen.

Zer transmititzen genion guregandik gertu zebilen euskaldunari, euskaraz bizitzeko izugarrizko grina zuenari, eguneroko bizitzarako? Aktibo egon behar ginela bai, baina aktibo besteekiko, eskatzeko, aldarrikatzeko… Konturatu ginen defentsa mekanismoak kendu gabe, eraikuntza mekanismoak martxan jartzeko garaian geundela. Hizkuntza Eskubideen Eguna egitetik Euskaraz Bizi Egunera pasa gara.

Hausnarketa oso interesgarriak, gaurtik aurrera ere pentsatzen jarraitzeko!!!

Bidaltzaileak: Olatz Olaso eta Larraitz Madinabeitia, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Garabideko kideak orain dela aste batzuk Emunen izan ziren ikastaro bat ematen. Garabide zer den eta zertan den azaldu ziguten han.

Garabide: lankidetza linguistikorako elkartea from lantalan on Vimeo.

Handik egun gutxira, euskararen berreskuratzearen esperientziaren hirugarren alea aurkeztu zuten: hedabideen ingurukoa (lehenengoa orokorra izan zen eta bigarrena estandarizazioaren ingurukoa).

Irakurtzen jarraitu...

Carballon Txepetxi egin genion elkarrizketaren bigarren zatia dakargu gaurkoan.

Txepetxekin berbetan (1)

Galdera: Gaur egun zure liburuak eskuratzeko arazoak daude; berriro liburutegietan jartzeko aukerarik ba al dago?

Txepetx: Dinamika orokorra da: liburu asko azkar deskatalogatzen dira. Bizitza eta Hitza Fundaziotik pentsatu genuen argitara ematea, baina karga profesionala handia zen eta ez da argitara eman. Bideratu beharko litzateke beste moduren bat liburuak eskuragarri egon daitezen.

Galdera: Euskarak zeresana lortu behar duela esan duzu goizeko saioan. Gero eta gehiago erabiltzen da, baina gero eta gutxiago esateko. Bihotzik gabeko hizkuntza komunitatea da gurea gero eta gehiago. Horri lotuta, guk askotan ere gauza bertsua ikusi dugu. Funtzio formaletan euskarak aurrera darrai, baina informalenetan, intimoenetan, ordea, ez. Ura bodegatan sartzen ari zaigu: familian, lagunartean, herririk euskaldunenetan, …

Txepetx: Euskara, galegoa eta katalana konstante antzeko batean daude: hizkuntza intermedioak dira, azkarrak baina ez burutsuak; sortzaile/produktore burutsu gutxi eta bitartekari azkar asko dago. Arlo politiko-ekonomikoan gertatzen dena hizkuntzarekin gertatzen da.

Ekonomia kolapso egoeran dago eta burutsua izan behar da egoera gainditzeko; bidezko merkataritzak bizitza laguntzen du, pozoindu gabeko produktuekin dihardu. Denda txikiek ezin die handiei aurre egin; bitartekariak iraunarazteak ekoizleak pobretzen ditu.

Iparraldeko egoeran pastorala adibide ona da: hizkuntza mantentzeko bitarteko bizia da. Harremanak sortzen ditu, hizkuntza mantentzen duzu, hizkuntza ikasteko metodoa da. Kohesioa sortzen du ikasketan, denok dira horren partaide. Kohesioa dator erabileratik. Ezagutza horren arabera eraiki behar da. Eta ezagutza lortzen da. Eta horrek sortu behar du transmisioa modu naturalean. Eta hor ez dago barne diglosiarik, batua eta zubereraren artean.

Jantzi hori izanez gero, zubiak sortu ditzakezu. Bestela ez. Adibidez, bertsolariek sortu dituztenak. Eredu malgu horiek eredu zurrunek ordezkatu dituzte; eredu zurrunek eskasia eta pobrezia adierazten dute, gainera. Eta, aldiz, eredu malguak aniztasuna sortzen du. “O esto o nada”rekin motibazioa apurtu egiten da.

Galdera: erabileran gazteak kezka iturri dira euskararen erabilera txikiagatik.

Txepetx: Erreleboa falta da ia gizarte-eremu guztietan. Zergatik ez da erreleboa ematen? Gaur egun ditugun informazioa transmititzeko mekanismoak (eskola, egunkariak, alderdi politikoak, …) XIX. mendean sortu zirenak dira, XIX. mendekoenak XXI. mendekoei emanak. Berandu helduko gara. Denbora azkartu egin da: informazioa eta lurraren narriadura.
Bestearen lekuan jartzen garenean zaborra saltzen ari garela konturatzen gara. Gazteei galderak egin behar zaizkie: lehen galdera hauxe da: Zer amets duzue? Bigarrena: zure amets horretan denontzako tokirik ba al dago? Eta erantzuna baiezkoa baldin bada, hirugarren galdera: zein tresna behar duzue gugandik horretarako? Eta horietatik zein eman dezakegu guk erabaki.

Hizkuntzak gozamenerako balio behar du, bizirik egoteko plazerarekin lotuz, beraiekin eginez eta beraien beharretara egokituz. Prozesua gazteek beraiek egin behar dute, euren bizitzen protagonistak bihurtuz, geuk geureena izan ginen bezainbeste.

Galdera: Kontuan hartuta elebitasun orekatu betierekorik ez dela posible eta gaur egun etengabeko hizkuntza ukipenean bizi garela, nola antolatu lurraldeak (gune geografikoak), hizkuntzen funtzio-banaketa, pertsonen/hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen hegemonia-premia (hizkuntza minorizatuek aurrera egiteko nahitaezko arnasguneak behar baitituzte)? Adorez eta atseginez mintegiko oinarrizko printzipio hura (Lurralde bakoitzean hizkuntza bat, eta hizkuntza bat lurralde bakoitzean) posible al da gaur egungo globalizazio garaian?

Txepetx: Herri linguistikoak kokapen fisikoa behar du, baina ez da bere espazio bakarra. Espazio birtuala ere hizkuntza baten espazioa da. Euskararen funtzio guztiak euskaraz egin daitezke, gaur egun, Australian. Horrek garai bateko traba kendu behar digu, orain 30 urteko traba, hain zuzen ere. Immigrazioak sortzen duen beldurra gehiegizkoa da, beraz.

Ereduak kopiatu beharrean berezko modeloak bultzatu behar dira, geneukana, oinarrizkoa galdu gabe. Levanteko kostaldeko herri batzuetan hizkuntza anitz elkarbizi dira (ondo ezagutzen dudan batean, esaterako, 35 hizkuntza: Europako, Afrikako eta Asiakoak). Bizitzaren amaieran daudenek ez dute hizkuntza ikasten, beraien komunitatean bizi dira. Elebidunez -beraien bilobak, gehienetan- baliatzen dira beraien beharrak asetzeko. Haur horiek gutxienez hiru hizkuntza baliatzen dituzte. Hizkuntzen aldeko jarrera horrek duen abantaila ikusteak du eragin handiena immigrantearengan.

Krisia dela eta ez dela, gizarteko multzo askorengan joera ezkorra zabaldu da. Baina gauden egoera berri hau nik oso positibotzat jotzen dut: jadanik dagoen irtenbide bakarra denontzako izan behar delako.

Galdera: Hizkuntza ekologiaren eta hizkuntza aniztasunaren aldeko diskurtsoan, nola uztartzen dira hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen nagusitasun eskubidea edo hegemonia? Hau da, EHko enpresa batean hiztun gaztelaniadunak informazioa gaztelaniaz jasotzeko eta lana gaztelaniaz egiteko daukan eskubidea nola uztar daiteke enpresa horretan euskara hutsezko gune propioak eta esklusiboak izateko eskubidearekin?

Txepetx: Hori ulertzeko, eredu mental dikotomikotik (= “edo zu edo ni”) irtetea beste erremediorik ez dago, eta eredu mental integratuan sartzea (“zu eta ni”). Baina hori ez da normalean gertatzen, ez behintzat kontzientzia aldaketarik ez badago. Zehatz esatearren: ez da gertatzen bihotzaren eta buruaren arteko konexioa aktibatu ezean. “Gobernuari tiro bat jo eta iraultzari tiro bat jo” egin nahi den bitartean (mexikarrek dioten bezala), bateraezinak diren egoeretatik etekina atera nahi den bitartean ez dago irtenbiderik -esaterako, herritar partikularrari estortsio finantzarioa egin eta, gero, entitate finantzarioak berak porrot egiten duenean denon diruarekin onbideratu; kapitalistekin sozialista izan eta sozialistekin kapitalista, aberatsekin pobre eta pobreekin aberats, baserritarrarekin urbanita eta urbanitekin baserritar, indigenarekin mendebaldarra eta mendebaldarrekin indigena, ekoizleari produktua desbalorizatuz merke erosi eta erosleaz abusatuz garesti saldu, etab… Lixto bixkorren garaia amaitu da. Lurrak beste adimen bat behar du. Adimen ausarta eta bere buruarekin kontsekuentea. Horretan dagoeneko ez dago, ezin da egon, -salbuespen partikularrik edo nazionalik-.

Galdera: Kontuan hartuta elebitasun orekatu betierekorik ez dela posible eta gaur egun etengabeko hizkuntza ukipenean bizi garela, nola antolatu lurraldeak (gune geografikoak), hizkuntzen funtzio banaketa, pertsonen/hiztunen eskubideak eta hizkuntza gutxituen hegemonia premia (hizkuntza minorizatuek aurrera egiteko nahitaezko arnasguneak behar baitituzte)?

Txepetx: Laboreen legeek ez dute iraungitze datarik, baina elikagaiek bai. Ideia soziologikoek ere bai. Lege zientifikoek, ordea, ez. Nire teorian zati bat dago iraungitzen ez dena, ez delako soziologikoa, “hizkuntzaren aljebra” da. Baina beste zati bat bai, iraungitzen da, dagoeneko existitzen ez den gizarte bati aplikatzekoa zelako. Horregatik, orain dela 25 urte balio zuen orok gaur egun ez du balio. Gaur egun ez dago irtenbide partikular balekorik ez badu beste edozein pertsonarentzat edo naziorentzat balio. Edo, bestela esanda, hizkuntza funtzioen eskailera ezin da orekatu ezta maila bakar batean ere maila bat bera ere desorekatuta badago (eta maila horietako bat norbanakoa da, eta beste bat gizateria oro har).
Hori azaltzeko hemen ez ditudan espazioa eta denbora behar ditut eta, horregatik, onena da nire maisu handi batek zioena esatea (nirea eta euskaldun entzutetsu askorena, Lizarraga, Axular, Orixe, Villasante, Iñaki Larrañaga…):

Entzuteko belarriak duenak, entzun beza (Mt, 13,9)

Galdera: Adorez eta atseginez mintegiko oinarrizko printzipio hura (Lurralde bakoitzean hizkuntza bat, eta hizkuntza bat lurralde bakoitzean) posible al da gaur egungo globalizazio garaian?

Txepetx: Ez da jadanik posible eta ezta onuragarria ere.

Galdera: Hizkuntza ekologiaren diskurtsoa Euskal Herrian azken aldion modan dago hizkuntzaren aldeko erakundeen artean. Baina nago han ez dugula oso ondo ulertu zer dakarren diskurtso berri horrek. Ez dugula oso ondo ulertu zertan datzan. Hizkuntza aniztasuna bai, baina subsidiriatate printzipioa ez. Subisidiriatateak zerikusi du zeresanarekin zure ustez?

Txepetx: Nahiago dut diskurtso horren inguruan momentuz nire irizpiderik ez eman.

Galdera: Zein diskurtso erabiliko zenuke erdaldunekin? Autozentratzeko egitasmoek gero eta indar handiagoa dute gurean, baina aldi berean ez dakigu oso ondo zelan erakutsi gure burua euren aurrean.

Txepetx: Hori bera:
“Besteak zuekin egitea nahi duzuen guzia, egizue zuek ere haiekin”(Mt 7,12).
Printzipio horrek ez du iraungitze datarik. Eta norabide bikoitza dauka. Ez da soilik kristau zibilizazioaren printzipioa (bide batez esanda, legearen aurrean denok berdinak garela asmatu duena da eta, hortik, demokrazia, funtzionamendu politikorako bide gisa). Bizi legea den printzipioa da. Konfuzion ere formulatuta dago (Txina, K.a. 551-479), bere osotasunean, gainera: “Ez egin besteei zuri egiterik nahi ez duzuna eta ez egin zeure buruari besteei egingo ez zeniekeena”.

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Carballon, 2011ko uztailaren 20an.

Bederatzi urtez isilik egon ondoren, Jose Maria Sanchez Carrión soziolinguistak hitzaldia eskaini zuen Galizan, VII Curso de verán sobre dinamización lingüística Traballando en lingua.(Re)Pensando o discurso ikastaroan. Abagune ezin hobea iruditu zitzaigun berarekin solasaldi bat izateko. Gogo onez hartu gintuen. Gaur elkarrizketaren lehen zatia ekarri dugu argitara. Ostegunean bigarren zatia.

Galdera: Txepetx, zer moduz zaude? Hitzaldian aipatu duzu osasunak ez dizula gehiegi lagundu azkenaldian eta, halere, hausnarrean sakontzen jarraitu duzu. Gure pozerako, zu berriz entzuteko aukera izan dugu. Bukatu al da isiltasun-bidea?

Txepetx: Beharra nuen hitzak berritzeko, zentzu pertsonal eta sozial batean. Isiltasunarekiko kontaktua galtzen badugu, hitzek galdu egiten dituzte bere indarra eta edukia. Santiago bidea izan da isiltasunarekin egindako kontaktua.

Lan asko egin dut urte hauetan isiltasunean eta isiltasunetik. Hartu-emanak izan ditut bereziki bizitzaren hizkuntzaren bideko tramu horretan zebilen jendearekin. 2007an Indian izan nintzen, herri indigenekin asko ibili naiz (horiek ere isiltasunaren aldekoak dira), lana egin dut ikerlari batzuekin ( Iñaki Larrañaga, Alain Masson, Nidia Arrobo, Kolonbiako jakintsu indigena batzuekin besteen artean …).

Isiltasun bide hori bukatutzat jotzen dut momentu honetan?
Ez dut uste. Zentzu sozialean uste dut badaudela datu kontraesankorrak. Egoera gero eta larriagoa da, baina ez bakarrik hizkuntzaren ikuspegitik, bizi-iraupenaren ikuspegitik. Iritsiko da momentu bat non bizitzaren iturriarekin konektatuak dauden egiazko sortzaileak guztiz beharrezkoak izango diren denontzat.

Baina horretarako sortzaileek jartzen dituzten baldintzak errespetatu behar dira. Hots, ehiza, irabazia, izan behar da tribu osoarentzat, ez berriz kontzientziagabeko bitartekari bakan batzuentzako.

Jarriko dizuet munduko pentsamendu politikoak oraindik ondo hausnartu ez duen etsenplu bat: 1989an Ekialdeko Europako estatu komunistak hasi ziren porrot egiten, bata bestearen ondotik, haiek baino askoz indartsuagoa zen tsunami batek erasotuta bezala. Estatu horiek guziek eraiki ziren betiko irauteko (haiek historiaren lorpen finala zirelakoan) eta kolapsatu ziren aste batzuetan, egun batzuetan, ordu batzuetan ere, denak barku berean egongo balira bezala. Hondamendi morala, politikoa eta ekonomikoan naufragatu zuten.

Nola ote zen posible? Arrazoi sinple batengatik, bat-batean ageri egin zelako ezkutuan zegoen guztia. Haize gogor batek alfonbrak altxatu zituen, eta alfonbrapeko zikinkeria gela osoan hedatu zen arnasa itotzen zelarik. Eta gero? Gero batzuk suntsitu, beste batzuk, berriz, birflotatu dira. Batzuek galdu dute (eta horiekin batera, noski, belaunaldi oso batzuentzako, Albania lekuko) historiaren trena.
Besteek trena harrapatu zuten protagonista bihurtu zen belaunaldi horiei (25-40 urtetako lagin horretan zeudenak) esker.

Baina galdera hauxe da: zerk bereiztu zituen batak eta besteak? Zer egin zuen haien arteko desberdintasuna? Gauza bat bakarrik: pertsona bakan batzuen (kasu batzuetan pertsona bakar baten) kapital morala-intelektuala, oso gogorrak izen ziren urteetan urte askotako bakardadean eta sufrimenduan mantendu zuten kapital morala, hain zuzen ere.
Kapital politikoa eta ekonomikoa lurruntzen denean azaltzen da bien ezkututako iturria den kapitala. Balore moralen kapitala.

Kapital horrek alde egiten badu ere, ez da irtenbiderik, baina baldin balego barku osoa berreraiki eta birflotatzeko gaitasuna dauka gizakiak.

Orain oso antzeko momentu batean gaude, baina suntsitzen ari den barkua neoliberalismoarena da, ta altxatzen ari diren alfonbrak ez dira komunismoaren alfonbra monokromatikoak, kolore biziko kapitalismoarenak baizik. Alfonbrak ez, baina zikinkeria bestea bezain pozointsua eta arnas ezina da.

Izango dugu guk (Txekian izan zuen bezala) Vaclak Havel bezalako norbait?

Orain, bai, isiltasunari itzuliko gatzaizkio. Isiltasunaren bidearen tramu horretan erabaki nuen Euskal Herritik alde egitea, Euskal Herriko joerak min asko ematen zidalako. Min horri min fisikoa gehituz gero, ezin duzu. Beharra izan nuen distantzia mantentzeko, neure burua aurkitu, nire izate propioa onartu eta horri eusteko. Labur esanda, euskaldunei euren identitate sozialarekin egiten erakutsi nien bezala konturatu nintzen nire identitate pertsonalari eutsi egin behar niona bizirik segi eta aurrera joateko.

Zein identitate? Bide baten semea naiz, nire bidearen semea naiz. Hizkuntzaren semea naiz. Komunitate euskaldunarekin bat egin dut bidean, baina ez modu berezian, ez baldintzagabeko moduan, ez “odolaren legeaz”… beste hizkuntza askorekin egin dudan modu berean baizik, erabaki emankor bezain inkomodoa, maitagarri bezain latza, bizitzak berak erakusten dizkigun baldintzak onartuz … eta kontzientziaren legez, beraz.

Askotan azaldu dudan molekula honetan, hizkuntzaren aberri honetan, euskal komunitatean, ni BA naiz, besteetan 0+ naiz eta beste batzuetan A naiz, B naiz. Komunitate euskaldunaren partaide naiz. Ez nago hizkuntza guztietan jarrera berdintsuan, baina hizkuntza komunitate guztien partaide naiz. Ez nago inoren kontra, ez naiz inoren etsai, ez dut esklusibismo bakar baten partaideirik izan nahi, denon alde nago, euskalduna nahiz erdalduna, zuri edo beltza, kristaua, judua edo musulmana.

Min asko ematen didate hainbat jarrerak, joerak eta ezin ikusiak. Eta min gehiena ematen zidanak izan zen batzuk (nirekin kontatu gabe) nire pentsamendua ere horretarako erabili nahi izatea. Pentsamendua ehizatzen jarraitu ahal izateko, ehiza bera, ongi (manipulatu edota poizondu gabe) ez bada sozializatzen eta denak elikatzeko moduan, agortzen da.

Euskal Herrian badago ondo funtzionatu ohi zuen mekanismo bat, transmisio mekanismo bat: pentsamendutik ekintzara pasatzeko mekanismoa. Idiosinkrasia latinoa euskaldunarekin konparatuz gero, latinoak asko pentsatzera ohituak (filosofia grekoek asmatu zuten) dira, baina ez horrenbeste pentsatutakoa ekintzara eraman (pragmatismoa Europako iparraldeko herriek baitzuten asmatu).

Euskaldunek, bien artean egonda, ez zuten horrenbeste jantzi teorikoa behar, baina zerbait ulertzen zutenean gogo bat zuten hori nola gauzatu litekeen probatzeko. Garai batean horrela izaten zen. Orain berriz “pentsamendu light” (delako globalizazioa) hedatu denez, psikomolde sozialak uniformatu dira nonahi.

Zerk ez du funtzionatu? Pentsamenduaren aurretik sortzen den pentsamendu sortzailetik aplikatura dagoen bideak. “La ecologia de las lenguas” entseguan esaten nuen “la motivacion racional es el motor del cambio lingüístico”.
Halaz ere eman ditugun irakasgai asko sendagai izan ordez, pozoi bezala erabili dira. Zergatik? ”Para aplicar la motivacion racional debes haber sanado el odio irracional”.
Hainbat zaurik eta ezinikusik ez diote bidea ematen motibazio arrazional bati. Motibazio arrazionala azpian dagoen sentimendu irrazional batekin nahasten bada, uzten du arrazional izaten eta irrazional bihurtzen da. Horrexegatik hitz berdintsuak askotan oso gauza desberdinak adierazten ari dira.

Arazoa da aurrera joateko behar den motibazio horrek beti dituela izen-abizenak. Batzuk marka politiko batekin, besteek bestekin, eta besteek markarik gabe. Euskal Herrian irtenbidea itxi duten bi gauza gertatu dira: alde batetik marka zeutenek bere markako interesak hizkuntzen interesen gainean jartzea. Eta bigarrena bipolar bihurtutako gizarte horretan pisu soziala kendu edota ez eman markarik gabe genbiltzanoi.

Horrexegatik bipolaritate horretatik kanpo geratu garenok (horrela geratu nahi genuelako) besteek errentabilizatu dituzten alor dezentetan pioneroak izan bagara ere, sozialki desagertu gara; “inbisible” egin gintuztelako.
Baina egitan diosuet: hasiera batean eraso injustutzat jo banuen ere, denborak ematen duen distantziarekin mesedea bihurtu zait. Inbisible bihurtzen zarenean inbisibleak direnak ikusten hasten zara eta. Eta da haiekin batera eta haien artean egiazko bizitza hasi eta hezten dela beti ere.

Epe zehatz bati eginen diot orain nik erreferentzia (1990-2000). Garai horretan diskurtso honen inguruko ikastaroak ematen genituen: entzule gehienak teknikariak edo funtzionarioak ziren. Ez dago biderik euskara funtzionarioen hizkuntza bihurtzen baldin ba dugu, bera ere inbisible bihurtu den hiztun arruntari gure planteamenduak ekarri diezaioken arnasa ez bazaio iritsi arazi.

Hori zen arrazoi bat (ez bakarra) zergatik transmisio prozesua moztuta geratu zen. Harrezkeroztik bere kaxatik bestek transmititu duten teoria izan da teoria faltsifikatu bat, edo hobe esanda, “trasjenikoa”, mundu berri bat sortzen laguntzeko funtzionatzen ez duenak funtzionatu ez dezakeelako.

Baina koherentzia printzipio horrekin batera kontzientziaren nukleo txiki bat behar da, ama-zelula izan behar duenak, hizkuntza komunitatearen tresna guztiak izan behar dituenak. Zelulako tresna guztiak. Bezero potentzialak dira 0+. Multzo horri iristeko dagoen oztopoa gainditzen ez duen diskurtsoa, sozializatu beharrez, endogamiko bihurtzen da.

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak
Irakurtzen jarraitu...

Back to top

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena.