Skip to Content

Fagor Taldeko Euskara Batzordeen II. topaketa izan zen pasa den ostegunean, hilak 26, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Iazko lehen ekitaldiaren emaitza onak animatu du Taldeko Euskara Batzordea 2006an ere topaketa antolatzera.

Fagor Taldeko Euskara Batzordeen II. topaketa izan zen pasa den ostegunean, hilak 26, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, eta 100 pertsonatik gora bertaratu ziren. Iaz egin zuten estreinakoz topaketa Fagor Taldekoek, eta euskara planetako sinergiak aprobetxatzeko eta Euskara Planetako ildo nagusienak bateratzeko oso baliagarria izan zenez, aurten ere egitea erabaki dute.

Aurtengo topaketak helburu bikoitza izan du. Lehena, Fagor Taldeko hizkuntza politika definitzea arlo nagusietan; eta bigarrena, hizkuntza ohiturak aldatzeko gutako bakoitzak dugun egitekoari buruz hausnarketa egitea. Horrez gain, Euskara Batzordeetako kideak elkar ezagutzeko ere balio du jardunaldiak, eta hori ere oso garrantzitsua da lanean jarraitzeko.

Aurtengo topaketaren haritik, Fagor Taldeko gune ezberdinetan kultur ekitaldiak antolatu dira. Kirol-mahainguruak, bertso tailerrak, ikastaroak … Ehunka langilek hartu du parte antolatutako ekintzetan.

Osteguneko topaketa ere interesgarria izan zen. Bixente Elortza Fagor Taldeko Euskara Batzordeko lehendakariak eta Esti Solana Fagor Bulego Orokorretako euskara koordinatzaileak egin zieten etorritakoei agurra. Ondoren, Txema Abarrategi Fagor Etxetresna Elektrikoetako euskara koordinatzaileak Fagor Taldeak 9 urte hauetan euskararen alde egindako lanaren errepasoa egin zuen, eta esperantzarako mezuak emateko ere aprobetxatu zuen:

  • Aukerak baditugu eta horiek aprobetxatu egin behar ditugu.
  • Euskara Planetako protagonistak gu geu gara.
  • Euskararen alde egiten ari garen lanaz gozatu egin behar dugu.

Horren ostean, MCCk onartu berri duen Euskara Normalizatzeko Oinarrietatik abiatuta, Fagor Taldeko hizkuntza politikari buruzko lanketa egin zuten. Atsedentxo baten ostean, Juan Carlos Etxegoien Xamar hizkuntzalari nafarrak hitzaldia eskaini zuen “Bagara ala ez gara” izenburupean, funtsean bertaratutakoei egiten zien galdera bera.

Beñat Ugartetxea eta Asier Iriondoren bertsoek eman zioten bukaera jardunaldiari 18:30ak aldera, eta horren ostean oso giro onean bukatu zuten eguna Oñatiko Nekazarien Elkartean egin zuten afari ederraren bueltan.

Bidaltzailea: Emun

Erantzun

Back to top