Skip to Content

Apirilaren 7an eta 8an, azkeneko hiru urtetan bezalaxe, elkarrekin egoteko aukera izan genuen, Lasarte-Orian, Udaltop jardunaldietan.

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuetako arduradun eta teknikari, eta oro har, euskara normalizazioan jarduten dugunontzako topaketa da. Hainbat gaien inguruan hitzaldiak entzuten, iritziak ematen, taldetan lan egiten, besteak beste, aritzen gara.

Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Izan da aurtengo gaia. Haiek, euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?

Galdera konplexu horri erantzuteko erakunde, udal, elkarte, eskualde…desberdinetako hizlariak izan ditugu. Ondorengo lerrotan, hizlari horiek esandako ideia garrantzitsuenak (eta ez laburpena) azpimarratu nahi genuke:

APIRILAK 7, OSTEGUN GOIZA

1- Eta hizkuntza kar-morteroa izango balitz? Euskara eta identitatearen inguruko hainbat hausnarketa

Jone Miren Hernandezek bi ideia nagusi edo “berritzaile” azpimarratu zituen (idazten ari den honen ikuspegitik, behintzat). Alde batetik, badela Txepetxen teoria (hiztunen ibilbidea) berrikusteko momentua eta bestetik, erdaldunekin diskurtso berria lantzeko beharra dagoela (erdaldunak jasotzaile izatetik emaile izatera landuko duena). Diskurtso berri horrek landu beharko lituzkeen proposamenak ere bota zituen:

  • Erronka aniztasuna da.
  • Hizkuntza eta identitatea lotzen duen dikotomia apurtu egin behar dugu. Hiztuna egon behar du diskurtsoaren erdigunean eta ez hizkuntza.

2- Trebiñutarrak kontzientziatzen, ¿Nosotros también somos vascos?

Trebiñuko euskara teknikariak, Andoni Llosak, beste mundu bat irudikatu zigun, euskara kanpoko elementu bat bezala hartzen duen jendearen ikuspegia, alegia.

Zer egin horrelako errealitate batean? Trebiñutik helburu daukate trebiñutarren memoria (inoiz euskara bertako hizkuntza izan zela) berreskuratzea.

3- Hizkuntzen sedukzioa edo sedukzioaren hizkuntza

Askotan entzun izan dugu euskaldunok ez garela batere seduzitzaileak (hizkuntzaren kontutan, noski). Oraingo honetan Gemma Sanguinesek gogorarazi zigun beste hiztunak erakarri behar ditugula, alegia, seduzitu egin behar ditugula. Horretarako:

  • Hizkuntz gutxituen adopzioa erraztu behar dugu.
  • Gauzak errazak ez dira erakargarriak (askotan euskara ez ikasteko arrazoien artean entzun izan dugu euskara hizkuntza zaila dela. Beraz, zaila izanagatik erakargarria ere izan beharko luke, Gemaren ustez).
  • Hizkuntza seduzitzaileak dira bere baitan beharra eta interesa sortzen dizkiotenak balizko hiztun bati.

Orain arte euskararen mundura seduzitzeko egindakoa aztertuko bagenu, erabilitako argudioen artean euskara ikastea onurekin eta identitatearekin lotu izan dugula ikusiko genuke. Azken hau oso argudio garrantzitsua izan daiteke euskaldunentzako baina erdaldunentzako?

Bazkalostean elkarrekin egoteko tartea. Lanari buruz, gure mahaian behintzat, hitz gutxi. Giro politta.

Arratsaldeko saioan oso planteamendu desberdina izan genuen. Alde batetik, bi ordu erdiko bi hitzaldi eta asko eman zezakeen mahai ingurua.

4- Les bones práctiques un recurs per als serveis linguistics.

Mercé Solék Katalunian egiten dutenaren berri eman zigun. Azpimarratu zuen praktika onak konpartitzea hizkuntzaren normalizaziorako mesedegarria dela, beharrezkoa erantsi beharko genuke. Gonbidapena luzatu zien, batez ere euskara zerbitzuetan dabiltzan euskara teknikariei Linguamonen ere ezagutza eta praktika onak zintzilikatzeko edo horien berri, behintzat emateko. Azkenean oso logikoa da berak proposatzen duena, eragin ona izan dezaketen praktika on horiek denon eskutara jartzea.

5- Euskarara hurbiltzeko jarrera mesedegarri eta oztopatzaileak

Estibalitz Amorrortuk eta Ane Ortegak erdaldunen euskararekiko jarrerak eta aurreiritziak jaso nahi izan dute eurek bururatutako ikerketaren bidez. Azkenean, Udaltopeko jardunaldi honetan bete-betean landu beharreko gaia zen azken hau. Hau da: zer da euskara haientzat?
Estibalitzek bere ikerketan izendatutako multzo baten inguruan aritu zen “bai baina” deitutakoak. Hauek euskararen aldeko jarrera epela azaldu ohi dute. Jardunaldien amaieran izan genuen talde dinamiketan ere azaldu ziren; euskaltzaleak bai baina euskara ikasteko arrazoi nahiko ez edo motibazio eskasa daukatenak.

Ikerketatik ateratako hainbat ondorio interesgarri eta kontuan hartu beharko genituzkeenak:

  • Mesedegarri zein oztopatzaile diren jarrerak ezagutu behar dira.
  • Oso kaltegarriak diren aurreiritziak desegin behar dira.
  • Erdaldunen motibazioak kontuan hartu behar ditugu eta horietan eragin. Adibidez, guraso direnentzako umeekin zerikusia duten ekintzak lantzea oso motibagarria izan daiteke (jolasak, ipuinak…).

6- Hizkuntza politika, euskaraz ez dakitenei begira

Osteguneko azken hitzaldia mahai inguru baten formatuan planteatu zen. Hizlariak, Euskarabideako zuzendaria Xabier Azanza, Euskararen Erakunde Publikotik Bernadette Soude eta Eusko Jaurlaritzatik Lurdes Auzmendi.

Egia da mahai ingururako aforoaren ikusle handi batek alde egin zuela, agian arratsaldeko azken saioa zelako, hizlariak beraiek zirelako edo… Dena den, mahai inguruan aipatu ziren hainbat gauza ez zeukaten gai nagusiarekin lotura zuzenik. Aipatu ziren besteak beste, zein hizkuntza dago arriskutik salbu? gazteen erabileraz ere behin eta berriro jardun zuen Lourdesek eta aipatu ere egin zuen gaur egun ez dagoela gazteentzako euskaraz egindako musika eskaintza zabalarik(?)…ikusten denez eztabaidarako aipu asko baina erdaldunak erakartzeaz ezer gutxi.

Saiatu zen Maite Artola (moderatzaile lanetan) hainbat galdera luzatzen eta ikusleen artean ere galderak egiteko animatzaile lanetan aritu zen baina zaila da horrelako foroetan eztabaida publikoa piztea. Azanza jaunak Nafarroan komunikabideei ematen zaien diru laguntzetan aplikatutako irizpidea defendatu zuenean lortu zuen zertxobait gaia zentratzea. Erdaldunak erakartzeko erdal komunikabideetan euskara ere azaltzea garrantzitsua omen da, nahiz eta horrela euskara hutsean azaltzen diren komunikabideak kaltetu edo euren biziraupena kolokan utzi.

APIRILAK 8, OSTIRAL GOIZA.

7- Nuevos discursos y nuevas estrategias a favor del catalá

Plataforma per la llenguako Josep-Anton Fernandezek Kataluniako ikuspegia eta praktika on interesgarriak ekarri zizkigun.

Berriro azpimarratu zitzaigun (aurreko egunean Jone Miren Hernandezek ere aipatu zuen) hiztuna dagoela diskurtsoaren oinarrian eta hori, diskurtsoa bera, da ekintzarako estrategikoa.

Jardunaldietan zehar lehenengo aldiz azaldu zen hiztun berrien figura eta horiekin erabiltzen ditugun diskurtso motak. Hiztun hauek 1. belaunaldiko katalantzat dituzte eta ez 2. belaunaldiko etorkintzat.

Josep-Antonek ere aipatu zuen hizkuntza adopzioa eta ez hizkuntza integrazioa (oso simil polita erabili zuen. Hizkuntza adopzioa seme-alaba bat adoptatzea bezalakoa izan beharko luke. Hau da, behin hartuta betirako da, zurea sentitzen duzu).

Azpimarratutako kontzeptu interesgarriak:

  • Katalana ez da gutxitutako hizkuntza, ez dago desagertzeko arriskuan. Horrela hartuta lortu nahi diren helburuak desitxuratzen dira. Plataformaren helburua da katalanak Europako Batasuneko beste hizkuntzek dauzkaten eskubide berberak izatea eta ez hizkuntza gutxitu batek lortu beharko lituzkeen oinarrizko funtzioak lortzea.
  • “Lengua común” hitza erabili zuen katalanaren hizkuntza funtzioa adierazteko. Gaztelaniak beteko luke funtzio hori baina katalana zerbait gehiago da: funtzio politikoa, kulturala eta subjektiboa betetzen duena.

Azkenik, El catalá també es meu liburuxkaren berri eman zigun.

Ostiral goizeko ordulariari erreparatuz ohartu ginen nahiko estu ibiliko ginela azkeneko talde-lanak egiteko eta horrenbestez, atsedenaldia aurretik geratzen ziren hiru hizlariek lana izan zuten ordularia kudeatzen.

8- Auzoko aniztasunean elkarbizitza euskaraz  (Topagunea) bi ildo nagusi lantzen ditu kale lana eta euskararen irakaskuntza ez formala lantzen duen egitasmo honek:

  • Komunikazioa, banakakoa eta herri osoari begirakoa;
  • Lagun taldeak osatzea, auzotar eta auzo kideez osatuta (azken hauek euskarara lehenengo aldiz hurbiltzen direnak).

Antzeko proposamena luzatu zigun Petra Elserrek Banaiz, bagara elkartetik. Hizkuntza komunitate diferenteak (hiztunak) elkarrekin heltzeko eta hitz egiteko aukera eskaintzen die euskarara hurbildu nahi dutenei.

Antzeko bi proposamen hauen artean Ana Mindegiak Ze berri? aldizkariaren nondik norakoa aurkeztu zigun. Uharteko teknikariak aldizkari honek Nafarroako euskararen normalizazioan daukan garrantzia azpimarratu zuen. Elebietan argitaratzen da, eta bere banaketa sistemaren bidez hainbat udaletako etxe askotara euskara “sartzea” lortu dute azken urteotan.

AMAIERA: TALDE LANA

Talde lanean Emunek koordinatutako Eragileon aurreiritziak azaleratzeko hausnarketan parte hartzeko aukera izan genuen. Hiru ariketen bidez galdera hauei erantzuten saiatu ginen:

  • Zer da euskaltzale izatea?
    - Erdaldunei buruzko aurreiritzien inguruko ondorioak
    - Erdaldunak euskararen normalizazioan inplikatzeko ideiak
    Talde lanean egindakoa jasota dago, espero dugu praktika on bezala nonbaiten martxan jartzea…

Azkenik, sorpresa izan genuen. Kultura ekintzan Clown bikote batek jardunaldian gertatutakoa laburbildu zigun, umore puntu batez noski (barkatu, ostiralean ere bazkaltzera joan ginela esatea falta zen, ederto bazkaldu ere).

Bidaltzailea: Idoia Illarramendi, Emuneko teknikaria

Erantzunak

  1. Idoiari ahaztu zaio etxekoen berri jartzea; ni neu ere ez naiz konturatu artikulua sartu dudanean, tope guai!

    Saioa eta Gorkak eskaini zutena aurretik ezagutzen genuen emunkideok, prestakuntza saio batean eskaini zigutelako metodologia berdinarekin.

    Han bertan, hainbat teknikari ahozabalik ikusi nituen, gaztelaniaz hasi eta jarraitzen zutela ikusirik. Sator lanetan propio jarritako Mikel Azkarate primeran aritu zen; hizlarien, Gorkaren, kasu honetan, lana erraztu bide zuen-eta.

    Ondoren entzundakoak zorion mezuak izan dira: oso era praktikoa aurkeztu zuten ekimena, luzapen filosofikotatik ihesi, benetan egiten dena erakutsiz.

    Tailerraren balioa agerian gelditu zen; aurrerantzean jarraipen eta osatze bideak lantzeko aukerak aztertu beharko dira.

  2. Eskerrik asko, kronika hau egiteagatik!

    Ohartxo bat: Artikuluan gure elkartearen estekan klikatzen denean, Aiurri asteakarian duela urtebete egindako elkarrizketa bat agertzen da. Informazio gaurkotuago aurkitu nahi baduzue, http://www.ninaizgugara.org blogean izango duzue.

  3. Aldaketa eginda, mila esker.

  4. Ni bukaeratik hasiko naiz ba! Barre algara ederrak bota genituen oholtza gaineko bi artistekin, bi egunetan esandakoak hartu eta umoretsu, tak, arantzaz betetako loreak bota zizkiguten. Modu ona iruditzen zait esandako gauza askori errepasoa egiteko.
    Gainerakoan, etorri berrientzako esperientzia dezente entzun genituen eta inork gehiago sakondu nahi izatera, orain badu norengana jo, esperientzia batzuk han eta hemen lantzen dabiltza eta.
    Katalanek ziaboga eman eta diskurtsoetan eman duten norabide aldaketa argi azaldu ziguten. Orain diskurtsoaren haize berri hauei buruz hausnartu egin behar…

Erantzun

Back to top