Skip to Content

Euskararen berreskuratzea: Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk liburua eta dokumentala argitara eman berri ditu Eskoriatzako Garabide Elkarteak. 70 orri pasatxoko libururuxka eta 40 minutuko dokumentala.

Biek ala biek antzeko edukia jaso dute, nahiz era ezberdinean: euskarak bere biziberritze partzial honetan egin duen bidea erakusteko informazioa. Argazki orokor bat. Hizkuntza orain lau-bost hamarkada zein egoeratan zegoen eta egun noraino etorri den.

Baina gakoak emateko intentzio nabarmenaz. Eta era didaktikoan. Bide hori nolakoa izan den, ze sentimenduk elikatu gaituen, zer egin den, nork egin duen, ze baliabide izan diren, ze erabaki hartu diren… eta titulutik bertatik adierazten den bezala, gako nagusiak behin eta berriz azpimarratuz. Alderdi teorikoa ere badu liburuak, hasieran hizkuntzak berreskuratzeko markoa eskaitzen baita, oinarri soziolinguistikoak jasotzen dira, eta hizkuntzak zelan galtzen diren, eta zelan berreskura daitezkeen azaltzen da. Gero euskararen esperientzia laburbiltzen da eta amaitzeko, sintesi gisa edo, oinarrizko ikasgaiak eman nahi zaizkio irakurleari, euskararen esperientzia oinarri hartuta hizkuntza gutxituak dituzten munduko beste komunitateei zuzendutako mezuak.

Garabidek, izan ere, ez du liburu hau Euskal Herrirako idatzi, ez soilik euskal herritarrontzat, behintzat. Nazioarteko garapenerako lankidetzan aritzen da Garabide elkartea, eta bere jarduerak euskararen biziberritzeko esperientzien konpartitzea du oinarri. Hemen egindakoak besterentzat baliagarri izan dezakena erakustea: “Sumatzen dugu euskararen esperientziak munduko jatorrizko zenbait hizkuntzaren berreskuratze bidea argitu dezakeela…” dio hitzaurreak; “Herri gehienak ez dira beren hizkuntzarekin gertatzen ari denaren larritasunaz ohartzen. Gainera ez dago biziberritzeko estrategiei buruzko kontzientzia garbirik… Uste dugu euskarak izan duen bilakaera partekatzeak eta ezagutzera emateak ekarpena egin dezakeela…”

Lanaren koordinazioa eta edukiaren zehaztapena zein zuzendaritza Garabidek egin du eta Lore Agirrezabal izan da lan horien koordinatzailea. Edukien kontrastea osatzeko HUHEZIko Lanki ikertegiko SARE lankidetza bulegoko kideak, eta Xabier Mendiguren, Dionisio Amundarain, Joseba Intxausti, Lore Erriondo, Xamar, Julen Arexolaleiba eta Joserra Gartzia izan ditu.

Bidaltzailea: Garabide Elkartea

Erantzun

Back to top