
"(...) sumisioa ohikoa da hizkuntza-ordezkapena gertatzerik nahi ez dutenen eta justifikatzen ez dutenen artean ere, gaztelaniarako jauzia ematen baitute maiz, soil-soilik hala egiten ikasi dutelako.(...)"
Zer pentsatuko genuke norbaitek esango baligu ezin duela oso-osorik bere hizkuntzan bizi, non eta bere herrialdean, jaio, hazi eta bizi den herrialdean? Segur aski, giza eskubideak errespetatzen ez dituen hirugarren munduko herrialde bati buruz ari dela pentsatuko dugu, eta NBEk edo nazioarteko beste erakunderen batek esku hartu beharko lukeela. Hala ere, erabateko normaltasunez onartzen dugu euskaldunek ezin dutela oso-osorik beren hizkuntzan bizi, nahiz eta beren lurraldean egon (lurralde horren zati handi batean hizkuntza ofiziala izanik) eta gure zergak ordaindu, beste herritar batzuek, lehen hizkuntza gaztelania dutenek, ordaintzen dituzten bezalaxe, nahiz eta azken horiek baduten aukera eguneko 24 orduetan beren hizkuntzan bizitzeko.
Hizkuntza-sumisioa, hau da, norberaren hizkuntza alde batera utzi eta gaztelaniaz hitz egitea, oso ohikoa da euskal hiztunen artean. Askok hasieratik aldatzen dute hizkuntza, egun on esan eta 'buenos días' erantzuten dieten une berean; beste batzuek, aldiz, egoera jakin batzuetan bakarrik aldatzen dute. Baina ia-ia guztiek egiten dute aldaketa hori une batean edo bestean, egunero-egunero. Batzuetan, hizkuntza-sumisio horrekin batera, mendekotasun-diskurtsoa antzeman daiteke, euskal kultura gutxiesten duena gaztelaniazkoaren aldean, baina ez da beti horrela izaten. Are gehiago, sumisioa ohikoa da hizkuntza-ordezkapena gertatzerik nahi ez dutenen eta justifikatzen ez dutenen artean ere, gaztelaniarako jauzia ematen baitute maiz, soil-soilik hala egiten ikasi dutelako. Txiki-txikitatik, beste euskal hiztunekin euskaraz egiten ikasi dute, baina inork ez die erakutsi gauza bera egiten solaskidea beste hizkuntza batean mintzatzen zaienean, edo bestea zein hizkuntzatan mintzatuko zaien ez dakitenean. Esan beharrik ere ez dago: gaztelaniaz hitz egiten diguten bakoitzean hizkuntza aldatu behar baldin badugu, ekonomikoagoa izango da beti gaztelaniaz egitea; fenomeno hori, bestalde, ohikoa da jada hainbat hiritan, eta lurralde osora hedatzeko arriskua dago, hots, duela hainbat mende Gaztelako koroak abian jarritako ordezkapen-prozesua burutzeko.
Prozesu hori aldatzeko, ezinbestekoak dira gizarte-, lege- eta erakunde-mailako ekintzak. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar hiztun indibidualak direla komunikazio-egoeretan parte hartu, eta egoera bakoitzean zein hizkuntza erabili hautatzen dutenak. Horrenbestez, euskararen gizarte-presentzia areagotzeko ahalegin orok euskal hiztunak beren hizkuntzan mintza daitezen lortzeko egin beharko du lan, baita solaskidea euskalduna ote den ez dakitenean ere.
Euskal Herriaren zati handi batean euskara erabiltzeko eskubidea legez aitortuta egon arren, jakin badakigu eskubide hori gauzatzeak mota eta intentsitate-maila askotako gatazka-egoerei aurre egin beharra dakarrela. Egonezina eragiten du horrek; batzuetan, deserosotasun hutsa, eta, beste batzuetan, baita sumindura, frustrazio eta bizi-nekea ere. Eta sentsazio desatsegin horiek autoestimu ahularen bidea indartzen dute, eta zaildu, norbanakoaren mailan, hizkuntza-normalizazioa lortzea.
Arazo horien aurrean, batzuek uko egiten diote beren hizkuntzaren erabilera normalari (hizkuntza-dimisioa); beste batzuek, berriz, nahiago dute egonezin horri hizkuntza baztertu gabe aurre egin (hizkuntza-fideltasuna). Nolanahi, lehenengoak ere ez dira egonezinetik libratzen. Izan ere, dimisioa, bere horretan, sumisio-jokaera da, eta zail da sinestea sistematikoki solaskideen mende jartzen den norbait gai dela autoestimuari sendo eusteko. Hainbat aurreiritzik lagundu egiten die sumisioa onartzen; horien artean azpimarragarriena, hizkuntza aldatzea gizalegezkoa dela dioena (bide batez, zer esan nahi du horrek, erdal hiztunek ezin dutela gizalegezko izan?). Baina deserosotasuna argi eta garbi azaleratzen da beste norbaitek jokaera intsumisoa erakutsi eta hizkuntzari eusten dionean. Sarri, euskal hiztun sumisoak dira egoera horietan egonezina adierazten lehenak, eta maiz gertatzen da bere hizkuntzaren aurka beligeranteagoak izatea, hizkuntza menderatzaileko hiztunak berak baino.
Bestalde, hizkuntza-fideltasunaren hautua egiten dutenek bistako arazoak izaten dituzte. Hasteko, jasotako heziketaren eta aipatutako aurreiritzien pisua konpentsatu behar da, oro har, norberaren hizkuntza erabiltzera ausartu ahal izateko. Gainera, maiz, solaskideak zalantzan jartzen du jarrera hori (bai “¡Hábleme en cristiano!” klasikoa esanda, bai hain frankista ez den baina, halaber, inposatzailea den “En castellano, por favor” esanda).
Aitzitik, hizkuntzari eusten diotenek norberaren gogobetetzeari lotutako sari batzuk ere lortzen dituzte, sumisoek hain eskura ez dituztenak. Merkatu editorialean erruz ugaritu diren autolaguntza-eskuliburuetako askok azpimarratzen dute ezinbestekoa dela asertziozko jarrera izatea, ongizate pertsonalaren maila onargarria lortzeko. Eta norberaren hizkuntzari eustea, azken batean, asertziozko jarrera da; gainera, aukera ematen digu modu sendoan eta egunero gure herriaren alde, eta, ondorioz, gure buruaren alde zerbait egiten ari garela sentitzeko .
Horregatik, edozein lekutan eta egoeratan euskaraz hitz egiteko eskubidea autoestimuari lotutako aldarrikapena da: gure kidetasuna eta gure hizkuntza-nortasuna duintasunez onartzea dakar, egonezinik sentitu gabe, eta automatikoki solaskidearen hizkuntzaren mende jarri gabe. Eta helburu hori lor daiteke, soilik baldin eta, ideologiaz euskararen alde egoteaz gain, baliabidez hornitzen bagara; euskaraz hitz egiteko aukera emateaz haratago, euskaraz hitz egitean ondo sentiaraziko gaituzten baliabidez.
Hiru kategoriatan sailka daitezke baliabideok: lehenik, kognitiboak, pentsatzen edota geure buruari esaten diogunari buruzkoak; bigarrenik, emozioen kontrolari dagozkionak, nola sentitzen garen kontuan hartzen dutenak eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolean oinarritzen direnak, eta, hirugarrenik, komunikazio-arlokoak, esaten dugunaz gain, bereziki esateko moduari erreparatzen diotenak. Artikulu honetan ez dugu aukerarik baliabide horien oinarri diren teknikak eta estrategiak behar bezala azaltzeko, baina esan dezakegu baliabide kognitiboen eraikuntzan bi maila bereiztea komeni dela. Lehenengoa gure pentsaerari dagokio, oro har; alegia, gure ideologiari edo bizitzaren filosofiari. Maila honetan, autozentratzean aurrera egitea da xede: errealitateari gure posiziotik begiratu behar diogu, ez besteen posiziotik. Hori egiteko zailtasunak kultura gutxitu bateko kide izateak berak eragiten ditu, botere politikorik ez duen eta masa-komunikabide gehienak bere esku ez dituen kultura gutxituko kide izateak. Komunikabide horiek pentsamendu heterozentratua bultzatzen baitute, eta euskal herritarrak, beren kultura eta hizkuntza ez dira pentsamendu horren gune. Hala ere, autozentratzea posible da (bai, behintzat, gehiago autozentratzea), irakurketa, gogoeta eta eztabaida zibilizatuari esker.
Beste maila, arruntagoa eta hurbilagokoa, autoelkarrizketari dagokio, hau da, egoera bakoitzean nork bere buruari esaten dionari. Batzuetan, esamoldeak dira, baita hitz solteak ere, baina ondorengo jokabidearen eragile dira. Emozioen arloan egindako ikerketa zientifikoak erakutsi du autoelkarrizketa hori aldatzea tresna eraginkorra izan daitekeela hainbat egoeraren aurrean sentitzen ditugun -askotan, hala ikasi dugulako- emozio negatiboak aldatzeko. Baliabide hau eta beste batzuk lagungarri izan daitezke euskaraz hitz egitea arraro edo desegoki jotzen den gizarte-egoeretan pertsona askok sentitzen dituzten emozio-egoerak modulatzeko. Azkenik, horretarako baliagarri dira, halaber, komunikazio-baliabideak; alegia, gure solaskideen aurrean azaltzeko eta informazioa emateko dugun moduaren hitzezko alderdiei (mezuaren edukia) zein hitzezkoak ez direnei (ahotsaren tonua, hizketa-abiadura, jarrera, keinuak…) lotutakoak. Bereziki garrantzitsua da kontuan izatea komunikazio-baliabideak ez direla beti gai edo komunikazio-egoera jakin bati buruz benetan pentsatzen edo sentitzen duguna transmititzeko. Hobeto esanda, zailtasunei aurre egiteko modu eraginkor eta errazak dira; zailtasun horiek, askotan sortzen direnez, aurreikus daitezke, eta, beraz, zentzuzkoa da ahalik eta erosoen aurre egin ahal izateko prestatuta egotea. Horrela, gure benetako iritzia gordeta geratuko da, eta iritzi-trukea interesgarria izan daitekeela iruditzen zaigunean azalduko dugu (pertsona jakinei eta egoera jakinetan). Aldiz, ondo asko baldin badakigu gai jakin bati buruz (adibidez, erabiltzen dugun hizkuntzari buruz) eztabaidan hasteak ez digula ekarpenik egingo, eta ez duela balio izango gure ikuspegiak edo bestearenak aldatzeko, komunikazio-baliabideak erabilita, egoera azkar konpondu eta gure energia eta argudioak ekonomizatuko ditugu, egoera egokiago baterako.
Baliabide horiek guztiak ordu gutxi batzuetan ikas daitezke, eta, behin ikasi ondoren, egunez egun aplikatzen ditugun heinean, garatu egiten dira, eta beste baliabide batzuk sortu. Helburua da gure hizkuntza-hautua erosoago bizi dezagun lortzea. Ez luke hain zaila izan behar. Azken batean, lehen hizkuntza gaztelania duen herritar orok dagoeneko eskura duen normaltasun-egoera lortzea baino ez da: traba eta kezka erantsirik gabe nork bere hizkuntzan hitz egiteko duen eskubide gauzagarria eta ukaezina lortzea.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.