Buruntzaldeko lan munduan euskara sustatzeko planeko Jarraipen Batzordeak saioa antolatu du Lasarten, otsailaren 21ean, osteguna, egungo egoeraz eta etorkizunaz hausnarketa egiteko.

Areagotu egin dira azkenaldian lan munduan euskara sustatzeko ekimenak. Dinamika horretan murgilduta daude azken hiruzpalau urteotan Buruntzaldean ere.
Beste hainbat herri eta eskualderen antzera, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek eta arlo sozioekonomikoko hainbat eragilek, EMUN Kooperatibaren laguntza teknikoarekin, enpresak euskararen normalizazio prozesura gerturatzea eta enpresetan euskara planak diseinatzea eta inplementatzea dute helburu.
Ezagunak dira sustapen egitasmoetan garatzen diren ekimenak: eragileentzako formazioa, komunikazio lanak (prentsaurrekoak, diptikoak, buletin digitalak…) sustapen lanak (euskara planak aurkeztu, enpresak bisitatu…)….
Ostegunerako antolatu duten mintegia bestelakoa izango da, ordea. Bertan, lan munduko agenteek eta oso hurbil dauden eragileek hartuko dute parte: sindikatuak, euskara plana martxan dituzten zein martxan ez dituzten enpresetako ordezkariak, Buruntzaldeko udaletako eta HPSko ordezkariak, komunikazio alorreko adituak, sektoreko aholkularitza enpresak…
Helburua ez da sustapen lana egitea izango, baizik eta gaur egungo egoeraz, egiten denaz eta etorkizunaz hausnartzea: errealitatean non gauden, zertan asmatzen ari garen, estrategiak eta baliabideak egokiak diren edo ez aztertzea... azken batean ikastea da helburua, aurrera begirako dinamikan asmatu ahal izateko.
Aipatutako helburuak lortzeko hizlarien artean ere izango da nobedaderik. Ohikoak izan daitezkeen parte hartzeez gain, besteak beste, euskara planean ez sartzea erabaki duten enpresetako ordezkariek hitz egingo dute. Hausnarketa sakona egin nahi den seinale.
Ea mintegiaren helburuak betetzen diren! EMUNeko bi partaide bertan izango direnez, datozen egunetan izango dugu aukera landutakoaren eta ateratako ondorioen berri zehatza izateko.


Erantzunak
Re: "Eta aurrera begira, zer?" mintegia Buruntzaldean
Zer ordutan da? Eta non?
Bidaltzailea: Sebas Noiz: 2008.02.20 08:48
Re: "Eta aurrera begira, zer?" mintegia Buruntzaldean
Kaixo Sebas,
Biharko mintegia, hasiera batean behintzat, ez da planteatzen jardunaldi ireki moduan egiterik. Gogoetarako edota hausnarketarako gunea izango da, parte hartzaile jakin batzuekin eta helburu konkretu batzuekin.
Jardunaldi ireki bateko egitarauik edo antolamendurik ere printzipioz ez du, beraz, interesa dugunok ondorioak kaleratzeko fasea iritsi arte itxaron beharko dugu.
Espero dugu kontua argitzeko balio izango zizula.
Hurrena arte
Bidaltzailea: Lantalan kudeatzailea Noiz: 2008.02.20 10:39