Euskaraz? Pozik gainera! Hori esanez hasi zuten urtea Legazpi, Urretxu eta Zumarragako dendariek eta gogotsu dihardute euskara sustatzeko ahaleginetan.
2006an Urola Garaia Udal Elkartearen eta hiru herrietako euskara zerbitzuen laguntzarekin merkataritzan euskara sustatzeko plana onartu zuten.
Beste hainbat ekintzaren artean, maiatzaren bukaeran lehenengo eta udazkenean ondoren kartelak egiten ikasteko saio praktikoak antolatu zituzten dendarientzako. Bertan dendariek, euskaraz idazteko aholku batzuekin batera, kartelak edo edozein agiri mota euskaraz sortu ahal izateko baliabideak internetetik lortzeko aukerak ere ikasi zituzten.

Hortxe ibili ziren merkatari.net orrian barrena, lantalan.com -ek eskaintzen dituen agiri eta loturen berri ikasten eta baita maiatzeko ikastaroan ekimen honetan bertan sortutako edo bildutako kartel markoak Word eran txukun-txukun beraien ordenagailuetara jaisten ere.
Azken horiek, kartelen markoak Word eran, izan dira Urola Garaiko Merkataritzan euskara sustatzeko ekimen honetako emaitza xume baina txukunetako bat. Gainera Zintzo Mintzo euskara elkarteko www.otamotz.com web guneak eskaini duen leihotxoari esker (aurki Legazpiko zingizango.com gunean ere bai) Urretxu eta Zumarragako merkatariek ez ezik Euskal Herri osoko lantegi, denda edo erakundeek erabili ahal izango dituzte. Bertan dioten bezala: Aukeratu gehien gustatzen zaizun eredua, ... Eskuz eginda baino azkarrago eta txukunago!
Ea ba, gure kale eta lantokietako mezuak euskara jatorrean eta gero eta txukunago ikusten ditugun. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako merkatarienak seguru baietz!


Erantzunak
Erantzunik ez dago.