2007ko urriaren 22a, astelehena

Hiztun taldeak inguruan eragiten

Urriaren 17an, mahai ingurua egin zen Arrasateko Kulturaten Fagor Taldeko Euskara Batzordeak antolatuta. Bertako gai nagusia euskararen erabileran hiztun taldeen funtzioa eta berauengan eragiteko modua aztertzea izan zen.

Mahai inguruan parte hartu zutenak honakoak izan ziren:

  • Jasone Mendizabal, Topaguneko kidea eta AEDko kide ohia
  • Aitor Uriarte, Lasarte-Oriako Ttakun Euskara Elkarteko kudeatzailea.
  • Joxean Alustiza, Fagor Arrasate Koop. E.ko lehendakaria.
  • Janire Ereño, Edesa Koop. E.ko euskara planeko koordinatzailea.

Moderatzailea Fagor Ederlan Koop. E.ko bazkide eta Emuneko bazkide ohi den Jon Ander Loidi izan zen.

Problematika oso desberdinetatik etorri arren (batzuen eragin eremu nagusia herria, besteena enpresa; xede taldeak kasu batzuetan eta besteetan ere oso desberdinak; enpresetan bertan ere bilakaera eta egoera soziolinguistiko desberdinak…) zenbait gako partekatzen zituztela berehala ikusi zen.

Zenbait punturen bueltan ibili ziren berriketan hizlariak:

  1. Izateko arrazoia (euskara plana izateko arrazoia enpresen kasuan): bakoitzak bereak bota zituen arren, integraziorako erreminta modura ikusten zen plana edukitzea edo euskara elkartea bera existitzea, enpresentzat lan-taldea integratzeko, eta elkarteentzat euskaldunak eta erdaldunak integratzeko.
  2. Zer eskaini hiztun taldeei? Argi azaldu zuten hiztun talde guztiak aintzat hartu behar zirela, eta denengana iristeko ahalegina egin behar zela. Erabileran eragiteko gauza izango den multzoari, eragileei, arreta bereziz begiratzen zitzaiola ikusi zen, eta talde honetako partaideak prestatzea behar-beharrezkoa zela. Euskara egin ez baina ulertzen dutenak ere aintzat hartu behar zirela nabaria izan zen. Eztabaida apurra izan zen eragile hauen kopurua oso nekez handitzen delako. Batzuen ustez horrek nekea ekartzen zuen, baina beste batzuek talde honen ezaugarriak bereziak zirela zioten, eta motibazio handiena berauek daukatenez, zaila dela pentsatzea jende asko eta eten gabe horretara iritsiko denik. Edonola ere, euskara elkarteetakoek erdaraz eskaintzen ez dena euskaraz eskaintzera iritsi behar dela azaldu zuten, euskararen erakargarritasuna azpimarratzeko.
  3. Zer egin? Egin beharrekoa erabileran gorantz egiteko nahiari erantzuteko egin behar da. Horri buruz hitz egiteak mahai inguruaren ondorio modukoak biltzeko balio izan zuen:
  • Norbanakoekin lan egitera iritsi (instituzionalizazioa ahaztu gabe).
  • Lana eta herria lotu.
  • Mezu instituzionala serioa izatea, eredu izan. Ezin da pentsatu euskara egitasmoek aurrera egingo dutela berauekiko erabakia dutenek ez badute horretan sinesten dutela erakusten ekintzen bidez.
  • Euskaltzaleekin jardun, gune indartsu bat sortu, eta prestatu (lidergoa eta indarra) aldaketa bultzatzeko, eta aldaketa bultzatzeak dakarren higadurari aurre egiteko.
  • Euskara egiteko aukerak sortu, baina erabiltzaileak normalizazioa aprobetxatzeko prestatu eta kopurua areagotu beharra.

Ondoren galdera eta erantzunen atala zabaldu zen. Atal honetan ere pisuzko ekarpenak egin ziren:

  • Hiztun taldeez gain, interes taldeetan zentratzeak gauzak hobeto enfokatzen lagundu dezake.
  • Interesen bidez iristen ahalegindu behar da.
  • Gauza batzuk euskaraz izango dira soilik, eta horrekin ere euskararen beharra sortzen da.

Bertaratutako berrogeita hamar pertsonak apurka-apurka kalera irten ziren, baina gaiari tiraka jardun zuten oraindik tarte batean Kulturateren kanpoko aldean.

Bidaltzailea: Fagor Taldeko Euskara Batzordea. 16:21 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun