2007ko irailaren 24a, astelehena

Hizkuntza normalizazioa eta motibazioari buruzko jardunaldia EMUNen 10. urteurrena ospatzeko

Hamar urte dira EMUN kooperatiban euskara planak egiteari ekin genionetik.

Hasieran, ordura arte egindako plan pilotuetako oinarrizko metodologiarekin hasi ginen lanean. Harrezkero, ordu asko egin ditugu lanean euskara planak dinamizatzen enpresetan eta bestelako erakundeetan.

Duela hamar urte imajinatu ere egiten ez genituen bideak urratu behar izan ditugu euskara planetan. Sormen lana handia izan da. Asko ikasi dugu elkarrengandik, asko asmatu dugu, baina oraindik ere izugarri daukagu ikasteko eta asmatzeko.

Egiteaz eta ekiteaz gain, eguneroko lanean geldialdi bat egin eta hausnarrean jardutea ere oso beharrezkoa da eta 10. urteurreneko ospakizunak horretarako parada egokia eskainiko digu hausnarketa berezia eginez; parte hartu nahi duten guztientzat irekia eta Euskal Herritik kanpoko lanak hurbiltzeko modukoa.

Jardunaldi honekin geure ekarpena egin nahi diogu soziolinguistika aplikatuaren eta teorikoaren arteko zubia eraikitzeari, elkarren behar handia baitugu. Arlo aplikatuan zein teorikoan, oraindik ere hizkuntzaren inguruko motibazioari buruzko ezagutzan hutsune handiak ditugunez, horixe hartu dugu jardunaldiaren ardatz gisa.

Jardunaldiari hasiera emateko, Kanadako P. MacIntyre-k bigarren hizkuntzan komunikatzeko gogoari buruzko eredua aurkeztuko digu. Ondoren, Valentziako Ferran Suay-k eredu hori hizkuntza gutxitu batera nola aplikatu duten azalduko digu. Goizari bukaera emateko, Emuneko Joxpi Irastortzak enpresetako euskara planetan diharduten langileekin motibazioaren inguruan egindako ikerketa baten berri emango digu.

Arratsalde partean, berriz, goizean ezagututakoak gertuagotik ezagutu ahal izango ditugu eta gainera Euskal Herriko bi esperientziaren berri izango dugu: HABEko Alex Mungia eta Xabier Elortzak Buruntzaldean gurasoen hizkuntza transmisioa indartzeko emozioen ekologia nola aplikatu duten azalduko digute eta Iñaki Eizmendik erdaldunak euskarara erakartzeari buruzko gogoetetan parte hartzeko aukera emango digu.

Jardunaldi hau geure jarduna hobetzeko, berritzeko eta indartzeko baliagarri izango zaigulakoan denoi, Arantzazun espero zaituztegu.

INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN

Bidaltzailea: EMUN. 09:50 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (1)

Erantzunak

Re: Hizkuntza normalizazioa eta motibazioari buruzko jardunaldia EMUNen 10. urteurrena ospatzeko

Interesgarria ematen du, itxura batean, hemen aurkeztu zaigun jardunaldiak. Batez ere, Zinemaldira Richard Gerek ekarri duen "galmourrik" ekarriko ez badu ere, MacIntyre kanadiarrak azalduko duen gaiak piztu dit arreta.

Azken batean, normalkuntzan gabiltzanon gako nagusia ez al da bigarren hizkuntzan komunikatzeko gogoa nola sortu, sustatu, bultzatu...? Beste bi hizlarien gaietatik ere atera liteke zukurik. Ikusiko dugu zer ematen duen...

Bidaltzailea: Ipuntua Noiz: 2007.09.26 13:02

Erantzun