Hizkuntza politikan, gizarte eragileen artean nahiz eragileon eta erakundeen artean, lankidetza ezinbestekoa da. Jarrera horixe defendatu zuen EMUNek Donostian izandako mahai-inguru batean. Hizkuntza politikan gizarte eragileen ekarpena eta papera zein izan behar duen eztabaidatu zuten euskalgintzako eragileek, tartean EMUNek.

Martxoan izan ziren Hizkuntza politika gizartean jardunaldiak, UEUk antolatuta. Bertan Dani Larrea EMUNeko zuzendari nagusiak parte hartu zuen mahai-inguru batean Xabier Mendiguren (Kontseilua), Itziar Nogeras (Elhuyar), Karmen Irizar (Topagunea) eta Lore Erriondorekin (UEU) batera. Mahai-inguru hartan gai hau jorratu zuten zehazki: Euskara dugu helburu eta lanabes: Gizarte-eragileen ekarpena.
Ondorengo lerrootan, EMUNek mahai-inguru hartan defenditu zuen jarrera laburtuko dugu. Hasteko, hizkuntza politika taxutzearen ardura ez da gizarte eragileen ardura, EMUNen ustez; hori erakundeen lana izan behar du. Baina, ez edozein erakunderena. Berriki, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak, Azpeitiko Udalak euskararen normalizazioaren inguruan onartutako ordenantza dela eta, hauxe dio bere sententzian: “Euskararen erabilera planifikatzea, garatzea eta sustatzea ez dela udalerrien konpetentziakoa; ezbairik gabe, konpetentzia hori Euskal Autonomia Erkidegoari baitagokio, Konstituzioak eta Autonomia estatutuak erabakitzen duten bezala.” Ondorioz, argi dago konpetentzia ez dela ez udalarena ez beste inorena, erkidegoarena baizik.
Eta gauzak horrela zer dagokigu orduan gizarte eragileoi? Gure lana izango da hizkuntza politika finkatzea dagokion erakundeari ekarpenak egitea, gure ikuspuntuaren berri emanez. Hori egiteko ordea, behar-beharrezkoa eta nahitaezkoa iruditzen zaigu erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlana eta lankidetza. Euskararen normalizazioaren bidean ezin baita alferrik galtzen utzi indarrik txikiena ere.
EMUNen misioan jasota daukagu “gizartean euskal kontzientzia sortu eta euskalduntzen lagundu nahi dugula” eta “lankidetzan sinisten dugula”. Hortaz, hori da gure egitekoa eta beste eragileek ere euren egitekoaren araberako betebeharra izango dute. Inolako zalantzarik gabe, guztion arteko lankidetzak -bai eragileen artekoak nahiz eragileen eta erakundeen artekoak- emaitza ikusgarri eta sendoagoak lortzen lagunduko luke.
EMUNetik saiatzen ari gara lankidetza hori gauzatzen: hasi herri mailan (ARRE, AEBPN…), eskualdean jarraitu (EUSKALAN…) eta nazio mailako erakundeetaraino ere (KONTSEILUA, UEU, SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA…) iritsiz. Eta ez bakarrik euskararen normalizazioarekin erabateko zerikusia duten guneetan parte hartuz eta ekarpenak eginez, baizik eta bestelako izaera dutenekin ere harreman irekia baitugu: Kooperatiben Federazioa, Ezagutzaren Klusterra, EUSKALIT eta abar.
Lankidetzan sinisten dugulako praktikara eraman nahi dugu: horretan ari gara.
Gizarte eragileek leku garrantzitsua izan beharko lukete hizkuntza politikan. Berez, erakundeei dagokie hizkuntza politika arautzea baina hori bi eratara egin daiteke: goitik behera edo behetik gora. Jakina, gu bigarren aukera horren aldekoak gara.Gizarte eragileek rol garrantzitsua jokatu beharko lukete behetik gorako bide horretan euren iritziak, aholkuak, zerbitzuak eta abarrak eskaintzerakoan.
EMUNen ekarpena azken hamar urteotara mugatzen da, aurten ospatuko dugu X. urteurrena. Guk argi dugu EMUN ez zela sortuko Arrasaten eta inguruan, Irakasle Eskolarik izan ez balitz, EUSKALAN izan ez balitz, kooperatibetako euskara batzordeak izan ez balira…
Gauden tokira iristeko guztion ekarpena ezinbestekoa izan da. Lortu duguna lortzeko ezinezkoa izango zen gizarte eragileen esku-hartzerik gabe.
Gaur egungo euskararen egoera duela 25 urtekoarekin alderatzen badugu argi dago aurrera egin dugula. Baina, horrekin batera, beste askok dioen moduan, lortu al dugu, esaterako, lanean, merkataritzan, kulturan, sindikalgintzan, politikan, kirolean, elkarteetan, aisialdian… euskaraz jardutea? Bistan da ez dugula lortu. Zenbait aurrerapauso eman baditugu ere, zalantzarik gabe, arlorik gehienetan gehiago da egiteko dagoena egindakoa baino.
EMUNek, batez ere, arlo sozioekonomikoan dihardu. Duela 25 urte ez zegoen euskara plana zuen enpresa bakar bat ere. Azken 10 urteotan batik bat urrats garrantzitsuak egin ditugu eta gaur egun, esan daiteke, 150 enpresa inguruk dutela euskara plana. Asko dela dirudi ezta? Baina, kopuru hori zer izango da enpresa guztien %1-2a? Hor nonbait. Beraz, aurrera goaz euskararen normalizazioan (irakaskuntzan, hedabideetan…) baina oraindik hutsune nabarmenak ditugu: hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen (Azpeitiko udal ordenantzarekin gertatutakoa esaterako), erabileran asko aurreratu beharra daukagu, arloen arteko desorekak eta zer esanik ez lurraldeen artekoak…


Erantzunak
Erantzunik ez dago.