Martxoaren 16an Hizkuntza sumisioaren oinarri psikologikoak izeneko formazio saioa izan zen Arrasateko Kulturaten. Ferran Suay Valentziako Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea eta TELPen asmatzailea (Taller d’Espai Lingüístic Personal) izan zen hizlaria.
Ostiral horretan, goizez, EMUN kooperatibako 70 langile inguru, Debagoiena bailarako Udaletako euskara teknikari batzuk, Euskalaneko teknikaria eta euskara plana duten zenbait enpresatako koordinatzaileak Arrasateko Kulturatera hurbildu ziren.
Hizkuntza bat baino gehiago dauden lekuetan beti egoten dira hizkuntza gatazkak: hizkuntza bat beti gailentzen dela, udaletxeko lehiatilan ez dakitela euskaraz… Horrelako gatazkak izan zituen hizpide, beti ere ikuspuntu psikologikotik aztertuta: horrek guztiak hizkuntza gutxituko hiztunengan (katalan edo euskaldunengan) zer-nolako eragina duen, nolako ondoeza sortzen duen eta zergatik...

Hizkuntza gatazkak gainditzeko esperientzia sakona dute TELPekoek (Taller d’Espai Lingüístic Personal) eta honen berri eman zuen Ferran Suay Valentziako psikologoak.
Saioan landutako ideia batzuk:
- Ikuspegi psikologikoa ez da beste ikuspegiak baino emankorragoa. Hala ere, ikuspegi horrekin pertsonen jokaerak aldatu daitezke, beraz, maila psikologikoan eragitea oso garrantzitsua da.
- Norberaren jokabidea aldatzeak hizkuntz bazterketarekiko konponbidean asko laguntzen du. Pertsonen jokaera aldaketa horrek, inguruko beste askorengan ere aldaketa eragiten du, beraz, zabaltze efektua sortzen da.
- Denok ikas dezakegu hizkuntza gatazkadun egoerak hobeto bizitzen, eta horrek euskararen erabilera soziala gehitzea ekarriko du.
Valentziar honen ikuspuntua oso interesgarria izan daiteke hizkuntza normalizazioan lan egiten duten eragileentzat.
Katalanaren adibideetatik ikasita euskaldunok asko aurreratu dezakegu. Ea berandu baino lehen LanTaLanetik gaiari heltzen diogun!


Erantzunak
Erantzunik ez dago.