2007ko otsailaren 6a, asteartea

Iruñerriko merkataritza eta elkarteetan euskalduntze planak garatzen ari dira

Atarrabia, Antsoain, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Orkoien, Uharte eta Zizur Nagusiko udalak dira bultzatzaileak, eta "Euskara merkataritzara" eta "Euskara zure esku" kanpainak jarri dituzte martxan.

"Euskara merkataritzara" eta "Euskara zure esku" kanpaina hauetan merkatariek eta elkarteek parte hartzen dute hurrenez hurren, helburua merkataritzan eta elkarteetan euskararen erabilera bultzatzea delarik.

Aspalditik datorren ekimena da hau (Burlatan, adibidez, 1994an hasi ziren), eta 2004az geroztik EMUN kooperatibak hartu du kanpainaren ardura.

Zergatik da garrantzitsua merkataritza eta elkarteak euskalduntzea?

Herritarren aisialdiak, askotan, kontsumoarekin zerikusia du, eta lanetik ateratzerakoan edota eskolatik bueltan dendetara edota tabernetara jotzen dugu maiz. Hori dela eta eremu hau euskalduntzearen garrantzia handia da.

Elkarteekin gauza bera gertatzen da, herritarren aisialdia elkarte ezberdinetara lotua baitago. Haur eta gaztetxoek, adibidez, kirol elkarteetan edota kultur elkarteetan pasa ohi dute denbora.

Zein da lanerako metodologia?

Euskalduntze plana bisiten bidez gauzatzen dute. EMUNeko euskara teknikaria dendaz denda eta elkartez elkarte ibili ohi da. Banan-banan egiten diren bisita horiek planaren ardatza dira, harreman zuzena beharrezkoa delako plana abian jartzeko.

Merkatarien artean dendariak, tabernariak eta jatetxeak dira batez ere bisitatzen dituztenak. Elkarteen artean berriz, mota guztietakoak eta asko bisitatzen dituzte.

Bisitetan merkatarien eta elkartekideen egoera linguistiko erreala jasotzen dute eta ondoren, euskararen erabilera handitzeko urratsak adosten dituzte. Hortik aurrera, urrats horien jarraipena egiten dute.

Merkatari bakoitzak bere egoerari egokitutako plana edo urratsak ditu "Euskara merkataritzara" ekimenaren baitan. "Euskara zure esku" ekimeneko elkarteak ordea, bakoitzaren egoera linguistikoaren arabera taldeka sailkatu dituzte, asko baitira lana behar bezala egiteko. Beraz, taldekako urratsak edo planak definitu dituzte.

Hau guztia aipaturiko Udalen laguntzarekin ari dira egiten, hainbat zerbitzu jarri dituztelarik merkatarien eta elkarteen eskura, erabat doan: itzulpen zerbitzua, aholkularitza zerbitzua, errotulu ereduak…

Merkatarien eta elkarteen ahalegin hori garrantzitsua izaten ari da Iruñerrian euskararen erabilera handitzeko dinamikan. Ea aurrerantzean eragin hori areagotzen den. Aupa eta segi aurrera!

Bidaltzailea: lantalan. 16:30 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun