Horixe da Urola Garaiko merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz egin berri duten kanpainaren leloa. 2007-2008 Gestio Plana onartu dute eta, EMUN KOOP.Eren aholkularitza teknikoaren laguntzarekin, plana aurrera eramateko lehenengo ekintzak martxan daude.

Urola Garaiko merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko plana aurrera doa; diagnostikoaren emaitzen aurkezpenarekin batera 2007-2008 urterako ekintzak aurkeztu ziren abenduan. Lehen 30 merkatariak dagoeneko prest azaldu dira proposatu zaizkien ekintzekin aurrera egiteko eta halaxe agertu zuten aurkezpenean bertan.

Maiatzean hasi ziren teknikariak lehenengo urratsak ematen. Ekintzak finkatu aurretik diagnostikoa egin zuten eta bertako datuak kontuan hartuta 2007-2008rako Gestio Plana diseinatu dute dendariekin kontrastatuz. Datuak inkesten bidez jaso zituzten eta dendariek erantzundakoaren arabera lehentasunak ezarri dituzte. Dendari guztien egoera berdina ez zenez, plana egokitzeko asmoz, maila ezberdinetako ekintzak aurreikusi dituzte.
Diagnostikoko datuen arabera, erabilera orokorra ia %30ekoa da baina adierazleen artean alde nabarmenak daude: irudian eta barne harremanetan erabiltzen da gehien euskara (%37 eta %39) eta gutxien, zerbitzua ematerako garaian eta kanpo harremanetan (%23 eta %18).
Ekintza gehienak, beraz, lehentasuna eman nahi izan zaien lau helburu nagusi hauen harira datoz: zerbitzua ematerakoan ahozko euskararen erabilera handitu; irudian euskararen erabilera handitu, motibazioa landu eta euskararen onurak gizarteratu. Lehen ekintza bezala merkatari taldeak sortu eta erabilera eta motibazioa landuko dituzte, besteak beste irudi eta lelo berrien zabalkundea eginez.
Hasieran, planak, merkataritzan euskara gehiago egitea bultzatzeaz gain, gaiari eskualdeko dimentsioa ematea eta egitasmo parte hartzailea izatea ere bazituen helburu. Urola Garaiko Udal Elkartearen eskutik, herrien arteko indarrak batu eta kohesioa bultzatzea lortu nahi zen.
Honenbestez Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio Itsasora zabaldutako merkatarientzako euskara plana martxan da dagoeneko!


Erantzunak
Erantzunik ez dago.