2010eko martxoaren 16a, asteartea

Hizkuntza asertibitatea eta euskararen normalizazioa (II): Hizkuntza asertibitatea

Ez da ezergatik, baina isiltzen duzun euskara hiltzen duzun euskara da

Bitoriano Gandiaga

Aurreko astean asertibitateari buruzko azalpena ikusi bagenuen, orain asertibitatea hizkuntzaren kasuan nola aplikatu daitekeen eta aplikazio horrek minorizatutako hizkuntza baten normalizazioari egin diezaiokeen ekarpenari buruz arituko gara.

Hizkuntza asertibitatearen definizioa

Hizkuntza baten normalizazioaren ikuspegitik hizkuntza asertibitatea maila indibidualean kokatzen da. Minorizatutako hizkuntza baten hiztun komunitate bat osatzen duten pertsona bakoitzak izan dezakeen komunikazio portaerak eragin dezake hizkuntza horren normalizazioan (edo galbidean). Noski, beste mailek (hizkuntzarena bere osotasunean eta taldekoa) ere paper garrantzitsua izango dute hizkuntzaren normalizazioan, baina hizkuntza asertibitatearen eremutik at gelditzen zaizkigu.

Era honetan, hizkuntza asertibitea honela definituko dugu: komunikazio portaera bat da zeinetan pertsonak bere egiten duen hizkuntzan komunikatzen den, beste pertsonen eskubideak errespetatuz. Pertsona asertiboak ez du men egingo hizkuntzaz aldatzeko beste pertsona batek egin ditzakeen manipulazio saiakeren aurrean, eta berak ere uko egingo dio manipulazio saiakera mota horiek bere mesedetan erabiltzera.

Asertibitatearen kasuan bezala, hizkuntza asertibitatea bi muturreko portaeren arteko bitarteko puntu batean koka dezakegu, ez-asertibiboa den hizkuntza mendekotasun eta erasokorra den hizkuntza erasokortasuna.

Minorizatua dagoen hizkuntza komunitate batek hizkuntza asertibitatea praktikan jartzen duenean, hainbat hizkuntza egoeretan eragitea lortu ahalko da modu eraginkor batean: hizkuntza hori ondo ezagutzen ez dutenengan hobeto ezagutzeko beharra sortuz, hiztunon ezagutza hobetuz hizkuntza funtzio guztietan erabiltzen den neurrian,… Laburbilduz, minorizatua dagoen hizkuntza baten komunitatearentzat bere hizkuntzaren berreskurapenerako tresna erabilgarria da hizkuntza asertibitatea.

Portaera mota ezberdinen ezaugarriak

Asertibitatea maila orokorrean ikusi genuenean pertsonen hiru portaera mota bereiztu genituen bezala(ez-asertiboa, erasokorra eta asertiboa), oraingoan ere hiru mota horiek hartuko ditugu oinarri gure azalpenerako.

Portaera ez-asertiboa edo hizkuntza mendekotasuna

“Oso gertaera behagarria da katalan hiztunak diren pertsonek ohikoa dutela hizkuntza mendekotasuna praktikatzea. Hau da, gaztelaniara aldatzen dute (edo frantsesera ipar Katalunian) hizketakidea ez denean katalan hiztuna, edo baita ere, ez dela suposatzen dutenean. Gaztelaniarekin bateratzeko arau hori sistematikoki aplikatzeak gure hizkuntzaren biziari kaltea dakarkiola esateak ez du argumenturik behar.” (Sanginés eta Suay, 2008: 204)

Aurreko testuan katalan eta Katalunia hitzak euskara eta Euskal Herria hitzengatik ordezkatuko bagenitu, gainontzeko testua aldaketarik gabe utzita, euskal hiztunen diagnostiko egoki baten aurrean aurkituko ginateke. Eta ziurrenik minorizatua dagoen beste hizkuntza batzuetako hiztunei ere aplika diezaiekegu diagnostiko hori hitz berberak erabiliz.

Hizkuntza mendekotasuna minorizatua dagoen hizkuntza baten hiztun komunitateko indibiduoak, arrazoi historiko eta politikoak direla medio, ikasi duten portaera mota bat da. Portaera horretan, pertsonek modu sistematikoan bere egiten duten hizkuntza baztertu eta hizkuntzaz aldatzen dute beste hizkuntzaren presentziaren aurrean.

Kanpo portaera:

  • Bere egiten duen hizkuntzan hitz egiteari utzi eta beste hizkuntzara aldatu
  • Beste pertsonen aurrean zalantzak hizkuntza aukeratzerakoan

Pentsamendu ereduak:

  • Uste dute kortesia edo errespetuzko kontu bat dela hizkuntzaz aldatzea besteak bere egiten duen hizkuntzan hitz egiten ez dienean
  • Ez dit ulertzen beraz hizkuntzaz aldatu behar dut bestela errespetu falta bat izango da
  • Nire hizkuntzan hitz egiteak ez du garrantzirik baizik eta beste pertsona gustura sentitzea
  • Ez du nire hizkuntza ezagutzen duen itxurarik beraz ez diot nire hizkuntzan hitz egingo
  • Nire hizkuntzan hitz egiten badiot haserretu egingo da
  • Nire hizkuntzan hitz egiten badiot ez dit ulertuko
  • Niretzat hizkuntzaz aldatzea esfortzu txikia da, baina beste pertsonarentzat nire hizkuntzan hitz egitea esfortzu handia suposatzen du
  • Beste pertsonaren hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditut, nireak alde batera utzi behar baditut ere

Sentimenduak/emozioak:

  • Deserosotasuna / ezintasuna / erruduntasun sentimenduak / auto-estimu baxua / antsietatea / frustrazioa.

Hizkuntza komunitate bateko hiztunek hizkuntza mendekotasuna praktikatzen badute, portaera horrek hizkuntzaren bizirautea arriskuan jartzen du. Portaera sistematikoki ematen den heinean hizkuntza horren espazio eta funtzioak murriztu egiten dira eta horrek gurpil zoroaren gisa funtzionatzen du, hizkuntza horren espazio linguistikoa gero eta txikiagoa izango baita eta funtzioetan gero eta murriztapen handiagoak jasango baititu, hizkuntzaren normalizazioa galaraziz eta hizkuntzaren iraupena bera ere zalantzan jarriz.

Hizkuntza erasokortasuna

Hizkuntza erasokortasuna honela definitu dezakegu: pertsona batek bere egiten duen hizkuntzan hitz egitea modu erasokor batez eta beste pertsonaren eskubide asertiboak errespetatu gabe. Solaskideak ezertxo ere ulertzen ez duela ohartzen bada, hizkuntzaz aldatu dezake, baina portaera erasokorra erakusten jarraituko du.

Hizkuntza erasokortasuna praktikatzen duten pertsonak bere egiten duten hizkuntzaren aldeko jarrera izan nahi dute, baina ez dituztenez beste pertsonaren eskubideak errespetatzen eta modu erasokor batean jokatzen dutenez, beste pertsonen gaitzespena jasan dezakete.

Kanpo portaera:

  • Bere egiten duen hizkuntzan hitz egin eta mantendu ala besteak ulertzen ez duenean bakarrik aldatzen du hizkuntzaz
  • Ahotsaren tonu altua / oihuak / batzuetan: irain eta mehatxuen erabilera

Pentsamendu ereduak:

  • Nire hizkuntzak bakarrik du garrantzia. Zuk pentsatu eta sentitzen duzunak ez du garrantzirik niretzat
  • Uste du modu horretan jokatzen ez badu bere egiten duen hizkuntzaren kaltetan izango dela

Sentimenduak/emozioak

  • Bere egiten duen hizkuntzaren egoerari buruzko haserrea
  • Bere egiten duen hizkuntzarekiko babesgabetasuna.

Hizkuntza asertibitatea

Hizkuntza asertibitatezko portaera duen pertsonak bere egiten duen hizkuntzan komunikatuko da ahal duen guztietan, bere eskubideak egikarituz eta urratuak izan ez daitezen eskatuz, baina solaskidearen eskubideak urratu gabe. Ez du men egingo solaskidean hizkuntzaz aldatzeko izan ditzakeen manipulazio saiakeren aurrean eta berak ere ez du manipulazioa erabiliko bere mesedetan.

Hizkuntza asertibitatezko portaera praktikatzeak norbera bere hizkuntzan ahalik eta egoera gehienetan hitz egitea suposatzen du, eta solaskideak beste hizkuntza batean hitz egiten badio, berak bere egiten duen hizkuntzan hitz egiten jarraituko du. Solaskidearekin komunikazioa lortzen duen heinean, bere egiten duen hizkuntzan hitz egiten jarraituko du. Hizkuntza horretan hitz egiten jarraitzea komunikazioa ezinezkoa dela egiaztatu duenean, bakarrik orduan pentsatuko du hizkuntza aldatzean, eta hala erabakitzen badu, hizkuntzaz aldatuko du.

Kanpo portaera:

  • Bere egiten duen hizkuntzan hitz egiten du; solaskidearekin komunikazioa guztiz ezinezkoa dela egiaztatzean bakarrik aldatzen du hizkuntzaz horrela egitea erabakitzen badu.
  • Ahots tonu tinkoa eta segurtasunez

Pentsamendu ereduak:

  • Nire hizkuntza garrantzitsua da niretzat, beste hizkuntzak beraien hiztunentzat garrantzitsuak diren bezalaxe
  • Nire hizkuntzan hitz egiterakoan eroso sentitzen naiz

Sentimenduak/emozioak

  • Erosotasun eta konfiantza sentimenduak
  • Auto-estimu ona

Hizkuntza asertibitatezko portaera graduala izan daitekeela kontuan hartu behar da. Pertsonak ez du zertan bere egiten duen hizkuntzan dena edo ezer ez hitz egin behar. Egoeraren arabera portaera mailakatuak aurkitu ditzakegu. Azken batean ez da dena-ezer ez binomioaren menpe dagoen portaera, baizik eta hizkuntza asertibitateranzko bidean mailakatu daitezkeen portaera motak.

Hizkuntza asertibitatezko portaera duten pertsonak ere beste pertsonentzat eredu izan daitezkeela uste dugu. Horrela, behaketa bidezko ikasketaren ondorioz, hizkuntza asertibitatezko portaerak, efikaza eta sozialki ondo ikusita dagoen heinean, eragin biderkatzailea izan dezake ematen den guneetan, hizkuntza asertibitatezko portaerak ez dituztenek ere ikas ditzaketelako.

Hizkuntza asertibitatea erabiltzeko teknikak

Gehiegi ez luzatzeko, atal honetan eztabaidetarako baliagarriak diren hizkuntza asertibitate adibide batzuk emango ditugu, elkarrizketa berean hainbat teknika uztartuz. Teknika hauek entseatu beharra azpimarratu nahi dugu, horretarako rol-playing metodoak erabiliz.

EGOERA: Naroak ohar taulan ohar bat jarri du euskara hutsez.

AITOR: Ohar taulako mezua euskara hutsez jarri duzu! Eta guztiok jakin beharreko informazioa dela iruditzen zait! Beti berdin egiten duzu!

NAROA: Zer esan nahi duzu “berdin” esaterakoan? (OPERAZIONALIZAZIOA).

AITOR: Zer esan nahi dudan? Ba, berdin, modu berean!

NAROA: Beraz, gai berbera esan nahi duzu? Ala letra berberaz ari zara?

AITOR: Beti euskaraz jartzen duzula demontre!

NAROA: Eta zuk nola egingo zenuke? (GALDERA POSITIBOA).

AITOR: Ba gaztelaniaz, jende guztiak ulertzeko.

NAROA: Ondo, beraz zuk ohar bat jartzen duzunean gaztelaniaz jarriko duzu, ados? (KONPROMISO BIDERAGARRIA).

************************

EGOERA: Aitorrek kafe makinan giltza batzuk aurkitu ditu. Horren berri emateko lankide guztiei e-mail bat bidali die euskara hutsez. Giltzen jabea erdalduna da eta beste norbaitek esan dio bere giltzak Aitorrek aurkitu dituela. Erdalduna Aitorrengana joan da horregatik kargu hartzera.

ERDALDUNA: Antza denez giltza batzuk aurkitu dituzu.

AITOR: Bai, zureak dira? Hementxe dituzu.

ERDALDUNA: Aizu, e-mailez bidali duzun mezua euskara hutsez zegoen!

AITOR: Bai hala da.

ERDALDUNA: Ondo irudituko zaizu gainera!

AITOR: Bada, bai. Zergatik ez zait ondo irudituko?

ERDALDUNA: Zergatik? Nik giltzen bila nenbilen eta zuk zenituela jakin gabe bidali duzun mezua gaztelaniaz ez zegoelako! Azkenean lankide batek esan behar izan dit zuk zenituela nire giltzak!

AITOR: Eta nola egingo zenuke zuk? (GALDERA POSITIBOA).

ERDALDUNA: Nola, ba mundu guztiak ulertzeko moduan! Gaztelaniaz noski! Beti gauza bera egiten duzu! Laneko kontuekin ere gauza bera egiten duzu! Ez zaizu axola besteoi zer gertatuko zaigun! Zuk zurera bakarrik joaten zara!

AITOR: Zertan oinarritzen zara esateko ez zidala axola besteoi gertatzen zaiena? (ARGUDIO SOKRATIKOA)

ERDALDUNA: Nik egunero ikusten dudalako!

AITOR: Ez al duzu uste norbaiten giltzak aurkitu ditudala abisatzea besteoi buruz kezkatzea dela ? (EZEZKO GALDERA)

ERDALDUNA: Bai, baina nik beste norbaitek abisatu didalako jakin dut.

AITOR: Zuk zure giltzak berreskuratu dituzu beraz arazoa konponduta dago. Nahi baduzu bihar lasaiago hitz egingo dugu gai horretaz. (GERORAPEN ASERTIBOA).

Bidaltzailea: Juanjo Ruiz, Emuneko teknikaria. 11:03 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun