
Twitter interneteko tresnarik erabilienetako bat bihurtu da, mundu osoko 45 miloi erabiltzailerekin. Arrakasta horrek hainbat aplikazio ekarri ditu, horietako asko enpresa mundukoak. Gida honek enpresei erraztu nahi die bidea, twitter aplikazioari ahalik eta etekin gehiago ateratzeko asmoz.
(Redes sociales blogetik hartu eta itzulitako artikulua da hau.)
Izan ere, Burson-Marstellerek egindako ikerketa batek adierazten du AEBko 100 enpresa handienen artean 54k erabiltzen dutela twitter.
Zergatik horrenbesteko arrakasta?
Twitterren ezaugarri nagusia hauxe da: sinplea dela. Edonork idatzi ditzake 140 karaktere baino gutxiagoko esaldiak, are gehiago laburdurak erabiliz gero, SMStan bezala. Webgunea ere oso erabilerraza da, testu kutxa bat baino ez dauka, hor bertan idazteko. Ez zara interfaz zail bati egokitu behar, beste sare sozial batzuetan gertatzen den bezala.
Bigarrenik, twitterrek erabiltzaileen artean loturak sortzen ditu, emoziozko loturak, ia ia fisikoki elkarrekin egongo balira bezala sentitzera hel daitezke. Beste era batera esanda, Twitterrek elkarri irakurtzen dioten pertsonen koadrilak sortzen ditu, oso hurbil sentitzen direnen koadrilak. Jarraitzaile (followers) eta jarraituen (followed) sistema egoteak elkarrekikotasun hori areagotzen du.
Eta, hirugarrenik, mobilizazioak eragiteko duen indarra ikaragarria da, azken aldi honetan Iranen frogatu den bezala. Twitte zurrumurruak hedatzeko makina bat da, eta horregatik txutxu-mutxurako plataforma ezin hobea da. Ezin da ahaztu komunikazioa pertsonek dugun behar bat dela. Ez da harritzekoa, beraz, Time aldizkariak orain gutxi bere azala honela ireki izana: Zelan aldatuko du Twitterrek bizi dugun mundua? .
Zelan hasi Twitterrekin?
Twitteatzen hasi aurretik, twitterreko webgunean kontua ireki behar da. Funtsezkoa da gure profilean zer jartzen dugun: zer egiten dugun edo gure bizi-proiektua zein den jasoko dugu testu labur batean. Gure orrira kuxkuxeatuko duten guztiek irakurriko dute zer jartzen duen hor, argazkia ikustearekin batera. Enpresek normalean testuaren atzealdean euren logo eta kolore korporatiboak sartzen dituzte.
Behin kontua sortuta, idazten has gaitezke, lagun bila abiatu eta jarraitzaileak irabazten hasi. Eta zeri buruz idatzi? Araua erraza da: besteei interesatuko zaien edozeri buruz. Funtsezkoena diskurtso ildo argia markatzea da. Oso pertsonala izan daiteke (“nire bizitzan egiten dudanari buruz”) edo gai bati buruzkoa (“zer lan egiten dudan”). Mezu pertsonalek oro har arrakasta gehiago izan ohi dute, morboa sortu dezaketenak batez ere, baina horiek ez dira interesgarriak enpresa ikuspegitik. Mezuen kopuruari dagokionez, gomendatzen da egunean gutxienez bi mezu idaztea eta 10 baino gutxiago.
Ondoren erabiltzaileak eta jarraitzaileak erakarri behar dira. Alde batetik, gure Twitterreko orria bisitatzen duen jendea izango da erabiltzailea, irakurritakok erakarrita sentituko direnak, jarraitzaile egiteraino. Horretarako, hainbat teknika daude, harreman publikoen mundutik datozenak denak.
Horietako bat da idazten dugunari ahalik eta bisibilitate handiena ematea. Horretarako, gure tuwitterreko helbidea ahalik eta leku gehienetan jarri, besteak beste gure bisita txartelean (adibidez, Tony Hsieh, Zappos-eko zuzendari orokorra), kamisetetan. Beste teknika batzuk harremanen marketinean oinarritzen dira: jendearekin twitterren bidez hitz egin ondoren lortu behar dugu beraiek birbidaltzea (birtuiteatzea) idatzi duguna. Eta, jakina, ezin da inoiz ahaztu teknika zahar bat: gure ezagunei deitu edo idatzi, jarrai diezaguten eskatzeko.
Nire twitterra pribatua izan daiteke?
Bai. Printzipioz, twitterren idazten duzun guztia edonork irakur dezake. Baina nahiago baduzu, baimendu ditzakezu pertsona batzuk eta horiek bakarrik irakurri ahal izango dute zuk idatzitako. Honek abantaila bat dauka: zuhurtzia. Baina zaila izango da erabiltzaileak lortzea, izan ere bere parte hartzea onartu ondoren bakarrik jakingo dute zer idazten duzun. Dena den, honen bidez sortutako komunitateak indartsuagoak dira, aldez aurretik harremana egon badagoelakoerabiltzaileen artean.
Twitter eta blog baten arteko desberdintasunak?
Oso antzekoak dira biak, baina twitterren artikuluak askoz laburragoak izan behar dute: 140 karaktere gehienez. Horregatik mikroblogintza deitzen zaio twitterri eta honen moduko beste tresna batzuei. Tresna honen sinpletasunak ekarri du askok bloga utzi eta twitter bereganatu izana.
Nire twitterreko kontuan zerbait idatzi nahi dudanean twitterreko webgunera joan behar al dut?
Blogekin duen beste ezberdintasun bat da. Blogetan idazteko bakarrik webgune jakin batetik egin zitekeen. Baina twitterreko kontua twitterreko webgunetik erabili daiteke edo horretarako prestatua dagoen beste edozein aplikaziotik (adibidez Seesmic), betiere aplikazio hori instalatuta baldin badago ordenadorean, nabigatzailean edo zure mugikorrean. Gainera, lehen egunetik Twitterrek erraztu egin zuen mezuak jaso eta argitaratzea telefonotik bidalitako SMSen bidez.
Twitterreko kontu bat baino gehiago eduki al daiteke?
Jakina. Dituzun helbide elektroniko bezainbat kontu izan ditzakezu. Zailtasuna egon daiteke denak batera erabiltzean. Web bidez eginez gero, kontutik atera beharko zinateke eta berriro sartu, kontu ezberdinak erabiltzeko. Zorionez, badaude tresnak hainbat kontu erabiltzeko interfaz beretik (adibidez, Twitterfox).
Irakurri behar al dut jarraitzen ditudan pertsonek idazten duten guztia?
Jakina ezetz, ia inork ez du hori egiten. Batez ere, 100 jarraitzailetik gora badituzu. Ez zara informazioaren gaindosiarekin estresatu behar. Bakoitzak ahal duenean ahal duena irakurtzen du. Ezagunak esandakoen jarraipen puntuala egitea da kontua.
Enpresek ala pertsonek tuiteatzen dute?
Egokiena pertsonek tuiteatzea da , baina hainbat pertsona ordekzatzen duen enpresa batek ere egin dezake. Hori bai, bere mezuak interesgarriak izateko formula egokia topatu beharko du, norberaren elementuak sartu barik.
Zertarako erabil daiteke Twitter enpresa batean?
Hauek dira erabilera arruntenak:
- Harreman publikoetarako, alegia, enpresaren mezuak ahalik eta gehien zabaltzeko. Normalean prentsa oharrak izaten (140 karakterera egokituak). Era berean, propaganda hutsa ekidin behar da, bestela jarraitzaileen arbuioa sor dezake. Burson_Marsteller ikerketaren arabera (goian aipatu da), AEBtako enpresa handien %94k erabiltzen du Twitter berriak eta antzekoak plazaratzeko, %67k bezeroari arreta emateko eta %57k eskaintza bereziak plazaratzeko. Enpresek normalean Twitterren bidez ahots gizatiar eta informalagoa eman nahi dute. Horrela, mezu korporatiboak sinesgarriagoak dira eta ikusgarritasun gehiago lortzen dute. Epe luzean honek bezeroen leialtasunean eragiten du. Lanari buruz tuiteatzen duen profesionalaren kasuan, bere gaian erreferentea izatea lortuko du.
- Bezeroari arreta emateko. Puri-purian dago aukera hau. Izan ere, kontsumitzaile askok twitter erabiltzen dute erosten duten produktu edo zerbitzuekin arazoak dituztenean. Enpresentzat oso garrantzitsua da kexa horiei konponbidea ematea eta erabiltzaileekiko hurbiltasuna adieraztea. Twitter, programa batekin egokitu ondoren (adibidez CoTweet), bezeroekin harremanak kudeatzeko softwarea bihur daiteke. Honekin lotuta, gero eta gehiago erabiltzen da Twitter “giroa antzemateko” eta jendeak marka edo produktu baten gainean zer dioen jakiteko. Horretarako, nahikoa da Twitterren bilaketa azkarra egitea eta produktu edo marka horri buruz zer esaten den jakitea. Bide honek ez du zertan bezeroari eskaintzen zaion arretarekin zerikusirik izan; erabili daiteke enpresa baten negoziorako. Erabilera hau besteak beste hauek erabiltzen dute: zenbait aerolineak, Bestbuy denda-kateak, Ford edo Bank of America
- Merkataritza elektronikoa bideratzeko. Dell enpresaren kasuan asko zabaldu da. Informatika enpresa honek urte batean miloi-dolar baino gehiago fakturatu du Twitter bidez zabaltzen dituen eskaintzei esker. Dena den, Twitterren potentziala merkataritza elektronikorako itzela da. Ezin da ahaztu erabiltzaile askok Twiterren bidez aholkuak eskatzen dituztela erosi nahi dituzten produktu edo zerbitzuei buruz. Ez da beraz ideia txarra izango informazio hau erabiltzea online dendei sarbidea errazteko. Gaur egun badago sistema bat zerbait erosten den bakoitzean Twitter erabiltzeko; eta beste bat eskaintza mota guztiak jarraitzeko.
- Barne ekoizpena handitzeko. Erakunde askotan komunikazio arazoek nahasmenak eta atzerapenak eragiten dituzte eta, ondorioz, gastu gehigarriak. Twitter edo Yammer (erakundeen barne erabilerarako bertsioa) bezalako tresnak erabiltzea oso onuragarria izan daiteke. Enpresako kide guztiek jakin dezakete denbora berean zer egiten ari diren besteek, egunero gerta daitezkeen hainbat nahasmen saihestuz. Yammer erabiltzen duten enpresen artean nabarmendu behar dira Telefónica I+D edo Red.es.
- Ordainketak egiteko. Twitter bidez ordainketak kudeatzen dituzten zenbait enpresa sortu dira (Twitpay, Tipjoy edo Twippr). Enpresa hauek jasotzen dute ordainketaren zati bat, ordainketaren komisio gisa. Paypal-ek ere (eBayrena den ordainketa sistema) interesa du Twitterren erabilera honen gainean.
Beste zer gauzetarako erabiltzen da Twitter?
Komunikabideek bidaltzen duten informazioa da erabilerarik arruntenetako bat. Twitter, jende askori informazioa azkar zabaltzeko sistema da. Ikerketek adierazten dute erabiltzaileen %10k Twitterreko mezuen %90 sortzen dutela, beste sare sozialetan horrela ez denean. Zergatik ote? Robot asko dago informazioa bidaltzen automatikoki.
Beste erabilera interesgarri bat da larrialdiak kudeatzeko. Mumbaiko atentatuen ondoren, Twitter erabili izan zen biktimen senide eta lagunei informazio zuzena helarazteko. Bilbon ETAk orain gutxi egindako atentatuaren ondoren, autoaren argazkia Twitter bidez zabaldu zen azkar asko eta gainera bi komunikabidek baimenik gabe argazkia erabili zuten .
Azkenik, aipatu egin behar da Twitter ere asko erabiltzen ari dela aktibismo politikorako. Iran edo Moldavian asko erabili da mobilizazio tresna gisa. Txinan ere Twitter erabiltzen ari ziren gobernuaren kontra egiteko;gobernuak blokeatu egin du Twitter herrialde osoan. Baina hori bai: boteretsuenek ere erabili dezakete Twitter eurek egiten dituztenak estaltzeko, edo gertatzen ari dena manipulatzeko.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.