Hizkuntza normalkuntza lanetan gabiltzanok ere lantegietako komunikazio planak garatzerakoan internetek eskaintzen dituen bideak urratzeak berebiziko garrantzia du.
Hona hemen 7 aholku interneten blog bat sortu edo webgunea blog bat sartuz berritu nahi denerako.

- Helburuak ondo zehaztu. Ez da arinki hartu beharreko erabakia. Bloga komunikazio ekintza bat da eta helburu batzuk behar ditu: gure bezeroen erreferente bihurtu nahi al dugu? Hurbileko komunikazioa lortu nahi al dugu? Langileen arteko harreman bide berria izatea nahi al dugu, aurretik ezagutzen ez diren langileak ezagutu daitezen? Ezinezkoa da helburu guztiei erantzun ahal izatea. Ezinbestekoa da bloga zertarako nahi dugun ondo mugatzea, zehaztea. Beharbada baten ordez dozena erdi behar ditugu helburu guztiei erantzun ahal izateko. Edo, agian, ez daukagu oso argi zer lortu nahi dugun.
- Norentzat ari zaren argitu. Mundu guztiarengana ezin zara iritsi. Helburua argi baduzu, hartzailea nor den ere zehaztu ahal izango duzu. Hartzaile horri zer interesatzen zaio? Zer nolako informazioa jaso beharko luke blogak bezero hori harpidetu dadin? Hartzailea nor den finkatzeak intereseko gaiak zehazten lagunduko dizu. Irakurle izango dituzu baldin eta balio erantsia eskaintzen duen blogak beraien intereseko gaietan.
- Bilatu zure komunitatea. Seguruenik hartzaile horiengan iristen diren beste komunikazio iturriak aurkitu ditzakezu sarean; horiekin zubiak eraiki behar ditugu, zure blogean estekak erantsi, zure berri eman iezaiezu, harremanetan jar zaitez beraiekin.
- Beste blogak irakurri itzazu eta blogosferan parte hartu. Nahiz eta zure helburuekin, komunitatearekin edo blog motarekin zuzeneko harremanik ez izan, zure inguruko blogariek esperientzia dute lan hauetan. Seguruenik ideiak emango dizkizute sarean erosoago mugitu zaitezen.
- Harpidetza erraza izan dadila. Blogek duten RSS harpidetza-sistema itzela da, zoragarria; baina internauten %90ak ez du ezagutzen. Posta elektronikoaren bidez harpidetzeko aukera eskaini ezazu. Iritziak plazaratzeko ere posta arrunta erabiltzeko bidea erraztu ezazu.
- Besteek idatzi dezaten animatu itzazu. Blogaren kudeaketa zuen esku hartu dezakezue, baina askoz interesgarriagoa izango da zuen lankideen parte hartzea lortzen baduzue; beraiek informazio interesgarria dute esku artean eta askotan informazio hori ez da ezkutukoa, gutxi batzuen artean trukatzen dutena baizik; kolaboratzaile bihurtu itzazu, hasieran enkarguzko artikulu motzen bidez eta gero modu askean parte hartzea erraztuz. Bakoitzaren argazkia iritziaren azpian agertu dadin moldatu ezazu diseinua, modu horretan kudeatzaileez gain, langileen artean osatu eta aberastutako bloga izango da.
- Barne indarguneak probestu. Zure erakundean jende ezagunagoa, prestigioduna egongo da; hilean behin edo tarteka artikulu bat idatziko balu, blogak pisu estrategiko handiagoa hartuko luke. Baina, zer egin behar dugu jende hori inplikatzeko? Beharbada lehendabizi bloga indartzen hasi beharko gara, beste pertsona batzuk inplikatu beharko ditugu.
Modu guztietara, izan garbi helburua eta hau lortzeko bidea.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.