Aspaldi samar eskatu zidan Lantalan blogaren kudeatzaileak artikulu bat idazteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren planari buruz. Orain arte idatzi ez badut lan kontuengatik izan da edo, zergatik ez aitortu?, nagikeria, neke edo alferkeria puntu batengatik.

Joxean Amundarain, Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntz Normalizazio Programetako atal-burua
Aurrera jarraitu aurretik, uste dut argitu behar dela segidan azalduko diren iritziak hau sinatzen duenarenak baino ez direla, ez derrigor Euskara Zuzendaritza Nagusiarenak.
Datozen lerrootan, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laugarren planaren nondik-norakoak azaltzen saiatuko naiz.
1.- Sarrera moduan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak urtarrilaren 27an onartu zuen Aldundiko laugarren normalizazio plana. Plan hori agiri hauek osatzen dute:
. 04/2009 Foru Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan.
. 03/2009 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzen duena.
. 05/2009 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek euskarako ikastaroetara joateko dituzten baldintzen arauak onartzen dituena.
Erabakia, administrazio kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diren hizkuntza baldintzei buruzkoa.
Plana onartu zenean 1780 dotazio (lanpostu) zeuzkan Aldundiko lanpostuen zerrendak, hamar departamentutan eta Diputatu Nagusiaren Kabinetean banatuta.
2.- Parte hartzea eta adostasuna bilatu dira plana onartzeko prozesuan
Normalizazio ataletik Aldundiko gainerako langileen parte hartzea ari gara bultzatzen azken urteotan. Era berean, garbi dugu, gure lana txukun egingo badugu, parte hartze hori handitzeko bideak landu beharko ditugula etorkizunean.
Horretarako hainbat foro antolatu ditugu eta foro horietako hainbat proposamen jaso dira onartutako planean.
Aldi berean, Aldundiko Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren, gainerako departamentuen eta, bereziki, eragile sindikalen adostasuna bilatzeari garrantzi handia eman zitzaion tramitazio prozesuan. Horrek egin beharreko bidea luzatzea ekarri badu ere, planaren onurarako izan delakoan gaude.
3.- Hizkuntza eskakizunen egiaztatze maila handia da Gipuzkoako Foru Aldundian
Azken urteetan hartutako erabakien ondorioz Aldundiaren derrigortasun maila legeak eskatutako gutxienekoa baino dezente altuagoa da. Plangintzaldi honetarako dagokion indizea %61,29koa bada ere, urtarrilean onartutako lanpostuen zerrendako benetako indizea %82,5koa da. Hau da, Aldundiko lanpostu guztiak kontuan hartuta, %82,5ek derrigorrezko hizkuntza eskakizuna du.
Zenbaitetan, ordea, halako datuek bestelako errealitate bat ezkuta dezakete langileen benetako hizkuntza mailari dagokionean. Gurean, Aldundiko plantila guztia kontutan hartuta, langileen %27,3 egiaztatua du 2. hizkuntza eskakizuna (HE aurrerantzean), %30,7k 3.HE eta %9,5ek 4.HE.
Hizkuntza eskakizunek euskara maila jakin bat bermatzen ote duten eztabaida alde batera utzita, gure irudipena da Aldundian badagoela masa kritiko sendo bat euskararen erabileran urrats nabarmen bat egiteko aurrera.
4.- Langileen etengabeko prestakuntzan eragitea funtsezkoa da
Azken urteotan ahalegin berezia egin dugu Aldundiko Prestakuntza Plan orokorrean euskarazko prestakuntza ekintzak eskaini eta gauzatu daitezen.
Hainbat arrazoi daude horretarako:
. Europa mailan egindako hainbat ikerketak erakusten dute harremanetan daudela langileek laneko prestakuntza zein hizkuntzatan jasotzen duten eta, ondoren, langiroan zein hizkuntza erabiltzen duten. François Grinek baditu argitaratuak gai horri buruzko hainbat artikulu.
. Gipuzkoako Foru Aldundia 65 lantokitan dago banatua. Lankide asko izenez baino ez ditugu ezagutzen, ikastaro horietan izaten dugu haiekin aurrez aurre egoteko lehen aukera. Denok dakigu lehen harreman horretan erabilitako hizkuntzak markatuko duela lankideen arteko hizkuntza, baita lan hizkuntza ere, etorkizunean. Gure asmoa bada gure lankideek euskaraz egitea lanean, euskarazko langiroan eragitea ezinbestekoa da. Arrazoizkoa ematen du pentsatzeak harreman horiek errazago finkatuko direla euskaraz euskarazko ikastaroetan gaztelerazkoetan baino.
. Etorkizun hurbilean, administrazioaren lan hizkuntza ez dute markatuko bakarrik bertako langileek, inguruak ere asko baldintzatuko du euskara gehiago edo gutxiago erabiliko den. Hori dela eta, langile euskaldunen masa kritiko bat bezala, prestatzaile euskaldunen masa kritiko bat beharko dugu; gainerako hizkuntzetakoa bezain jantzia eta trebea. Zaila izango da prestatzaile talde hori sortzea betiko pentsaera, arrazoi, aurreritziekin … jarraitzen badugu.
Nire iritzia da arlo honi ez diogula EAEn behar adinako garrantzia eman pasatako urteetan eta kontu honetan guztiok dugula ardura. Hala ere ez zait iruditzen, gai honi dagokionez, maila berean jarri ditzakegunik Aramako Udala, esaterako, edo gure erkidegoan gai honi buruz ardurak dituzten erakundeak.
Ideia hau Bilbon, 2009ko urtarrilean ospatu ziren Erabilera Planak Herri-Administrazioetan izeneko jardunaldietan plazaratu nuen eta badakit estimu handian dudan Jaurlaritzako arduradunen bat mindu egin zela arrazoibide honengatik. Ez dut inolako arazorik esandako zerbait behar bezala adierazi ez banuen barkamena eskatzeko. Hala ere, diagnostikoaren oinarria zuzena delakoan nago.
Itzuli gaitezen Gipuzkoako Plazara. Datorren plangintzaldirako gure iritzia da salto kualitatibo bat eman behar dugula arlo honetan. Horretarako, Diputatuen Kontseiluak onartu du, derrigorrezko lanpostu batean lanean dihardutelarik, hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten langileek euskaraz jaso beharko dutela laneko prestakuntza.
5.- Sustatu egin nahi dugu euskarazko demanda
Jakina, gipuzkoarrek iritzi desberdinak izango dituzte euskararen gaiaren inguruan “ad intra” eta “ad extra” Gipuzkoako Foru Aldundia edo Euskara Zuzendaritza egiten ari den lanari buruz.
Aldundiaren bilakaera barrutik ezagutu dugunok irudipena dugu, berriz, urrats oso garrantzitsuak eman direla euskara zerbitzu hizkuntza nahiz lan hizkuntza gisa erabiltzeari begira eta, hainbat arlotan, tarte handi samarra dagoela Aldundiko langileen euskara maila eta erabilerarako joeren eta, gizarte zibilean, sektore horretan diharduten pertsona fisiko zein juridikoen demandaren artean.
Beste hitz batzuetan esateko, handitu egin behar dugu euskararen demanda orain arte emandako urratsak errotu eta sendotu daitezen. Hori dela eta, besteak beste, planaren lehen urte honetan departamentu bakoitzak harremanak euskara hutsean izan nahi dituzten herritarren, elkarteen eta administrazioen erroldak egin beharko ditu
Neurri horretaz gain, departamentuei gai honetan jarrera proaktiboa izan dezaten eskatu zaie berariaz. Izan ere, hauxe irakurri ahal izan genion Eguzki Urteagari duela hilabete batzuk Argian:”Datuek erakusten dute eskaintzak eskaera sortzen duela"
6.- Kontratazio politikan sakondu nahi dugu
Ez gara ari langileak kontratatzeko politikaz; baizik eta ondasun, zerbitzu … eta abarren kontratazioaz.
Gure azken datuen arabera, gaur egun kontratuen %62an hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko klausulak jartzen dira Aldundian. Kontuan izanik hainbat hornikuntza kontratutan ez duela zentzu handirik hizkuntza klausulak jartzea, esan dezakegu nahikoa orokortuta dagoela Aldundian kontratuetan halako klausulak sartzea.
Plangintzaldi honetarako hauek dira gure helburuak:
. Hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko klausulak erabat hedatzea kontratu guztietara.
. Departamentu guztiek klausula berak erabiltzea baldintzen orrietan eta kontratuetan.
. Kontratuen baldintzen orrietan berariaz agertzea hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko klausulak ez betetzeak zein ondorio ekarriko dituen.
Gai honek jarraipen berezia izango du, bai urtero Euskara Zuzendaritzak Diputatuen Kontseiluan aurkezten duen txostenean; bai 04/2009 Foru Dekretuaren betetze maila neurtzeko prestatzen ari garen aplikazio informatikoan.
7.- Aplikazio informatikoetan eragin nahi dugu
Seguruenik, arlo gutxitan egongo da alde handiagorik erreferentziazko espezialistek diotenaren eta benetako errealitatearen artean. Badakigu administrazio aurreratuek software librearen aldeko apustua egin dutela eta horrek berak nolako onurak ekar liezazkiokeen euskararen erabilerari.
Zaudete lasai, horrelako gutxi aurkituko dituzue euskal administrazioetan. Oro har jabetzapeko softwarea aurkituko duzue bertan, gazteleraz diseinatua eta, onenean, euskarara (sarritan oso gaizki) itzulita.
Gure errealitatea ez da oso desberdina. Lan handia egin dugu azken urteetan aplikazio informatikoak euskaraz txukun jartzen; orain, baliabide horien euskarazko erabileraren sustapenean egin behar dugu lan. Aldi berean, instalatu behar den pakete estandarra euskaraz dagoenean euskaraz instalatuko zaio langileari.
Ausartagoak izanda, beste batzuen laguntzarekin, iritsi beharko dugu inoiz neurri ausartagoak aztertzera; esaterako, Gipuzkoa Donostia Kutxan egin duten bezala, ordenagailuetako nabigatzaileak euskaraz konfiguratzera. Bide batez, Jaurlaritzako inork pentsatu al du inoiz, bere menpeko ordenagailuetako nabigatzaileak (Lakuakoak, Hezkuntzakoak …) euskaraz konfiguratuz gero, neurri sinple horrek nolako eragina izango lukeen euskarak interneten duen posizionamenduan?
8.- Ebaluaketak egiteko sistema objektibo batera iritsi nahi dugu
Kalitatearen alorrean aski ezaguna da kontzeptu bat esaten duena “neurtzen ez dena ezin dela hobetu”. Ez dut esango erabat ados nagoenik esaldi horrekin; baina bai, askotan, euskararen sustapenaren auzi honetan, kanpoko agenteek, departamentuek gure kasuan, beldur handia diotela neurtuak izateari. Ari gara zerbaitetan. Utzi pakean izaten da beran erantzunik arruntena.
Gure irudipena kontrakoa da. Zehatz jakin behar dugu departamentuak zertan ari diren arlo bakoitzean: departamentuen jarduna hobetzeko, arloetan eragiteko, departamentuen eta lan arloen artean konparaketak egin ahal izateko, hobekuntza neurriak proposatu eta adosteko …
Gure kasuan, orain arte departamentuek beren jardunaren autoebaluaketa bat egin dute urtero azken lau urteotan. Autoebaluaketa bat egiteak baditu bere alde onak; baina, era berean, baditu begi-bistako mugak. Plangintzaldi honetarako gure asmoa da kanpoko ebaluaketa objektibo baterako sistema bat eraikitzea. Hala, departamentuek bi hizkuntza ofizialak nola kudeatzen dituzten eta lanean euskara zenbat erabiltzen duten jakitera iritsi nahi dugu. Hortik aurrera, nork bere arduren arabera hartu beharko ditu egoki deritzon neurriak.
9.- Lana egiteko modu berri bat
Irudipena dut luzetxo jo duela Marijeren enkarguak. Amaitzeko, labur, ezin diegu besteei salto kualitatibo bat eskatu gure aldetik, Normalizazio Atalaz ari naiz, berrikuntzarako eta aldaketarako joera argia azaltzen ez badugu. Horrela, asko dugu ikasteko 2.0 ikuspegitik eta “hacker ethic” deritzan kulturatik. Hala, ikuspegi hauek txertatu nahi ditugu, besteak beste, Normalizazio Atalaren jardueretan:
. Euskara Zuzendaritza Nagusia garatzen ari den Plan
. Estrategikoaren eragile izan behar dugu
. Erabiltzaileen barne eta kanpo sareak aktibatu behar ditugu
. Ideien joan-etorria sustatu behar dugu
. Diszplinartekotasuna bilatu behar dugu lanean
. I+G+B gure lanaren oinarria izan behar dute
. Herri diruarekin sortutako baliabideek herritarren esku jarri behar ditugu; hala, Creative Commons lizentziapekoak dire gure lanak.
Fini. Amaitu da. Aurkeztu dizuedana gure lanaren oinarria baino ez da. Garrantzizkoak diren hainbat kontu utzi ditut bidean, ezinbestean: komunikazioaren garrantzia, zuzendaritzan lantzen ari garen plan estrategikoa, etab. Hala nahi izanez gero aurrerago hitz egin genezake kontu horietaz.



Erantzunak
Erantzunik ez dago.