2009ko apirilaren 2a, osteguna

KORRIKA batzuk arineketan edo antxintxika eta beste batzuk e-KORRIKA

MONDRAGON zentro korporatiboan diharduten langileak kooperatibako Euskara Batzordeak proposatutako ekimenari heldu eta jo ta ke ari dira e-KORRIKAn; martxoaren 26an eta arratsaldeko 15:30ean abiatu zen e-mailez osatuaz joango den mezu katea.

Lankideak egin beharrekoa gauza erraza da: mezu bat idatzi eta zerrendako hurrengoari birbidaltzea, bakoitzari bihotzak dioenari jarraituz idaztea, gura duen bezala, baina mezuz-mezuz osatuko den katearen partaide izatea.

Lankide guztien deiturak alfabeto-ordenan ipini ondoren, 16. Korrikak omendu gura dituenei buruzko aipua hartu eta zerrendako lehen lankideari bidali zion e-maila Euskara Batzordeak.

Harrezkero hor dabil mezua, ordenagailuz ordenagailu, batzuetan azkar, bestetan mantso, baina beti aurrera.

Bada e-KORRIKAri jarraipen zorrotza egiten ari zaion taldea, mezua zein lankideri iritsi zaion jakin bezain laster ohar taulan ondo argi markatzen duena. Badira mezua noiz iritsiko zain daudenak, batzuk urduri gainera. Badira e-mailari gehituko dioten mezua jada prest dutenak. Baita mezua iristen ez zaiela-eta, bere aurrekoarengana kontu eske hurbildu direnak ere. Badira euskaraz jakin ez eta hurbileko lankideri laguntza eskatu diotenak. Badira hemen ere, Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizera helduko den arte, 11 egunez eta gelditu gabe Euskal Herria zeharkatuko duen Korrikak jasoko duen bezalako bultzada beroa euskararen erabilerari emango diotenak.

Bidaltzailea: Jon Zuazabeitia, Mondragon-en Emuneko teknikaria. 12:44 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (1)

Erantzunak

Re: KORRIKA batzuk arineketan edo antxintxika eta beste batzuk e-KORRIKA

Ekimen bikaina iruditzen zait. Ikusgarriak izango dira idatzitako mezuak, non argitaratuko diren badakizue? (argitaratzen badira, noski).

Ideia ona halako ekimena adibidez euskal unibertsitateen artean antolatzea, egingarria iruditzen zait.

Bidaltzailea: Ainhoa Noiz: 2009.04.02 19:25

Re: KORRIKA batzuk arineketan edo antxintxika eta beste batzuk e-KORRIKA

Hurrengoan izan beharko. Guztien parte-hartzea bermatze aldera, lasai asko parte har zezaten, mezuak kooperatiban geratuko zirela jakinarazi genien lankideei; beraz, hurrengoan horrelakorik eginez gero, zure eskaera ekarpen moduan aintzat hartuta seguru asko sarean zabaldu ahal izango dugula mezu-katea. Eskerrik asko Ainhoa.

Bidaltzailea: Jon Zuazabeitia Noiz: 2009.04.06 12:50

Erantzun