2009ko martxoaren 24a, asteartea

Euskaldunek informazioa euskara hutsez jasotzeko ekimena

Fagor Arrasaten informazioa helarazteko bi kanal erabiltzen dira euskaldunek informazioa euskara hutsez jaso dezaten.

Jakina denez enpresak bere langileei hainbat informazio helarazten dio. Zer esanik ez Kooperatiba diren enpresetan, non langileak bazkide ere diren eta enpresari buruzko hainbat informazioa (deialdiak, jakinarazpenak, dokumentuak,…) jasotzen dituzten. Baina bi hizkuntzak (euskara eta gaztelania) ofizialak direnean, nola eman informazio hori hiztun guztien eskubideak errespetatuz eta aldi berean euskararen diglosi egoera gaindituz?

Fagor Arrasaten kezka horiei irtenbide aproposa eman nahian duela urte batzuk egitasmo bat martxan jarri genuen. Enpresaren komunikazioa helarazteko bi kanal erabiltzen hasi ginen, euskara hutsezko kanal bat eta elebiduna izango zen beste kanal bat.

Fagor Arrasaten 500 langile inguruk egiten dute lan Euskal Herrian kokatuta dauden 4 lantegitan (Arrasaten 2, Markinan eta Donostian). Komunikazioak bulegoetan e-mailez eta tailerretan ohar tauletan jartzen dira. Batzuetan nominarekin batera banatzen da oharren bat ere. Horretaz gain langile asko munduan zehar bidai dezente egin behar izaten du eta komunikatzeko posta elektronikoa erabiltzen da sarri.

Komunikazioetarako bi kanalen egitasmoa 2005ean abiatu zen. Fagor Arrasateko Euskara Batzordeak enpresako Kontseilu Errektoreari proposamen bat egin zion enpresak komunikaziorako bi kanal erabili zitzan. Helburua honakoa zen: enpresaren komunikazioetan elebitasuna saihestea eta euskaldunek komunikazioak euskara hutsean irakurtzea. Kontseilu Errektorearen onarpena jaso eta gero egitasmoa gauzatzeko lanetan hasi ginen.

Lehenengo pausoa langile guztien ezagutza jasotzea izan zen. Ondoren posta elektronikoa zuten langileak identifikatu eta bi talde eratu ziren:

• Euskaldunen taldea: bertan euskaraz dakien jendea sartu genuen, alfabetatuak eta alfabetatu gabeak ere bai.

• Erdaldunen taldea: bertan euskaraz ez dakitenak edota gutxi dakitenak sartu genituen.

Horren ostean Fagor Arrasaten posta elektronikoak bidaltzeko dagoen sistema informatikoan aipatutako bi taldeak sortu genituen lantegi bakoitzean. Irudian ikus daiteke lantegi bakoitzeko bi taldeek posta jasotzaileen sistema informatikoan.

Beharrezkoa zen guztia prest izan genuenean jakinarazpen bat bidali genien posta elektronikoa zuten lantegi guztietako langileei, hortik aurrera enpresako organoen jakinarazpen orokorrak bi kanalen bidez egingo zirela esanez. Norbaitek taldez aldatzeko aukera ere eman genuen mezu horretan.

Honela enpresako organoak (Kontseilu Errektore, Zuzendaritza, Negozioetako zuzendaritzak,…) komunikazio orokorrak egiten zituztenean euskaldunen taldeari euskara hutsez bidaltzen zaio eta erdaldunen taldeari euskaraz eta gaztelaniaz. Denborarekin ohitura honi ofizialtasuna eman nahian, kalitate sistemako komunikazioen prozedurara eraman zen eta pisu instituzionala jaso zuen ordura arte ohitura baino ez zenak.

Prozedura berbera erabili izan dugu nominarekin banatu diren oharrekin, posta elektronikoetako bi taldeak oinarri hartuta, posta elektronikoa ez duten beste langileak gehitu eta honela gaur egun enpresa guztiko langileak bi talde horietako batean kokatuta daude. Era honen 300 langile pasatxo euskara hutsean jasotzen dituzte komunikazioak eta 150 inguruk euskaraz eta gaztelaniaz.

Egitasmoaren balorazio moduan aipatu behar da enpresako arduradun eta langileek, oro har, jarrera egokia erakutsi izan dutela , eta prozedura errespetatu izan da kasu gehienetan, nahiz eta prozedura betetzeak lanean hain baliotsua den denboraren zatitxo bat gehiago behar izatea eskatzen zuen. Batzuetan itzulpenen laguntza ere izan dute euskaraz idazteko gaitasuna ez zutenean. Bestalde, euskaldunen taldean alfabetatu gabeko langileak bazeuden baina oso pertsona gutxik eskatu izan du euskaldunen taldetik erdaldunen taldera pasatzea irakurtzerakoan ulermen arazoak zituztela argudiatuta. Horrelako kasuetan, noski, beraien nahia errespetatu izan da.

Beraz, egitasmo hau hiztun guztien eskubideak errespetatzeko eta aldi berean euskararen mesedetan erabili daitekeen praktika egoki bat dela ikusi dugu, beste enpresa eta erakunde batzuetara eraman daitekeena zalantzarik gabe.

Bidaltzailea: Juanjo Ruiz, Fagor Arrasaten Emuneko euskara teknikaria. 12:41 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun