2009ko martxoaren 11, asteazkena

Adimen emozionala: harremanetarako ekarpena

Gipuzkoako Foru Aldundian inteligentzia emozionalari buruzko saioa oso interesgarria egin berri dugu Nerea Redondo adituarekin (Coaching aldaketa eskolako kidea).

Bertan jasotakoa baliagarria da oso pertsonekin hartu-emanean jardun behar den edozein egoeretarako; euskararen erabilera planetan pertsona askorengana hurbildu ohi gara hizkuntza ohituretan aldaketak eman ditzaten eskatuz. Hurbilpen horietarako oso lagungarria zaigu komunikaziorako estrategiak lantzea eta adimen emozionalak horretarako pista oso onak eskaintzen dizkigu.

Ikastaroan kontzeptuak eta teknikak landu genituen:

• izaera eta jarreraren arteko desberdintasuna;

• komunikazio-gurpila eta ekarpen-bokata;

• raporta, intuizioa eta entzuketa.

Izaera vs. jarrera

Behin baino gehiagotan entzun izan dugu: ni lotsatia naiz, eta horregatik ezin dut jendaurrean hitz egin.

Norberak bere burua aurkezteko izaera-ezaugarriak (lotsatia, baldarra, azkarra...) erabiltzen ditu. Ezaugarri horiekin babestu egiten gara, lasaitu eta konfort egoeran sentiarazten. Norberaren mundutxo hori ez dugu aldatu nahi izaten, etiketa horiek lasai, eroso bizitzen laguntzen digute.

Bada! Adi, jarrera bat besterik ez da hori guztia! Eta jarrerak landu eta aldatu daitezke, eta ondorioz, hobetu.

Komunikazio-gurpila

Kanal edo bide desberdinak erabiltzen ditugu komunikaziorako: ahotsa (abiadura eta tonua) keinuak eta edukiak.

Horietako batek komunikazioaren % 55, besteak % 38 eta hirugarrenak %7 eragiten du guregan.

Zein da zure ustez komunikazioan eragin handiena duena, edukia, ahotsa edo keinua ?

Hau da zientifikoki kanal bakoitzak duen eragina:

Asmatu al duzu? Harrigarria da edukiak duen mendekotasuna gorputza eta ahotsaren aurrean.

Ekarpen-bokata

Iritzia eman edo ekarpena egin aurretik, baimena eskatu behar da beti; gerta baitaiteke beste pertsona hori ekarpena entzuteko prest ez egotea.

Ekarpena beti ekintza baten gainean edo jarrera baten gainean egingo da.

Ekarpena ogitarteko batekin konparatu daiteke; beti hiru atal edo zati dituen ogitartekoa:

• goiko ogia: lehenik eta behin gauza on baten berri eman; zerbait konkretua izatea komeni da, erreala, gustatu zaigun zerbait.

• urdaiazpikoa: bigarrenik gaizki egindakoa nola hobetuko genukeen azalduko dugu.

• beheko ogia: hirugarrenik eta aldaketa lortzeko, pertsona motibatzea bilatuko dugu; bere gaitasunak sustatuko ditugu.

Gaizki egindakoa nola hobetu esaterakoan, normalean baina lokailua erabiltzen ohituak gaude eta ez da egokia; agian, beraz, zer iruditzen zaizu bezalakoan hobetsi behar dira. Edo honakoak erabili: arnasa hartu, mingainari kosk egin.

Epaiketak egiten ohituak gaude: epaituak izatera eta epaitzera, eta oztopo bat dira komunikazioan. Epaiketak egiteko, gehienetan, funtsik gabeko aurreiritziez baliatzen gara.

Gure iritzia eman aurretik honako lau galdera egin behar dizkiogu gure buruari:

• zer nahi dut pertsona horrek ikastea?

• nola jakingo dut ikasi duela?

• nola jakingo dut pertsona horrek ekarpena onartu duela?

• Zer emozio-egoera sortu nahi dut pertsona horrengan?

Beraz, gogoan izan, bakoitzak erabaki dezala zein den gustuko duen ogitartekoa!

Adimen teknikak

  1. RAPORT

Raport hitzak berdintzea esan nahi du frantsesez. Komunikazio hartzailearekin berdintzeko ahotsa, edukia, gorputza, arropa eta arnasketa bera erabili genitzake. Baina guztia errespetuz, zolitasunez eta gertutasunez egin behar da; helburua ez da aurrean dagoena imitatzea.

  1. INTUIZIOA

Intuizioa susmoa izan daiteke, baina ez da aurreiritzia. Susmoa aldaketarako edo informazioa jasotzeko erabili genezake. Emozioa bat da eta sentimenduekin lotu genezake: ikusi, entzun eta beste gauzekin sentitzen dena erabiltzen ikasi behar da.

  1. ENTZUKETA

Emozioak entzuteko hiru maila daude:

  1. bakarrizketa: igogailukoa, motza eta edukirik gabekoa, interesik gabekoa.
  2. azalekoa: jarrera entzutearena baldin bada ere, ez da egokia. Besteak esandakotik hitz bat hartu eta gu hizketan hasten gara. Bestela um!, aja!... esaten dugu, baina barruan ari gara pentsatzen benetan esan nahi duena ez dela hori eta guk gurean jarraitzen dugu. Gainera, ez gaude erabat adi bai baitakigu zer den bukaeran esango duena.
  3. sakonekoa: gorputza eta tonua kontuan hartu eta aurreiritziak burutik kendu behar ditugu.

Entzuketa sakonean adi egon behar da, pertsonaren erradiografia egiteko moduan egon behar gara (gorputza, jantziak, sentsazioak).

Galderarik ez egin; burura etortzen zaizkigun galdera ia guztiak gure barrena asetzeko besterik ez dute balio, jakin-mina besterik ez da, horrek ez digu gehienetan arazoa konpontzen lagunduko.

Soluziorik ez eman; askotan hitz egiten utziz gero, hizlariak berak bakarrik bilatzen du soluzioa.

Hiru kanal ditugu entzuketa sakonean:

  • kinestesikoa: sentsazioetan oinarritzen dena.
  • ikusmenezkoa: ikusi ditugun gauzak, aurpegiak, keinuak, sentsazioak… Begietatik sartzen zaigun informazioa.
  • entzumenezkoa: gauzak entzutea eta hitz egitea gustatzen zaigu.

Entzuketa sakona egin ahal izateko bakoitzaren kanala zein den aztertu behar dugu, guztiok hirurak ditugu baina gehienetan bakarra erabiltzen dugu.

Kanala identifikatuta errazago komunikatuko gara, kanal berbera erabiltzen arituko baikara, eta arreta gauza berberei jarriko baitiegu.

Link interesgarriak:

Aprende a respirar

Mi queso

Blogak:

Aixerrotapsiko

Emoziozko-adimena

Adimen emozionala

Bidaltzailea: Izaro Ugalde, Euskararen Normalkuntzako teknikaria Gipuzkoako Foru Aldundian. 10:22 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun