Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara teknikarientzat jardunaldiak antolatu berri ditu, erakunde ezberdinek egindakoen berri jaso da bertan. Jardunaldietan aurkeztutakoak egitarauan bertan zintzilikatu dituzte (ikusi goiko lotura).
Jardunaldi hauetan izan zen Joxean Amundarain Iturriotz, Gipuzkoako Foru Aldundiko normalizazio programetako atalburuak bertan jasotakoaren kronika egin digu.
Erabilera planak herri-administrazioetan: jardunaldien kronika
Jardunaldi hauetara hurbildutakoan, deigarria izan zen oso zenbat jendek hartu zuen parte; berrehun teknikari baino gehiago elkartu baikinen bertan. Aspaldi ez ginen bilduko hainbeste lagun erabilera planen inguruko kontuez hitz egiteko.
Gai zerrenda aztertuta, erabilera planak eta EBPN kudeatzeko Jaurlaritzak osatu duen IRATI aplikazioa ezagutzeko gogoz hurreratu ginen Euskalduna Jauregira. Aurkezpena laburra izan zen ordea eta jakin-minez geratu ginen teknikariok; datozen asteotan izango omen dugu IRATIren berri gehiago. Dena den, Sustatun aurkezpenaren kronika jaso zuten.
Joseba Lozanoren aurkezpena osatzeko, Jose Mari Arakamak langileen azterketa komunikatiboa nola egin behar den erakutsi zigun eta Juan Isasik IVAPek langileen prestakuntza eta trebakuntzarako duen ikuspegia erakutsi zigun.
Beste hiru hitzaldik osatu zuten lehen egun hori: batetik Pilar Bilbaok Garraio eta Herri Lan Saileko erabilera planaren berri eman zigun. **Iņaki Frierak abeze iradokitzaile baten bidez, Legebiltzarreko erabilera planaz hitz egin zigun. Azkenik, Iņigo Fernandez Publis publizitate agentziako kideak, euskararen aldeko brigadista seduzitzaileak** izateko deia egin zigun.
Bigarren egunean Bizkaiko bi esperientzia izan genituen lehenik (Bizkaiko Garraio Partzuergoko eta Abanto-Zierbanako erabilera planak) eta Gipuzkoako beste bi ondoren(Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hernaniko Udala). Esperientziak eta ikuspegiak oso desberdinak izan ziren, errealitate soziolinguistikoari eta erakunde bakoitzaren egoerari dagokien eran.
Kafea eta gero, **Iņaki Gurtubaik** Herrizaingo Sailaren plana zertan den azaldu zuen. Egurra jasotzeko prest gerturatu omen zen; baina entzuleak gustura geratu zirela dirudi, Barne Sailaren administrazioan eta Ertzaintzan dituzten lorpenak eta hutsuneak zintzo asko azaldu ondoren.
Jardunaldiak amaitzeko bestelako bi hitzaldi izan genituen. Aitor Gorostizak administrazioko idatziak berritu eta estandarizatzeko teknikei buruz hitz egin zigun eta, azkenik, Zelai Nikolas eta Oskar Aranak korredakzioari buruzko bideo original bat erakutsi ziguten.
Jardunaldiak ondo antolatuak eta biziak izan dira, inor ez aspertzeko modukoak. Teknikariek parte hartzeko gogoa erakutsi dute hitzaldien ondorengo tarteetan; horregatik mahai inguru bat edo, azalpenez haratago, eztabaida ahalbideratuko zukeen formaturen bat faltan bota dugu. Era berean, gutxienez, Arabako toki administrazioko esperientziaren bat ezagutzeko gogoz geratu gara.
Hizlariek erakutsitako aurkezpenak eskuragai daude dagoeneko. Tiraka blogean, berriz, jardunaldien gaineko eztabaidari ekin diote.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.