
Joxerra Garziaren Jendaurrean hizlari liburuaren harira berak idatzitako artikulu batetik jasotako testua da ondorengoa.
Administrazioan euskaraz IVAP-en aldizkariaren 62 zenbakitik hartutako artikulua da hau.
Jendaurreko jardunean egiten ditugun akatsik ohikoenak jaso ditugu artikulu honen bigarren zatian.
"Komunikazioaren Gizartea" omen da gurea, eta garbi dago aldez behintzat hala dela, komunikatzen ez dakienak jai baitauka gaur egin, edozein dela ere jardun esparrua. Gauzak horrela, kontraesan lazgarri bat ikusten dut nik gurean: idatziz zein ahoz egokiro komunikatzen jakitea gero eta garrantzitsuagoa den arren, ez ote den gu hiztunon komunikazio gaitasuna gero eta eskasagoa.
... Aurrena, liburuan aurkezten dudan sistemaren oinarri nagusiak bistaratuko ditut. Hurrena, berriz, jendaurreko jardunean egin ohi ditugun akatsik ohikoenak aipatuko ditut.
Jendaurrean Hizlari liburuko premisa nagusiak
- Komunikazioa gaitasuna gaitasun bakarra da. Idatzizkotik hasi eta ahozko inprobisazioraino, lurralde bakarra da komunikazioarena. Lurralde horretan, hori bai, hainbat mendi, ibai eta baso dago, eta basoetan zuhaitzak, eta zuhaitzetan adarrak, eta adaskak, eta hostoak... Nolanahi ere, lurralde bakarra da, ekosistema halako bat, eta osotasuna ulertu gabe ez dago ezertxo ere taxus ulertzerik. Alde horretatik, "hizlari" diodanean ez dut esan nahi "jendaurrean ahoz mintzo dena" bakarrik, hitzaren bidez hartzaileengan eragin nahi duen edonor baizik, dela ahoz dela idatziz.
- Komunikatzaile egokia, komunikazio egoerak kudeatzen dakiena da (eta ez pieza ustez bikainak sortzen dakiena). Aldez aurreko ezagutza ta praxia eskatzen ditu, handiak gainera, baina horiek bezain garrantzitsua da aldian aldiko egoeran dakigun horrettik guztitik zer erabili eta zer ez erabakitzen jakitea.
- "Komunikazio egoera", funtsean, zera da: komunikatzaile batek xede-talde jakin batengan xede jakin bat (xede-taldea gogatu, hunkitu, entretenitu, hari zerbait irakatsi...) lortu nahi du, eta horretarako denbora eta baldintza zehatz eta mugatuak ditu. Gainerakoa, lagunekin eta solasean ari garenean, jarioa da.
- Komunikazio egoera jakin batean lortu nahi dugun xedea lortzeko sortzen eta gauzatzen dugun horrixe esaten diot, besterik gabe, "diskurtso". Jarioa berezkoa-edo izan liteke; komunikazio gaitasuna, aldiz, landu litekeen edo landu behar den kontua da, eta, landuz gero, edonor irits daiteke komunikatzaile egoki samarra izatera.
- Milaka komunikazio egoera desberdin dago gaur egun munduan. Hala ere, hiru sailetara errendi litezke egoera horiek guztiak. Hala, bada, diskurtsoak ere hiru motatakoak izan litezke: a)testu hutsezkoak; b)testuaz gain, ahotsa darabiltenak; c)testu eta ahotsaz gain, gorputza, espazioa ta beste darabiltzatenak.
- Edozein dela ere komunikazio egoera, beti dago testu bat oinarrian. Testua, azken batean, esangai dugun hori modu egokian antolatu eta formulatua besterik ez da. Ahozkotasuna ez dago testutik aparte lantzerik.
Jendaurreko jardunean egiten ditugun akatsik ohikoenak
- Xederik gabe jardutea. Eskolan maiz egiten den arren, hauxe da egin litekeen hanka sartzerik larriena. Izan ere, aurrez xedea finkatu gabe ez baitago jakiterik egoki aritu garen edo ez. Senekak esaten zuen bezala, "haize onik ez dago nora joan nahi duen ez dakienarentzat". Hala, bada, xederik finkatu ezean alferrik da gainerako guztia ondo egitea.
- Xede okerra hartzea. Xede guztiak ez dira zilegi. Dugun esukara maila erakustea, esaterako, EGA azterketa egin behar duenarentzat izan liteke egoki, baina hortik kanpo oso gutxitan. Gaiaz zenbat dakigun erakustea ere ez da parte oneko xedea, oposizio batzuetan ez bada behintzat. Hiztunoi axolako zaizkigun xedeak ez dira ez gaian ez hizkuntzaren baitan egoten, "hor kanpoan" baizik.
- Xede-taldea (edo audientzia) aintzat hartu gabe, jardutea, dela gaiaren barne-logikatik dela hizlariaren beraren ikuspegitik. Estetikan ez bezala, komunikazioan xede-taldea da gauza guztien neurria.
- Diskurtsoa eraikitzeko behar ditugun osagaien (argudioen) eskasia. Sarri, gai barruko arduioetara mugatu ohi dugu bilakta, eta hortik ez dator ezer onik. Poeta batek esan zuen bezala, inoiz esan eta idatzi diren zera guzti-guztietan hiru gai baino ez dira agertzen: denbora, maitasuna eta heriotza. Gauzak horrela, nekez izango dugu argudio guztiz originalak erabiltzeko aukera, eta komunikazioaren arrakasta egiten ditugun ustekabeko loturetatik etorriko da, inondik etortzekotan. Horrek, batetik, memoriaren gordailua ahalik ondoren hornituta edukitzea eskatzen du (aldez aurreko lana); bestetik, berriz, gauzek (ideiek, gertaerek...) elkarren artean duten antzekotasun ezkutuari erreparatzeko gaitasuna (analogia, landu beharreko giharra).
- Behar adina osagai bilduta ere, dena zapuztu liteke egituran huts egiten badugu. Diskurtsoa jasotzen duenari osotasun bakar bat jasotzen ari dela iruditzea da helburua. Horrez gain, diskurtsoaren osagaien ordenamenduak berebiziko garrantzia dauka. Gaiari berari dagokion barne-ordenamendu ontologikoa nekez da diskurtsoari komeni zaiona (hots, diskurtsoari eraginkorra izan dadin komeni zaiona). Horretarako, "kalkulu erretorikoa" izendatu dudan mekanismoa (edo jarrera) sistematikoki erabili behar da: egiten dugun urrats bakoitzak gure xede-taldearengan zer eragin duen kalkulatzea, alegia, hori hartzea denetarako irizpidetzat.
- Formulazioa diskurtsoaren apaingarri huts dela uste izatea. Aitzitik, publizitateak argi eta garbi erakusten duen bezala, diskurtsoaren eraginkortasunaren ezinbesteko baldintzak da formulazio egokia. Hauxe da baliabide poetiko-erretorikoen lekua diskurtsogintzaren barruan, baina baliabideak erabiltzen jakitea bezain garrantzitsua da zer non, noiz eta zenbateraino lantzea komeni den kalkulatzen jakitea.
- Ahotsaren alderdi mekanikoak behar bezala ez menderatzea. Ebakera, ozentasuna, lastertasuna, pausa-isiluneak, intonazioa... ahotsaren parametro mekaniko horietako bakoitzean gutxienez hiru erregistro edo maila behar lituzke jendaurreko hizlariak.
- Ahotsaren kudeaketa erretoriko okerra. Ahotsa menderatzeak ez du deus ere ziurtatzen. Horrez gain, aldian aldiko testuan erabili ditugun estrategiak indartzeko moduan kudeatu behar da ahotsa. Bazkalosteko dokumentaletako esatariek argi eta garbi erakusten dute dikzio perfektua eta dikzio egokia ez direla inola ere sinonimoak.
- Gorputzaren eta espazioaren kudeaketa okerra. Alferrik da testu ezinago egokia dikzio ezinago egokian esatea, audientziari bizkarra emanda edo mahai erraldoi baten atzean ezkutatuta egiten badugu hitzaldia, edo begirada audientziari leriokeen balizko laino batean iltzatuta ari bagara hizketan.
Aipatu ditudan azken hiru akatsak ahozko diskurtsoei dagozkie soilik; gainerako guztiak, aldiz, diskurtso orotan begiratu beharrekoak dira. Bestalde, ez dira akats soilak, makro-akatsak baizik: horietako bakoitzak sekulako akats-mordoa eginarazten digu, bata bestearen atzetik.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.