MONDRAGON. Euskara at work eslogantzat hartuta 57 enpresa elkartu ziren azaroaren 5ean, Arantzazuko Gandiaga Topagunean MONDRAGON korporazioak antolatutako mintegian.


Bertan izan ziren Mikel Zabala MONDRAGONeko Gestio Sozialeko zuzendari eta Euskara Batzordeko lehendakaria, Jose Mari Aldekoa Kontseilu Orokorreko lehendakaria eta Mikel Uribetxeberria, Fagor Ederlaneko lehendakaria eta MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorreko eta Euskara Batzordeko kidea.
Mikel Zabalak mintegiaren nondik norakoak azaldu ondoren, Jose Mari Aldekoak hartu zuen hitza. Arantzazuk euskararen mesedetan eginiko lanak gogora ekarriaz batera, euskara planetan diharduten euskara batzordekideak eta bestelako eragileak egiten ari diren lana goraipatu zuen Jose Mari Aldekoak. Bizi dugun krisi aroa ere presente izan zuen eta zentzu horretan esperantzarako mezuak izan zituen lagun. Ez dugu esperantza galdu behar, euskararekin inoiz galdu ez dugun bezala; krisi aroan mugitzen badakigu, kementsuak gara eta aurrera joko dugu, bai euskararekin bai gure kooperatibekin!. Euskararen egoera normalizatu guran eginiko urrats ezberdinak izan zituen gogoan Aldekoak eta bereziki bertaratutako bakoitzak bere lantokia euskaldunagoa izan dadin egiten ari den eguneroko lana, batzuetan eskumarekin, beste batzuetan ezkerrarekin, biekin eman eta biekin hartu beharreko lana. Zentzu horretan Korporazioan egun 62 enpresa euskara planarekin ari direla ekarri zuen gogora.
Korporazioak azken urteotan euskararen alorrean eginiko lanak Mikel Uribetxeberriak azaldu zituen. Besteak beste, Euskara Normalizatzeko Oinarriak eta horien gainean eginiko autoebaluaziotik jasotako datu orokorrak, euskara planak ezartzeko eginiko sustapen lanak eta koordinazioaren eremuari dagozkien zenbait lan. Halaber, Euskara Batzordeak, Mahai Teknikoarekin batera, 2009-2012ko ziklo estrategikorako jaso dituen erronka eta helburu nagusiak ere azaldu zituen Mikelek: Euskara Normalizatzeko Oinarriak kooperatibetan barneratzea, Kooperatibetako euskara planen informazioa trukatzeko aukera bermatzea, Euskara planen kopurua handitzea, Koordinazioa eta sinergia, eta Kooperatibetako eragileak euskara kudeatzeko prestatzea.
Ondoren Publis publizitateko agentziako bezeroarentzako zuzendaria den Iñigo Fernandez Ostolazak Euskara nola saldu lantegian izan zuen mintzagai. Bide bazterrean loreak, asfaltoa zartatuz pixkanaka baina etengabe aritzen den bezala jo zuen hizlariak entzulearen bihotzera. Pazientziaz, baikortasunaz, gure barruko alde femeninoenaz eta maitasunaz jokatzea izan zen bere mezu; brigadista seduzitzaile gisa jokatzea: gure alde onena erakutsiz, umore onaz, esan beharrekoak aldez aurretik ondo pentsatuz, zeharka jokatuz, aurrean daukagunari entzunaz, irudia zainduz, malgutasunez jokatuz…
Publizitate munduko jarraibideak aitzat hartuta, Iñigoren esanetan, hiru hazi erein behar dira loreak asfaltoa zartatzeko duen indarra geureganatzeko: xede-taldea identifikatu, zer nolako etekin eskaini landu eta sinesgarritasun euskarriak erabili.
Kafe atsedenaldiaren tartea aprobetxatuaz, zenbait kooperatiba elkarrizketatu zituzten grabaketa lanetan ziharduten HUHEZIko ikasleek. Mikrofonoa lurraldez lurralde ibili zen eta bertan erantzunak ematen Mapsako Gorka Jaunarena, Eikako Abel Calvo, LKS Ingeniaritzako Iñigo Zabala eta Electra Vitoriako Mikel Zatika. Kanpoan hotza eta euria; barruan kemena eta umorea.
Egitarauari eutsiz, hiru tailer garatu ziren. Hizkuntza portaerak, Nazioartekotzea eta Berrikuntza euskaran.
Portaerari buruzko tailerra EMUNen gidaritzapean garatu zen eta norberaren hizkuntza portaerak aldatzeko gakoak landu ziren. Lana euskaraz egiteko ahaleginean dihardugun hiztunongan ematen diren hainbat portaera aztertu ondoren, horiek zuzentzeko baliabide batzuk eskaini ziren. Tailerrak praktika eta teoria uztartu zituen eta hasteko, lanean ohikoak diren zenbait egoeraren aurrean nola jokatuko genukeen aztertzeko tartea hartu zen: Lankide berrien aurrean nola jokatzen dugu? Zeintzuk dira gure aurreiritzi linguistikoak? Nola eragiten dute gugan? Ohiko portaera ezagutu eta berau gainditzeko baliabide eta aukerak azaldu zituen Imanol Miner EMUNeko kideak eta amaitzeko, zeinahi elkarrizketetan lehen hitzak, edota agurrak, ze garrantzia duen ikusteko parada egon zen, elkarrizketa euskaraz edo gaztelaniaz hasteak, ez baititu ondorio berak. Saio hau EMUN kooperatibak eskaintzen dituen TELP izeneko 10 orduko tailerren erakusgarri laburra izan zen.
Nazioartekotzeari buruzko tailerra hitzaldi formatuan garatu zen. Bertan Amado Alarcón Kataluniako Rovira i Virgiliko unibertsitateko irakasleak Kataluniako egoerari buruzko datu batzuk emateaz batera, bere ikerketen emaitzak azaldu zituen. Bere esanetan Katalunian batez ere gobernutik eta sindikatuetatik bultzatu izan da katalana enpresa munduan. Hizkuntzen kudeaketari helduaz, Amadok eginiko ikerlanen arabera bi enpresa multzo bereiztu daitezke: etnozentrikoak ala geozentrikoak. Etnozentrikoetan enpresaren jatorriak edo nazionalitateak garrantzia dauka eta jatorriaren araberako izaera mantentzen dute: jatorrizko hizkuntza mantentzeko joera dago (adib.: enpresa aleman askoren kasua). Ostera, enpresa geozentrikoak jatorria galdu dute eta transnazionalak dira eta ingelesa erabiltzen dute komunikazio hizkuntza horizontal modura. Enpresen hizkuntza-kudeaketaren gainean ere luze aritu zen Amado, bi estrategia nagusitzen direla defendatuz: bata, gaitasun minimoa maximizatzearen estrategia, adibidez ingelesa ez dute ondo menperatzen, baina, hala ere, ingeles maila erdipurdikoarekin konpontzen dira negozioak egiteko; eta bestea, galera maximoa minimizatzearena; azken horretan, korporazioaren kontrola galtzeko arazoa izaten da beldurrik handiena. Bertan azaldutako datu ugariren artean Stephen Hagen-ek esana ere bertara ekarri zuen: **Language of success, “Think global, speak local” / arrakasta izateko hizkuntza: pentsatu modu globalean eta hitz egin modu lokalean**.
Berrikuntzari buruzko tailerra Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren gidaritzapean garatu zen. Tailerrak abiapuntu moduan honako premisa hau hartu zuen: euskara lantzeko moduak, euskara sentitu eta ikusteko moduak berritu beharrean gaude euskara sustatzeko lanean gabiltzanok. Ideia horri heldu eta arazo jakin bati aurre egiteko ariketa bat landu zen. Saiorako honako arazo hau hautatu zen: lankideak euskara planean inplikatzeko zailtasunak ditugu. Tailerraren helburua izan zen ideia honi buelta ematea, atzekoz aurrera jartzea eta euskara planaren eta euskararen beraren aukerak eta onurak ikusaraztea. Zenbait ideiaren gainean gogoeta egiteko parada ederra.
Eta bukatzeko, oso modu geurean eman zitzaion amaiera mintegiari. Mintegian botatako zenbait iritzi Asier Iriondo EMUNeko kideak bertso bihurtu eta alboan Oier Sarasua Mahai Teknikoko kideak gitarra joaz, bertaratutako guztiok gustura asko astindu genuen eztarria etorkizunari keinu eginez, irribarrez.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.