Euskararen normalkuntza esparruan Gipuzkoako udalekin elkarlana garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamen teknikoa da Udal->ekin. Gaur aurkeztu dute Maria Jesus Aranburu Diputatuak, Estibalitz Alkorta Aldundiko Euskara Zuzendariak eta Ainhoa Elices EMUN Koop.E.ko marketing eta komertzial arloko zuzendariak.

Aipagarria da azken urteotan euskararen erabilera sustatzeko garatzen ari den dinamika. Horren baitan kokatu behar dugu, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen normalizazioan aurrerapausoak eman nahia eta Gipuzkoako udalei laguntza ematearren programa bat antolatu eta gauzatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko zerbitzuarekin jarraitu nahia.
Gipuzkoako Foru Aldundian gaiari eraginkortasunez heltzeko, aipatu aholkularitza eta laguntza teknikoa gauzatzeko EMUN Koop. E.ren zerbitzua kontratatu du. Hori bai, orain arte emandako pausuak kontuan izanda eta Gipuzkoako udaletako errealitate, ezaugarri eta helburuei egokituta.
Aurreko urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Siadeco enpresaren laguntzaz garatutako TEKNIKARI programaren segida da proiektu berri hau, bi urteko proiektua, hain zuzen ere.

EMUNen aldetik, egitasmoari esperientzia eta hurbiltasuna eskainiko diogu, eta ondorioz, ditugun bitarteko eta ezagutza proiektuaren zerbitzura jarriko ditugu: ezagutzaren eta esperientzien elkartrukea, batez ere bideratzen ari garen antzeko proiektuekin eta, horrekin batera, egunerokotasunean zerbitzu egokia eman ahal izateko, egitasmoa bideratzeko talde zein zuzeneko teknikari egokiak jarriko ditugu.
Aro berri honetan, Gipuzkoako udaletako euskara teknikariei laguntzeko programak udal->ekin izango du izena.
PROIEKTUAREN HELBURUAK
Programaren helburu nagusia da euskararen sustapen edo normalkuntza lanetan ari diren udal teknikariei laguntza zehatza ematea, langintza horren alderdi guztietan. Ondokoak dira jorratuko diren lan ildo nagusiak:
- Prestakuntza
- Intranet
- HizBeGia 07 ikerketa lana gizarteratzea
- Ikerketa: Etorkinen hizkuntza integrazioa Gipuzkoan.
Helburu zehatzak berriz, honako hauek dira:
- Udalen eta mankomunitateen euskara zerbitzuei laguntzea, euskara sustatzeko lanen prozesuak hobetzeko.
- EBPNn xedatzen diren jarraibideak betetzen laguntzea udalen eta mankomunitateen euskara zerbitzuei.
- Udalen eta mankomunitateen euskara teknikarien lan prozesuetan nahiz bitartekoen berrikuntzaren ikuspegia txertatzea.
- Ikerketa lan ildo bat sustatzea, Gipuzkoako udalen eta mankomunitateen euskara zerbitzuen lan esparruen gaietan.
PRESTAKUNTZA
Programa honetan garrantzia berezia eman nahi diogu etengabeko prestakuntzari. Datuak informazio erabilgarri bihurtu nahi ditugu. Euskara teknikariek beraien eguneroko lana optimizatzeko informazio asko behar dute, baina ito gabe eta modu txukun eta egituratu batean. Helburua informazio esanguratsua modu sistematikoan jasotzea, lantzea eta barneratzea da. Horretarako, besteak beste, bi bitarteko proposatzen dira: batetik, prestakuntza saioak eta bestetik, praktika komunitateak.
1.Prestakuntza saioak:
Prestakuntza saio presentzialak antolatuko dira. Ez dugu, ordea, saio magistralik bakarrik nahi. Saio bakoitzaren iraupenaren %40 gutxienez, praktikoa izango da. 4 eta 5 orduko prestakuntza saioak izango dira. Euskara teknikariek apunte eta aurkezpenez gain bere eguneroko lanean erabiltzeko moduko informazioa, esperientzia, jasotzea, lantzea, aukeratzea eta barneratzea izango da helburua. Euskara teknikarien arteko iritzi eta esperientzia trukaketa sustatuko da saio guztietan, horretarako mota guztietako parte hartze teknikak erabiliz.
2.Praktika Komunitatea:
Udalen eta mankomunitateen euskara teknikariei prestakuntza saioak eta UETS intranetaren bidez trebakuntza eta informazioa emateaz gain euskara teknikariekin dinamika berritzaileak martxan jarriko dira. Euskara zerbitzuen lan prozesuak hobetu eta teknikarien artean berrikuntzaren kultura hedatzeko helburuei heltzeko formula egokientzat euskara teknikarien praktika komunitatea sortzea dela uste dugu. Horregatik, garapenean izandako esperientziak trukatzea, berrikuntza lan prozesuetan eta bitartekoetan txertatzea eta etorkizunerako ikerketa lerroak identifikatzea ere lortu nahi dugu praktika komunitatearen bidez.
INTRANET
Intranetek pertsona multzoen arteko harreman ereduak aldatu dituzte. Informazio jasotzeko, lantzeko, aztertzeko moduak aldatu dituzte. Eta ziurrenik, pertsona multzoen lan harremanetarako ezinbesteko tresna bihurtu dira. Hainbat aukera ematen dituzte intranetek: informazio hedatzea, feedback-a jasotzea, galderak egitea, ikastaroak kudeatzea, bozketak antolatzea, baliabideak kudeatzea… Testuinguru horretan beraz, UETS intranetari erabateko baliagarritasuna ikusten diogu. Beharrezkoa da, euskara teknikariak gisa honetako bitartekoekin eroso sentitzen hastea. Beharrezkoa da, UETS intraneta baliagarri izatea euren lanerako: teknikarien arteko galderak eta erantzunak kudeatzeko, teknikarien arteko komunikaziorako, ikastaro eta ekitaldien kudeatzeko…
UETS intranetaren bidez informazioa, esperientzia eta praktika onak hedatu eta trukatu nahi ditugu euskara teknikarien artean. Era berean, praktika komunitatearen eta prestakuntza saioen bidez bezalaxe, euskara sustatzeko eta normalizatzeko lan prozesuak hobetzea, EBPNren garapenean izandako esperientziak trukatzea, berrikuntza lan prozesuetan eta bitartekoetan txertatzea eta etorkizunerako ikerketa lerroak identifikatzea ere lortu nahi dugu UETS intranetaren bidez.
HizBeGia 07 IKERKETA LANA GIZARTERATZEA
HizBeGia´07 Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuko Euskara Zuzendaritza Nagusiak kudeatu duen TEKNIKARI programaren barruan egindako ikerketa aplikatua da. Ikerketa hori diseinatzen eta egiten Gipuzkoako Udal batzuetako teknikariez gain Siadeco aholkularitza etxea aritu da.
Ikerketa honen bidez, Gipuzkoako biztanleek hizkuntza desberdinekiko dituzten pertzepzioak eta hizkuntzen arteko bizikidetza maila zenbaterainokoa den lehendabiziko aldiz ezagutu ahal izan ditugu. Bertan jasotako informazioa euskararen normalizazio ahaleginean eta euskararen diskurtsoetan berrikuntzak sartzeko baliagarria izango da.
Ikerketaren azken produktua “HIzBeGia´07 Gipuzkoarren Hizkuntza Pertzepzioen Inkesta Kuantitatiboa 2007” txostena da, eta TEKNIKARI programaren bigarren plangintzaldi honen barruan ikerketa lanen gizarteratzeari dagokionez, txosten honetan jasotzen dena zabaltzea da egin beharreko lanik nagusiena, beti ere lan-ildo berriak urratzeko aukerak sortuz.
IKERKETA: ETORKINEN HIZKUNTZA INTEGRAZIOA GIPUZKOAN
Euskararen normalizazio prozesuan eragina duen gertaeretako bat da etorkinena. Argi dago gertaera horren eragina ez dela bera Gipuzkoako herri guztietan. Baina euskararen normalizazio lanetan ari diren euskara teknikariek, maila ezberdinean bada ere, etorkin hauek euskarara erakartzea, giltzarrietako bat, gakoetako bat izango dela diote eta ondorioz, beraien eragin esparruan etorkinak motibatzeko, etorkinek euskara ikasteko eta erabiltzeko egitasmoak abian jartzen ari dira.
EMUNek ere, etorkinen hizkuntza integrazioa gakoetako bat izango dela pentsatzen du. Eta gainera, hainbat udaletako euskara teknikarien ahotik ere jaso dugu etorkinen hizkuntza integrazioan eragiteko metodologiak eta bitartekoak beharrezkoak direla.
Zentzu horretan, EMUN duela hiru urtetik hona etorkinen gaiari jarraipena egin dio, bateko eta besteko praktikak jasoz eta ikertuz. 2008an gainera, EMUNek bere IGB sistemaren baitako berrikuntzaren arloan barne proiektua abian jarri zuen. Helburua honako hau da: udaletako eta mankomunitateetako euskara teknikariei euren udalerrietako etorkinen hizkuntza integrazioan eragiteko aholkularitza eta laguntza teknikorako zerbitzua garatzea.
Azken finean, etorkinen hizkuntza integrazioa ulertu nahi dugu, ez gara iritzien edo gertakarien mailara mugatuko. Jarrerak, irudikapenak edo alderdi sakonagoetan murgilduko gara: motibazioetan, sinbolismoan, bizipenetan, diskurtsoan.
Gizarte praktika baten zentzua bilatu eta aurkitu nahi dugu ikerketa honen bidez. Gizarte praktika hori etorkinak Gipuzkoako herrietara iristen ari direla eta gehienak gaztelaniaz integratzen direla litzateke.
Kualitatiboki aztertu nahi dugu gaia, fenomenoaren ulermenean sakontzeko asmoz eta gertaera sozial horien gizarte esanahiak aztertuz.


Erantzunak
Erantzunik ez dago.