2008ko urriaren 28a, asteartea

Argi izpi bat motibazioari

Hiztunon osasunak huts egiten digu, gure osotasunak alegia, euskaldunarentzat gauza bera baita. Sintomak begi bistakoak dira: euskalduna erdaldun baten aurrean euskaraz ari denean deseroso sentitzen da, oharkabean bere hizkuntzaren balioa gutxiesten du, eguneroko errealitateari erdaren begietatik begiratzen dio, isildu egiten da, bere burua ezereztatzen du, bizitza bikoitza egiten du, armairuan enpotratuta bizi da, mozorrotuta eta ondorioz aspaldian bere herrian, bigarren mailako herritar izatera kondenatuta dago.

Iturria: Napartheid Egilea: Asisko Urmeneta

Sintoma hauek gehienetan sufrimendu iturri dira eta gure gaitzaren kronifikazio arriskua erakusten dute. Erdaldun asko ere ez dira eroso bizi, beraiek ere badute hiztun gisa zer osatua, neurriz kanpoko erreakzioek hala erakusten digutenez. Eta hala ere, hizkuntza normalizazioaz, beraz euskararen normalizazioaz, hitz egiten jarraitzen dugu. Gaztelera / frantsesaren normalizazioaz hitz bakar bat ere ez.

Euskalgintzan aspaldian darabilgun terminologiak ez digu errealitatea garbi ikusten uzten. Hizkuntza normalizazioaz hitz egiten dugu eta aje, erru eta eraso guztiak, hizkuntza bakarrean kokatzen ditugu etengabe, gugandik kanpo kokatzen dugun euskara izeneko abstrakzio batean: hizkuntza normalizazioa, euskararen normalizazioa, euskarari eraso, hizkuntza inposatuta, demokratikoa, eta gisako esapideak dira horren adibide garbiak.

Hizkuntzak ordea, euskara tarteko, normalak dira, bere lexikoa, morfologia, aditz sistemak, eta abarrekoak dituzte, unibertsitateetan ikasi, landu eta aztertu egiten dira eta akademia ere badaukate, eredu estandarrak zehaztu eta dagozkion erabakiak hartzeko. Berezkoak izan dituzten betiko eremuak eraldatzen eta eremu berriak irabazten dihardute, baliabideetan ere janzten ari dira eta zalantza izpi guztiak saihesteko, hizkuntza egunero egin eta berregiten duen hizkuntza komunitate oso bana daukate, arestian esandako guztiaren euskarri.

Iturria: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/A/AxularGero004.htm

Axularrek XVII. Mendean esana ordea urrun geratzen zaigu, hiztunaz gutxi akordatzen gara eta hiztunon osasun eza berriz, denboran luzatzen ari zaigu; izan ere, begiradak egiten digu kale eta honek guztiak norberaren hizkuntzarenganako motibazioarekin zuzeneko lotura du. Motibazioaz ordea oraindik oso gutxi dakigu, gutxitan dugu presente gure planetan eta iluntasuna nagusi den motibazioaren eremura argi izpi gehiago zuzentzen ez ditugun artean, gisa berean jarraitzera gaude kondenatuta. Natorren izpi bat gehitzera, beraz.

Hiztunaren normalizazioaz hasi behar dugu hitz egiten, euskalduna osasun gabeko hiztuna baita; erdaldunak ere ez du orekatik bizi euskararekiko esperientzia. Ataka zail honetatik ateratzeko hona inguruan ditugun esperientziak: mugimendu feministaren ibilbidea, alkohol-zaleena, beltzen borroka bera eta berrikiago gay, lesbiana eta transek egiten dihardutena. Askapen prozesuak guztiak, bakoitza bere ñabardurekin baina zein baino zein argigarriagoa.

Arestian aipatu mugimenduen esperientzia gurera ekarrita, eginkizunak oso antzekoak izango dira bai euskaldun eta erdaldunarentzat, hori bai, hasiera batean norbanakoaren mailan egin beharreko lanketa izango denez, nori bere liseriketa egitea egokituko zaio; baina horretarako metodorik ez dugu oraindik, azpiegiturak ordea bai: norberaren herriko euskaldunon/euskara elkarteak gune egokiak izan daitezke gisa honetako lanketak abiatzeko, baita lan munduko euskara planak ere. Horra proposatu nahi ditudan pausoak:

  • Hizkuntza bizipenaren gainean hitz egiteko eta mintzakidea entzuteko denbora hartzen hasi behar dugu. Euskaldunok ez ezik, erdaldun askok ere entzunak, ez epaituak, izateko premia handia du eta ez dute horretarako aukerarik sarri izaten.
  • Psikologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, norbanakoaren mailako azterketa metodoak eta baliabideak garatu behar ditugu:

Norberaren hizkuntza ideologia, gogoa, aspirazioak eta abarrekoak hausnartzeko eta optimizatzeko.

Norberaren hizkuntzen ezagutza eta ikasketa prozesuak hausnartzeko eta optimizatzeko.

Norberaren hizkuntza erabilera eta portaerak aztertzeko eta optimizatzeko.

  • Begirada berria geureganatzen goazen neurrian, gure terminologia birbideratu behar dugu, guretzat ez ezik, inguruan ditugunontzat argigarri gerta dadin eta orain arrotz zaizkigun esapideak bere bidea egin dezaten: Hiztun normalizazioa, hizkuntza sumisioa, etab.

Eta hau guztia zertarako? Hiztunak osatzeko, edo bestela esanda, hobeto bizi gaitezen.

Hizkuntzak normalizatzeko bere baitako hiztunak normalizatu behar dira, bata ez baita posible bestea gabe. Hiztun normalak azken batean, hiztun osoak dira, alegia, hiztun osatuak, sendatuak, sanoak, integroak, begirada autozentratua berreskuratu duten hiztunak, hiztun gisa deskolonizatzeko urratsa eman dutenak. Hiztun gisa osatzeak, pertsona gisa osatzea esan nahi du, pertsona gisa haztea, hauxe baita osasun / osotasunerako bidea. Euskaldunak osasunean bizitzeko neurriak hartzen dituen artean, euskara ez da arriskuan egongo. Horretarako egunerokoan gure buruak osatzeko ahalegina berritu behar dugu, ahalik eta ongien bizitzen saiatu behar dugu, gu ongi bizi bagara, euskara ere gisa berean biziko delako.

Bidaltzailea: Imanol Miner Aristizabal, Emuneko teknikaria.. 21:07 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (2)

Erantzunak

Re: Argi izpi bat motibazioari

Gure osasunaren onerako izan behar bada, anima gaitezen orduan. Irten gaitezen aramairutik eta konplexurik gabe, izan gaitezen esukaldun!

Bidaltzailea: Ja2er Perez Noiz: 2008.10.29 10:42

Re: Argi izpi bat motibazioari

Aspaldi irakurri doten euskalgintzako testurik ilusionantiena pentzau jata. Horregatik irakurri orduko nere euskalgintzako ezagunen artian zabaldu dot. Uste dot hiztunen arteko harremanen alderdi psikologikoaren azterketak iraultza txiki bat dakarrela euskalgintzara. Kontseiluak proposatzen daben euskaraz jarduteko urratsa, Euskara Elkartien Topaguniak sentiberatze aldetik landu nahi dittuan esparru eta metodologixa barrixak, EHEren hizkuntz eskubidien inguruko diskurtsua hurbiltasun haundixagoz gizarteratzeko biharra, HPSk erabilera aukeren aprobetxamenduaren inguruan esaten dittuanak... Uste dot oinguan danak bat egin bihar leukiela iraultza hau bultzatzeko goguarekin. Ia halako zeozer gertatzen dan eta behingoz euskalgintza kohesionatu eta ilusionagarri bat jaiotzen dogun! Ah ta mugimendu horrek ze izen eukiko dau? EBAM (Euskaldunen Benetako Askapen Mugimendua), EAM (Euskaldunen Askapen Mugimendua), EHAM (Euskal Hiztunen Askapen Mugimendua)... Bromak aparte lagata, bejondeikela Imanol, nere ustez dianiaren erdixan jo dok!

Bidaltzailea: Egoitz Noiz: 2008.11.11 16:37

Erantzun