2008ko uztailaren 15a, asteartea

Euskaraz eroso eta naturaltasunez mintzatzen ikasteko tailerrak EMUNen eskutik

Zenbatetan gertatu zaizu denda, erakunde edo beste edozein tokitara joan eta euskaraz hitz egiten hasterakoan, beste pertsonak euskararik ez dakiela esan eta deseroso sentitzea? Edo alderantziz, norbaitekin gazteleraz hitz egiten hasi eta euskaraz dakiela ondoren konturatzea? Nola lortu dezakezu egoera horien aurrean eroso sentitu eta naturaltasunez jokatzea? Euskaraz eroso eta naturaltasunez mintzatzen ikasteko tailerrak (TELP–tailerra) ikuspuntu berri bat proposatuz, hobetzeko dituzun aukerak ikusten lagunduko dizu eta horretarako baliabideak emango dizkizu. Egin nahi duzun hori, nola egin erakutsiko dizu, pauso txikiak emanez oso urruti hel zaitezen.

Valentzian abiatutako esperientziak soka luzea ekarri du: lehenik gainerako Herrialde Katalanetan hedatu zen, Euskal Herriraino iritsi da gero. Izan ere, hiztunon bizipenak oso antzekoak dira han eta hemen. Norberaren hizkuntzan jarduteko ahaleginean gertatzen diren gatazkak eta haien koste emozionalak parekatzeko modukoak dira, hizkuntza ordezkatze prozesuak martxan dauden munduko bazter guztietan ere.

EMUNek 2007an barrena Ferran Suay eta Gemma Sanginesekin elkarlanean egindako bideari, urrats berri bat gehitu zaio 2008an, EMUNek berak TELP saioak emateari ekin dionean. Izan ere Valentzian bizi diren Ferran eta Gemmak, batetik, TELParen edukiak euskararen eta euskaldunon errealitatera ekartzeko egokitasunaz ohartuta, eta bestetik, gure herrietan hazten ari den TELP tailerren eskaeraren hazkundeari erantzun ezinda, tailerrak EMUNeko kideok emateko animatu eta gure lankideak trebatzeari ekin zioten.

EMUNek, izan dituen esperientzietan frogatu ahal izan du TELP tailerrak norberaren inguruan euskararen erabilera areagotzeko tresna baliagarria dela, norberaren hizkuntza ohituren kontzientzia hartzera laguntzen baitu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko baliabideak eskaintzen baititu.

Gehienoi eta sarriegi gertatzen zaigu euskaraz egin nahi izatea abiapuntua izan arren, ez dela nahikoa, nola egin, nola hobetu ez baitugu jakiten eta ondorioz sorgin kate batean kateatzen gara euskaldun saiatuenok ere. Egoera hauei aurre egiteko tresna baliagarria da TELPa, norberaren hizkuntza ohituren kontzientzia hartzera laguntzen baitu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko baliabideak eskaintzen baititu. Bakoitzaren esperientziari arreta berezia jarriz, hobetzeko ditugun ohituretan eragina izateko baliabideak eskaintzen dira TELP tailerretan, norberaren hizkuntza ohiturak zuzenduz, ingurukoak gurekiko duten hizkuntza ohiturak euskaldundu ditzakegu eta.

TELPa hizkuntza kontzientzia duten hiztunei zuzenduta dago eta, beraz, gurera ekarrita, euskaraz bizitzeko ahalegina egunero berritzen duten hiztunei eskaintzen diegu. Esparru desberdinetako hiztunentzat da probetxugarria: norbanakoak, irakasleak, administrazioko teknikariak, enpresetako langileak, eta abar, eta, horretarako, egokitzapenak egin eta hartzaile mota desberdinetarako moldatu dugu TELPa. Tailerrotan, hizkuntzen erabileraren hainbat alderdi psikologiaren ikuspegitik azaltzen ditugu, begirada berri bat proposatzen dugu eta jokaera asertiboaren bidez, erabilera esparruak zabaldu eta koste emozionalak murrizteko baliabideak eskaintzen ditugu.

TELP tailerrak azken batean ez dizu ez dakizunik erakutsiko, baina: duzun ezagutza beste modu batera antolatzen erakutsiko dizu, begirada berri bat zeureganatzen lagunduko dizu, zure hobetzeko aukerak ikusteko lagungarri izango zaizu, eta hobekuntza horiek kudeatzeko baliabideak emango dizkizu.

Egin nahi duzun hori, nola egin erakutsiko dizu, pauso txikiak emanez, oso urrutira hel zaitezen.

Bidaltzailea: EMUN, Koop. E.. 21:58 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun